GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Orria pasa

Aste honetan barkamena eskatu dute Ingalaterrako Parlamentuan orain 38 urte gertatu zen sarraskiagatik. David Cameronek esan du «bidegabea eta ezin justifikatuzkoa» izan zela 1972an Armada britainiarrak Derryn 14 pertsona erailtzea eta dozenaka zauritzea.

Hirurogei urte hartu zituen Alemaniako Gobernuak barkamena eskatzeko Gernikako herriari. Azkenean, 1997an Hening Wegener enbaxadore alemanak Gernikan irakurri zuen Roman Herzog presidentearen gutuna, bonbardaketatik bizirik atera ziren 150 pertsonen aurrean. Gutunean zioen «hegazkin alemanen errua» izan zela.

Bigarren Gerra amaitu eta 60 urtera, Koizumi Japoniako lehen ministroak barkamena eskatu zuen 75.500 pertsonaren aurrean gerra garaian eragindako «oinaze handi eta sufrimenduagatik». Eta 2007an Japoniak berak berriz eskatu zien barkamena esklabotza sexuala pairatu zuten emakume korearrei, gerra amaitu eta 62 urtera.

Egunotan, ordea, Arantza Quirogak eta Mari Mar Blancok (PP), eta Oscar Rodriguezek (PSOE) ez dute inolako beharrizanik ikusi barkamena eskatzeko kolpe militarraren zioaz heriotza eta bazterketa pairatu duten pertsonei. Mendeku nahia dela diote, ahaztu beharreko istorio zaharrak.

Egiatan istorio zaharrak badira, idatz ditzagun historia liburuetan eta pasatu dezagun orria. Baina, gauzak zer diren, ematen du orria ezin dela pasatu oraindik idatzi gabe dagoelako. Ikasarazi ziguten historia jausi egin da, egiaren indarraz. Zuzen zegoen aita behartu gintuenean orria liburutik erauzteko, mila zatitan apurtzeko eta mojari eramateko. Berak bazekien hori ez zela Historia. Egiazko Historia lurpetik ateratzen ari gara egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo