Harriak Desafioa
Apustu berezia jokatuko dute Aian
Zortzi laguneko gizon-proba talde baten aurka neurtuko ditu indarrak Izeta II.a harri-jasotzaileak. Aiarrak ordu erdian 125 kiloko errektangularra erabiliko du, eta irabaztekotan, probalariek 900 kiloko harriarekin egindako marka bikoiztu egin beharko du.
Jon LEUNDA
Apustu berezia izango da datorren larunbat gauean Aiako probalekuan, 22.00etatik aurrera. Bertan, Aitzondo-Oarso gizon-proba taldearen aurka neurtuko da Izeta II.a. Berak 125 kiloko harri errektangularra erabiliko du, eta gizon-proba taldeak 900 kiloko harria erabili beharko du. Bi aldeek ordu erdia izango dute lanerako, eta probalari taldeak egiten dituen plaza kopurua jasoalditan bikoiztu egin beharko du harri-jasotzaileak. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.
Izeta II.a gogotsu dago apustuaren aurrean. Asko jokatu ditu jadanik, eta ederki daki apustu giroa nolakoa den: «Niri beti gustatu izan zaizkit apustuak. Orain 43 urte ditut, eta apur bat jaitsita nago, baina ustez ongi heltzen naiz desafiora», esan zuen aiarrak.
Hala ere, lana luzea da, eta horrek berak kezka batzuk sortzen dizkio: «Lana oso luzea da, azken batean hau maratoi bat bezalakoa da, eta ez dakizu gorputzak nola erantzungo dizun, hutsik egingo dizun edo ez. Niri kezkarik gehien azkeneko bost minutuek ematen didate. Tarte horretara ongi helduz gero, jasoaldi dezente egiten dira, baina doi-doi helduz gero, eta gelditzen hasiz gero, asko uzten dira», dio Joxeramonek.
Izan ere, honelako saio luzeetan, lanari tamaina hartzea garrantzitsua izaten dela onartzen du. «Hemen derrigorrezkoa da tamaina ongi hartzea, nahiz eta beti ez den erraza izaten. Lehen ordu laurdenera nahiko fresko heldu behar da, hori lortuz gero, ez litzake batere berri txarra», dio aiarrak.
Bere ilusioa irabaztea da, baina hori lortu ezean lan on bat egitearekin konformatuko litzateke: «Apustua egiten duzunean irabazi nahi izaten da, baina badakizu bietakoren batek galdu behar duela, beraz aukera hori badagoela garbi izan behar da. Irabaziko ez banu lan on bat egin nahiko nuke. 43 urterekin ordu erdiko lana handia da, eta marka on bat uztearekin konformatuko nintzateke», onartzen du gipuzkoarrak.
Bera trebeetan trebea izan da eta da harri kubikoarekin, baina errektangularrarekin ere primeran moldatzen dela esaten du: «Harririk zailena kubikoa da, baina harri horrekin ongi moldatuta, errektangularrarekin ere ongi moldatzen zara, eta ni ongi konpontzen naiz harri horrekin ere», dio.
Beste aldean, zortzikote bat izango da, eta horien artean Garikoitz Etxeberria agertzen da. «Segalariei belarra biltzen aritzen ginen jendea gara. Iaz Ibarraren aurka apustu bat egin genuen, eta orain Izeta gisa honetako desafio bat jokatuko lukeelakoan zebilen, eta guk batzar bat egin genuenean aurrera egin genuen, deia luzatu, eta berak erantzun zuen, eta ados jarri eta dena prest daukagu», dio Etxeberriak.
Taldeak 680 kiloan sartu beharko du, eta hori gaindituz gero, kilo eta erdiko gainkarga eraman beharko dute kiloko. Horregatik beharrezkoa omen dute pisuan sartzea: «Pisuan sartzea derrigorrezkoa daukagu, bestela pisu handiagoa eraman beharko baitugu. Datorren urterako gizon-probako txapelketak antolatu nahi dira, eta araudian taldea 680 kiloan sartu behar dela diote, eta guk hori errespetatu nahi izan dugu», esan zuen Garikoitzek.
Prestakuntza aldetik soberarik gabe heltzen direla onartu zuen: «Apustua orain dela bi hilabete egin genuen, eta hortxe saiatu gara, aurretik nahikoa utzita baikenbiltzan. Hala ere, ustez nahiko ongi heltzen garela uste dugu». Giroak, berriz, ez ditu kezkatzen, nahiz eta hezetasunak plaza zailagoa jar dezaken: «Alde batetik, freskoa nahi dugu, barruan beroa ez baita ona. Egia da azken egun hauetan euria ari duela, baina probalekua itxita dago, eta ez dut uste horrek eragin handirik egingo digunik», esaten du.
Taldean alde guztietako jendea dute. Oiartzungoak, Errezilgoak, Amasakoak, Zizurkilgoak, leku ezberdinetakoak dira, baina denak ongi konpontzen dira, eta entrenatzeko ere ez dute arazorik, Aian eta Usurbilen entrenatzen baitira.
Pello Uxarbe dute entrenatzailea, eta larunbatean apustua irabazi eta lan on bat egitea dute helburutzat jarrita. Lanean lehenengo hasiko dira, eta erreferentzirik ez dute izango.
Norgehiagoka etzi gauean, 22.00etatik aurrera, jokatuko da Aiako probalekuan, eta sekulako ikusmina dago, orain arte ez baita gisa honetako desafiorik jokatu. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.
Ikusmin handia dago larunbatean Aian jokatuko den desafioa dela-eta. Jendea ari da dirua jokatzen eta une honetan Izetaren aldeko joera dauka. Adituen ustez, 150 jasoaldi emango omen ditu Aiako harri-jasotzaile handiak.
«Jendeak gauzak erraz ikusten ditu. Niri jasoaldi kopuru hori sekulakoa iruditzen zait. Dena dela zaila da esatea zenbatetan ibil naitekeen. Ordu erdikoa lan luzea da, eta gorputzak erantzun egin behar dizu», esan zuen Joxeramonek.
Gizon-probako taldeak, badaezpada ere, erreferentzi hori kontuan hartu du, eta harri-jasotzaileari lan hori jarri nahi diote probalariek: «Jendeak 150 jasoaldiren bueltan ibiliko dela diote, eta sekulako marka iruditzen zaigun arren, oso kontuan hartu beharko da, eta guk badaezpada ere, 75 plazatan jarri behar dugu gure marka», esan zuen Garikoitz Etxeberriak.
Izetak dirua alde dauka, baina horrek ez dio kezkarik sortzen: «Jendeak dirua nahi duenaren alde jokatzeko eskubidea dauka. Horrek, ordea, ez du apustua irabazten. Nik ezin dut horrekin pentsatu, nik neure lana egitera joan behar dut, eta aurrez aipatu bezala, irabazten ez badut ere, besteak hobeak izan direlako izan dadila», onartu zuen.
Probalariei ere ez die kezkarik sortzen dirua noren alde dagoen kontuak: «Jendea Izetaren alde ari da jokatzen, baina horrek ez du esan nahi geuk galduko dugunik. Guk geure lana egin behar dugu, elkarrekin ongi uztartu, eta Izetari gauzak oso zail jarri behar dizkiogu». J.L.