GARA > Idatzia > Ekonomia

ELA eta LAB pozik daude eraikuntzako grebak izan duen erantzun zabalarekin

GARA

Gipuzkoako eraikuntza sektoreko langileen gehiengo zabalak atzoko grebarekin bat egin zuela baieztatu zuten ELAk eta LABek. Atzokoa bi sindikatuok deitutako lehen greba eguna izan zen, izan ere, greba mugagabea deitu dute eta, astero, asteazkenetik igandera greba egingo dute Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena berritzeko negoziazio prozesua desblokeatze aldera.

Amenabar, Altuna y Uria, Galdiano, Moyua eta beste hainbat enpresa garrantzitsutan greba arrakastatsua izan zela baieztatu zuten, baita hainbat obra handitan ere, hala nola Donostiako bigarren ingurabidean, San Telmo museoan, Unibertsitatean, Irungo parkingean, Morlans auzoko etxebizitzetan, Lasarten eta Loiolako Erriberan nahiz AHTko tuneletan. Adegik, berriz, protestak jarraipen eskasa izan zuela adierazi zuen.

ELAk eta LABek eraikuntzan dagoen egoera kezkagarria onar dezan exijitu zioten Adegiri, hitzarmena ez dela betetzen baitiote. Otsailaz geroztik, negoziazio mahaian duen jarrera «arduragabea» aldatzeko ere eskatu zioten, denen artean egungo hitzarmeneko edukiak hobetzea lor dadin eta, batez ere, berau aplika dadin ziurtatuz. Funtsean, «pertsonen esplotazioa, enpresa-pirateria nahiz bidegabeko lehia» deuseztatuko dituen hitzarmen baten aldeko jarrera hartzeko eskatu zieten Gipuzkoako enpresei. Langileei «duintasunez lan egiteko» hitzarmenaren alde borrokan jarraitzera dei egin zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo