Bertsolari belaunaldi berrien finala Agurainen izango da larunbatean
Maddalen LARRINAGA | AGURAIN
Datorren larunbatean, ekainaren 19an, Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketaren finala ospatuko da Aguraingo Harresi aretoan. Zazpi herrialdeetako 18 urtera arteko 26 gazte bilduko dira bertan. Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera ekitaldiari gaztetxoenekin, eta 15.30ean nagusiek jarraituko dute. Eguerdian lagunarteko bazkaria izango da herriko Lautada Ikastolako atarian, txaranga batek girotuta.
Lehiakideak bi taldetan banatuko dira, lehendabizikoan 14 urtera arteko hamalau ordezkari izango dira eta, bigarrenean, 15 eta 18 urte arteko beste hamabi, Zuberoak ez baitu nagusien mailarako ordezkaririk.
Aurtengo edizio honek berezitasun bat dakar. Izan ere, orain urte batzuk arte finalaren kokalekua urtero aldatzen zen, baina Ikastolen Elkarteak toki finko batean izatea hobe izango litzatekeela erabaki zuen, eta geroztik, lau urtez behin aldatzea erabaki zen. Azkenengo lau urteotan Altsasun ospatu da finala, aurten, ordea, Agurainen izango da, eta dena ondo ateraz gero, bertan ospatuko da datozen hiru urteetan. Horrela, leku hori jendearentzat erreferentzia izatea erdietsi nahi dute.
2008ko Bizkaiko bertsolari txapelketako irabazle izan zen Xabi Payaren ustez, «zita hau euskaldun sentitzekoa da». Izan ere, parte hartzaileak Euskal Herriko txoko desberdinetakoak izanik, Euskal Herri osoko euskalki eta hizkerak entzuteko aukera izango du bertara hurbiltzen den ikusleak. «Ez dakit euskaldunok, batez ere hegoaldekoek, zuberera entzuteko zenbat aukera izaten ditugun»; horrenbestez, egun horretan euskalki guztietan arituko diren haurrak ikusiko ditu bertaratzen denak. «Horrek oraindik ere hunkitu egiten nau», esan zuen Payak. Euskal Herriak duen aberastasuna erakusteko eguna izango da.
Txapelketa finalera iritsi baino lehen, herrialde bakoitzak bere txapelketak antolatzen ditu eta azken ordezkariak kanporaketa horietan garaile ateratakoak izaten dira. Hala, probintzia bakoitzeko txapelduna eta txapeldunordea Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finalera iristen da.
Epaile lanetan arituko direnak zazpi probintzietako ordezkariak izango dira, Euskal Herri osoko epaimahaikideak izatea erabaki baitzuten antolatzaileek.