GARA > Idatzia > Euskal Herria

Egungo egoerak AHTren egitasmoa ahuldu duela esan du CADEk

Idoia ERASO |

CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboko ordezkariek egungo egoeraren azterketa egin, eta AHTren egitasmoa ahulduta dagoela ondorioztatu dute. Marie-Line Meaux bitartekariaren lana eta krisia dira azterketa horretan datu aipagarriak. Aldi berean, abiadura handiko trenaren bide berriaren kontrako borroka eramaten duen kolektiboak garai berri batean sartu dela ere eman zuen jakitera.

«Gaur egungo egoerak gure kritikak balioztatzen ditu eta egitasmoa ahultzen du», adierazi zuen Victor Pachonek, CADE kolektiboko bozeramaileak. Baieztapen hori egiteko egungo testuinguruaren azterketa egin zuen. Alde batetik, Marie-Line Meaux bitartekariaren lana aipatu zuen. Izan ere bitartekariak egin azterlanak agerian utzi ditu egitasmoak dituen zenbait arazo eta kontraesan.

Bestelako arrazoiak ere gehitu zituen CADEk. Zama garraioaren beherakadak egitasmoaren arrazoi nagusia zalantzan jarri du Ipar Euskal Herrian. Krisi ekonomikoak ere eragin nabarmena izan du proiektuan. Honi loturik bereziki Bidasoaren hegoaldean izan den aldaketa aipatu zuen, izan ere, AHTren zenbait tarteren eraikuntza zalantzan dago gaur egun.

Martxa nazionala

AHT gelditu! Elkarlanak, ekainaren 19rako manifestazio nazionala iragarri du, Bilbon egitekoa. «AHTren hipotekak itotzen gaitu!» lelopean, 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik. ELA sindikatuak bat egin du deialdiarekin, egitasmoa «onartezina» dela esanez.

AHTren lanetarako aurrekontu publikoaren kontura egiten duten diru xahuketa, eta hortaz herritarrei ezarriko dieten «hipoteka larria» salatzeko antolatu du martxa Elkarlanak. Deialdia egiteko aintzat hartu ditu, halaber, azpiegitura erraldoiaren egitasmoak kalte ekologiko, ekonomiko eta sozialak eragingo dituela, eta gizartean harekiko aurkakotasuna nabarmena dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo