GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea

Gaurko EAJ ez da alternatiba

 

Espainiarrek, PSOE eta PP alderdien akordioari eta, batez ere, ezker abertzalearen ilegalizazioari esker, EAJ, Vascongadetako Gobernuan hainbeste urtetan nagusi izan dena, agintetik baztertu zutenean, hainbatek pentsatu zuten: «Orain bai erakutsiko duela alderdi honek oposizio sendo eta zuzena egiten dakiela». Boz gehien lortu duen alderdia izanik eta «tranpa» lotsagarriaren ondorioz instituzio horretatik aldendua, legealdi osoko aurkari gogorra izango zen itxura egin zuen, eta gizarteko hainbat sektorek sinistu zuten ustea dut.

Baina denbora joan ahala, bistan gelditzen ari dena kontrako errealitatea da: ez da gai alternatiba izateko, funtsean ez daki sistemak eskaintzen diona kudeatzen baino. Bistan da hiru probintzietako Erkidego Autonomoan sortu den Gobernu «arrotzak» legitimazio sozial oso eskasa duela, baina aldi berean, oso agerian dago beste era bateko proposamenak egiteko EAJren ahulezia erabatekoa dela. Zirikatzen jakin badaki, baina proposamen alternatiboak egiten ez. Oztopatzen saiatu arren, gehiengo matematikoa dutenez gero, ez du erabakiak aldatzeko ahalmenik. Eta are nabarmenago gelditzen ari dena zera da, aurkari itxura egin egiten duela, baina praktikan ildo politiko bera defendatzen duela.

Urtebete nahikoa izan da batzuentzat oso argi zegoena begi- bistan gelditzeko. Alegia, PSOE-PP bikoteak zein EAJk gizarte eredu bera defendatzen dutela eta, nazio ikuspegiari dagokionez, bere buruaren jabe den Euskal Herri bat posible denik ez dutela sinisten. Alegia, beraien aburuz, ez daude aurrez aurre bi nazio proiektu ezberdin, Euskal Herriarena eta Espainiarena, baizik eta soilik talka egiten dute Espainiaren baitan eroso sentitzeko era ezberdinek. Batzuentzat lurralde hauek, besterik gabe, Espainia dira, eta besteentzat «euskal labela» duten Espainiako erkidego autonomoa osatzen dute.

Datu asko daude diodana frogatzeko, hala nola, krisi ekonomikoari aurre egiteko balizko neurriak; hezkuntzaren aurkako eraso bortitzak; euskararen kontrako irain etengabeak; ETBko hainbat langile profesionalen bazterketa eta telebistaren erabilera alderdikoia... Horren guztiaren aurrean, EAJren ahulezia eta proposamen berrien falta nabaria da. Madrileko zein Gasteizko gobernuen politika kritikatzen du, baina bide berririk proposatzeko ahalmenik gabe, eta gainera norabiderik gabe milaka buelta eman ondoren, azkenean, kasu gehienetan onesten du alderdi espainiarren ildoa.

Krisi ekonomikoari dagokionez, Madrilen ezezkoa eman arren eta hemengo aplikazioa kritikatu arren, ez du inolako gaitasunik erakutsi krisiari aurre egiteko beste era bateko neurri zehatzik defendatzeko. Horrez gain, PSOEren eta PPren ildoari jarraiki, klase eta sektore pribilegiatuenak babesten ditu. Horrela, ez du aldarrikatu bankuei emandako diru laguntza publikoak berreskuratzeko inolako proposamenik; Alemanian edo Portugalen ez bezala, indar armatuetan egin zitezkeen murrizketak alboratu ditu; aberatsenei zergak igotzeari uko egiten dio. Egoera larri honetan, ez al da beharrezkoa bankuei, indar armatuei eta boteretsuenei hortzak erakustea?

Zer esan hezkuntza sisteman PSOE-PP egiten ari direnari buruz? Lehenik, euskararen garrantzia gutxiesteko neurriak hartu zituzten; gero, euskal curriculuma desitxuratu dute eta orain «bizikidetza» planaren bidez eskolaren doktrinatzea ontzat eman da. Zein da EAJren jarrera? Itxurazko protesta egin ondoren, inposaketak onartzea eta inolako alternatibarik eman gabe Gobernuaren ildoa zuritzea. Egoera honetan, nork defendatuko ditu eskoletako gurasoen, irakasleen eta batez ere ikasleen eskubideak? Nork altxatzen du boza euskal eskola propioaren alde? Nor da gai proposamen berriak egiteko?

Administrazioaren hainbat esparrutan euskalduntzearen aurka abiatu diren neurriek ere erantzun eskasa izan dute, eta izan direnak ere gehienbat gizarte eragileengandik etorri dira. Administrazioaren funtzionamenduan, lehen ere aski erdalduna izanik, orain euskararen erabilera erabat desagertzen ari omen da; lanpostuetako eskakizunak aldatzen dituzte edo modu lotsagarrian mespretxatu; osasungintzan euskalduntze prozesua guztiz bazterturik eta Ertzaintzan euskararen erabilera desagerturik; merkataritza esparruan ere legea aldatuko dute. Lehen gure hizkuntzaren egoera kezkagarria bazen, une honetan aski negargarria da. Horren aurrean, zein da instituzioetan dauden alderdien erantzuna? Nork lideratzen du herritarren haserrea era positiboan bide ilusionagarriak eskainiz?

ETBren ikus-entzule portzentajea gutxitzen ari omen da, bereziki kate erdaldunean. Baina inor harritzen al da? Eskaintzen ari diren zaborrarekin ez al da normala? Lotsarik gabe, lehendakariak esan izan du: «Uno de los instrumentos fundamentales para cumplir nuestro objetivo es ETB». Guk, herritar guztiok, nahi edo nahi ez espainiar bihurtzeko lanabesa bada, nola demontre ikusi eta entzungo dugu, bada? Nik neure gorputzaren aurkako pozoirik ez dut maite. Eta, jakina, euskarazko katea ikusten dut, baina erdarazkoa ez.

Bidegurutze garrantzitsu honetan, Euskal Herriak alternatiba behar du eta EAJk gaurko ildo politikoaren bidetik ezin dio eskaini. Ez, noski, gaitasun pertsonala falta zaielako, «unionismoa» eta independentziaren artean erdi biderik ez dagoelako baizik. Azken 31 urte hauetan hori sinetsarazten saiatu dira, baina errealitateak erakutsi digu, saiakera hutsala izan dela. Hautua egin beharrean gaude: onartzen dugu Espainiaren menpe egotea eta emeki-emeki beraiengandik asimilatuak eta irentsiak izatea edo, gure herri izaera eta nortasuna bermatzeko, determinazio eta ausardia osoz, independentziaren bideari eusten diogu.

Independentziaren bidea pausoz pauso egin behar da, estrategia graduala bermatu behar da, dudarik gabe. Areago, alderdi eta eragile herritar askorekin adostua izan behar da, eskuzabaltasunez jokatzea ezinbestekoa da, baina aldi berean irmotasuna eta kemena eskatzen zaigu. Euskal Herrian burujabetzaren alde dauden indar sozialak eta politikoak biltze aldera urratsak ematen ari gara. Galarrena guztien gainetik, independentziaren itsasontzia aurrera doa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo