GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Zeharkaldia

Pirinio osoa korrika Kilian Jorneten eskutik

Mendiko korrikalari katalanaren ekimena Hondarribian hasi eta Llançan bukatu zen. Pirinioetako zeharkaldia egiteko 8 egun behar izan zituen. Guztira, 830 kilometrori eta 40.000 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zion aurre. 120 ordu egin ditu korrika.

p050_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kilian Jornet sobera ezaguna dugu. Gazte katalanak bai mendiko lasterketetan, baita eski-alpinismoko probetan ere, ia dena «jan» du. Eta hori guztia gutxi izango balitz, iraupeneko muturreko korrikaldietan ere makina bat errekor erdietsi ditu: Korsikako GR-20, AEBetako Tahoe Rim Trial...

Azken bi xede horiek, adibidez, Kilian´s Quest izeneko proiektuan kokatzen dira. Jornetek iaz sortutako erronka da, «lehiaketez gain, mendian oso gauza interesgarriak egin daitezkeelako». Eta bere azken xedea gure ingurumari honetan burutu berri du. Pirinioetako zeharkaldia zuen helburu, eta iragarritakoa guztiz bete ez badu ere, egundoko erakustaldia egin du.

Hondarribian eman zituen lehenengo urratsak, beti ere korrika, eta, zortzi egun igaro ondoren, Llançan bukatu zuen bertako hondartza batean bainua hartzen. Berez, zazpi eguneko iragarpena egin zuen, baina, esan bezala, azkenean zortzi behar izan ditu. Besteak beste, giharretako arazoak izan ditu, eta, gainera, Pirinioetako hainbat zatitan elur askorekin egin du topo. Baina, aipatu dugun legez, Jornetek egindakoa ikaragarria da.

«Oso amaiera hunkigarria izan da. Mediterraneoa ikusi eta haren uretan bainatzen ari nintzenean zeharkaldi osoko irudiak etorri zaizkit burura. Sentimendu kontrajarriak izan ditut: alde batetik, askatasuna sentitu dut; eta, bestetik, pena apur bat bukatu delako», adierazi zuen gazteak zeharkaldia bukatu bezain laster.

Muturreko gogortasuna

Datuei erreparatzen badiegu, inolako zalantzarik gabe ondoriozta daiteke Jornetek egindakoa oso kirolari gutxiren esku dagoela. Guztira, 830 kilometro egin ditu korrika. Gainditu beharreko goranzko desnibela, berriz, 40.000 metrokoa izan da. 120 ordu pasa ditu korrika, eta eguneko batez bestekoa 13 ordukoa izan da.

Arestian esan dugun legez, giharretako arazoak izan ditu; batez ere azken bi egunetan. Hori dela eta, amaiera lekua aldatu behar izan zuen: Cap de Creusen bukatu ordez, Llança izan zen helmuga puntua.

Nahiz eta Pirinioetako zeharkaldia bakarrik egin duen, zati askotan hainbat eta hainbat kide izan ditu alboan; hemengo Pirinioetan, adibidez, mendiko euskal korrikalari ezagun asko.

«Oso paraje ederretan korrika egin dut; batzuk ezagutzen nituen, beste batzuk, aldiz, ez. Oro har, nire taldekide guztien lana eskertu nahi nuke. Eta eskertu nahi nuke ere zeharkaldi honetan bidelagun izan ditudan makina bat korrikalari», adierazi du Jornetek.

Nahiz eta lagun horiek ondoan izan dituen, katalanak 120 kilometro inguru bakarrik egin ditu: «Bakarrik egon naizenean ere oso ondo sentitu naiz, neure espazioa behar nuelako».

Xede hau bukatu bezain laster, korrikalariak iragarri du Kilian´s Quest proiektuaren hurrengo helburua Kilimanjaro mendian duela. Irailean izango da, eta mendia igotzean zein jaistean egungo abiadura errekorra gainditu nahi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo