GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Klasikoen irakurraldia

Jon Miranderen 400 haur besoetako, Arriaga antzokian

Goizeko zortzietan abiatu zuen Txomin Peillenek bere lagun izan zen Jon Miranderen «Haur besoetakoa» nobelaren irakurraldi etenik gabea. Bere atzetik, hamabi ordutan, 400 pertsona inguru pasatu ziren Arriaga antzokian ospatutako euskara ikasleen jai honetatik.

p040_f02_199x115.jpg

Ane ARRUTI

Bilboko Arriaga antzokitik pasatako jendetzaren artean, Txomin Peillen izango zen, ziur asko, Jon Mirande ezagutu zuen bakarrenetakoa. Ezagutu bakarrik ez, adiskide ere izan zuen, nahiz eta kontu askotan ados ez egon. Peilleni berari eman zion liburua zuzendu zezan. «Hasieratik konturatu nintzen pedofiliaz kanpo gauza asko zeudela, hezkuntza, klasikoak, filosofia... Baina irakurri nuenean gauza bat esan nion: ‘hasiera hori ez zait gustatzen’. Astuna iruditu zitzaidan. Gutun batean erantzun zidan eskerrak ematen eta aldatu zuela esaten eta nire iritzia jakin nahi zuela. Nik esan nion estilo aldetik ez nuela ezer esateko, baina pixka bat ausarta zela».
 
Ausarta eta ordura artekoarekin hautsi zuena izan zen “Haur besoetakoa”. Jatorriz zuberotarra zen idazlearekin ados egon ala ez, inork ez du nobelaren kalitatea zalantzan jartzen. «Mirande bere lekuan, ez da katakonbetan ipini behar, ez zeruan», esan zuen Peillenek. «Bazituen bere akatsak. Kontraesanez betea zen, baina gaixoa zelako, maniako-depresiboa. Nik ez nuen onartu ez faxismoa, ez nazismoa. Ez nintzen gogaide izan horretan. Hori niretzat halako porrota izan zen, ez bainuen aldatu ahal izan gizona, inork ez du aldatu ahal izan», gogoratu zuen Peillenek bere buruaz beste egin zuen idazlearen inguruan.
 
Baina Peillenenentzat ez ezik, atzokoa egun berezia izan zen, batez ere, euskara ikasleentzat. «Euren ahalegina txalotzea, aintzat hartzea eta hizkuntza ezagutzeko egin duten ahaleginagatik omentzea» dira hirugarren aldiz ospatzen den Klasikoen Irakurraldia ekimen honen helburuak. «Hau gure ikasturte amaierako jaia da», azaldu zuen Pedro Alberdik, Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradun eta ekimenaren antolatzaileak. «Klasiko baten zati bat irakurtzea plazer bat dela uste dugu eta irakasteaz gain, euskararen aldeko giroa sortu nahi dugu», gaineratu zuen.
 
Aurreko edizioetan, Axularren “Gero” eta Mogelen “Peru Abarka” izan ziren aukeratutako lanak. «Lehenengo hiru libururekin euskal literaturaren historia bildu nahi genuen. Hasi XVII. mendean eta bizirik daudenak kenduta, XX. mendera arte. Lehenengo fase bezala, nolabait bukatu dugu. Hemendik aurrera, egiten badugu, bilatu beharko dugu zein irizpide jarraitu. Ez da erraza asmatzea. Nik neuk orain artekoak argi eduki ditut», esan zuen Alberdik. Berak itxi zuen arratsaldeko zortzietan irakurraldia, baina liburu osoa irakurtzeko –lau alditan irakurri zen– jende mordoaren partaidetza ezinbestekoa izan zen.

Aurretik landu
 
Goiztiarrenen artean izan ziren, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Miren Agur Meabe idazlea, Gontzal Mendibil kantaria edo Mario Izeta gotzaina. Horiekin tartekatuta, baina jendaurrean jarri beharrak eragindako urduritasun berberarekin, Bilbo Zaharreko hainbat eta hainbat ikasle, azken asteetan euskara ikasteaz gain, euskaltegian Miranderen testua ere landu dutenak.
 
«Testua hartu eta banatu egiten dugu», azaldu zuen Alberdik. «Klasikoa izanik, hor eragozpenak daude: lexikoa dela, aditzak direla... Ez dira ongi moldatzen, baina beraiek ere konturatzen dira beste klase bateko liburua dela. Ez da gaur egungo hizkera, ez da egunkarikoa, ez da irratikoa... Hain zuzen, hori da ekitaldi honek daukan beste gainbalio moduko bat. Kontura daitezen, klasiko izateak zein ukitu ezberdin daukan. Hau da, hizkuntza nola garatu den urteetan zehar».
 
Egun osoan, jendea pasa eta pasa ibili zen antzoki barrutik. Pantaila handi bat jarri zen kanpoaldean baina, jakina denez, ez zen giro izan ezertarako.
 
Dagoeneko ikasle ez, baina euskara ikasitako askok hartu zuen atzo hitza. Lakuako Gobernutik, esaterako, Blanca Urgell eta Isabel Celaa, Kultura eta Hezkuntza sailburuak, bertan izan ziren. «Irakurri nuen lehenengo euskal nobela izan zen», esan zuen Urgellek. «Oso poliki irakurri nuen, kostata, eta, hala ere, izugarri gustatu zitzaidan. Gogoratzen dudana da ze ahalegin egin behar izan nuen eta aldi berean, ze nobela polita iruditu zitzaidan».
 
Euskaraz gehiegitan entzuten ez dugun Bilboko alkate Iñaki Azkunak ere parte hartu zuen ekimenean, nahiz eta ondorengo adierazpenetan gaztelaniaz mintzatu. «Euskara bultzatzeko ideia oso polita dela uste dut. Liburua pare bat aldiz irakurri dut. Ez da batere erraza, baina ederra da». Eta datozen urteetarako proposamena ere egin zuen: «Poesiari eskainitako egun bat polita izango litzateke. Orixe, Lauaxeta...».
 
Eguraldiak eta osasunak jarritako trabei aurre eginda iritsi zen Etxepare Institutuko zuzendari izendatu berri duten Aizpea Goenaga. «Eskolan nengoela irakurri nuen eta pasarte batzuk oso gogorrak, oso zakarrak egin zitzaizkidan, oroitzapen hori daukat. Eta kasualitatez, beti izaten ditut berrirakurtzeko liburuak, eta orain dela oso gutxi berrirakurri nuen. Ikaragarria da, ezin da sinistu zein ederki idazten zuen gizon honek, plazer bat da irakurtzea».
 
Kirolariak ere izan ziren, Patxi Usobiaga eskalatzailea kasu. «Testua hartu nuenean nahiko gaitza iruditu zitzaidan irakurtzeko, baina ondo atera da. Institutuan irakurrita neukala uste dut, baina duela urte asko eta ez nuen gogoratzen», esan zuen.
 
Toti Martinez de Lezea, Juanra Madariaga eta Edorta Jimenez idazleak, Ane Zabala, Patxo Telleria, Aitor Mazo eta Kandido Uranga aktoreak, Fran Lasuen musikaria, Karmelo Landa irakaslea, Igor Anton txirrindularia... Guztiek egon nahi izan zuten atzoko irakurketan. Horiekin batera, aurrez bideoz grabatuta, Mexiko, Txile, Mallorca, Kolonbia, Argentina, Paris, Londres, Boise, Bordele, Uruguai, Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetako partaideak.
 
Festa borobiltzeko pentsatuta zegoen erromeria euriagatik bertan behera utzi behar izan bazuten ere, guztiak pozik. Klasiko batek ez baitu askoz gehiago behar.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo