GARA > Idatzia > Mundua

Israelgo Armadak flotillan «eraso terrorista bat» jasan zuela dio ikerketa ofizialak

Joan den maiatzaren 31n, «Mavi Marmara» itsasontzian, Israelgo soldaduen aurkako «eraso terrorista bat» gertatu zen, Armadak berak egin duen ikerketa ofizialaren arabera. Beraz, aurki Libanotik eta Turkiatik irtengo diren flotillen aurka egitea «zilegi» dute militarrek.

p022_f01_148x116.jpg

Jose Angel ORIA |

Israelgo Armadak egin duen ikerketa ofizialak begirale guztiek aurreikusitakoa esan du: Askatasunaren Flotillako itsasontzietan zeuden ekintzaileek «eraso terrorista bat» egin zieten aurpegia estalita eta armaz josita iritsi zitzaien militarrei, ez alderantziz.

Hori bai, ikerketa ondo egin dutela adierazi nahian, abordatzea egiterakoan «akats larriak» egin zituztela onartu du txostenak. Akats horiek inteligentzia alorrean egin omen zituzten, abordatzea egin behar zutenek ez baitzekiten zer zeukaten zain itsasontzian. Atzo irrati publikoak eman zuen informazioaren arabera, militarrek ez zuten kontuan hartu itsasontzikoek «erasoaldi jendetsua» prestatuta zeukatela, eta horregatik «momentuko baldintzen araberako erantzuna» eman zuten. Erantzun horrek armarik ez zuten bederatzi pertsona hiltzea eragin zuen.

Israelgo hedabideek nabarmendu dute soldaduei galdetu zitzaiela ea zergatik ez zekiten itsasontziko bidaiariak «eraso bat prestatzen ari zirela».

«Eraso» hitza Gazako blokeoa hautsi nahi zutenen jarduera deskribatzeko baino ez da erabiltzen txostenean, inoiz ez israeldarren operatiboaz aritzeko.

Ikerketa egin dutenek uste dute itsasontziaren abordatzea hasi aurretik, barruan zeudenak mendean hartu behar zituztela soldaduek, horretarako ur-zurrustak eta ke-granadak erabiliz.

Israelen Gobernuak beste ikerketa bat egingo duela iragarri du, eta Auzitegi Gorenak beste bat, baina ez da sorpresarik espero: flotilla geldiarazi beharrekoa zela esango dute.

Atzo bertan Simon Peres presidenteak esan zuen, Jerusalemen, Gazaren aurkako blokeoari eutsi egin behar zaiola eta Israelen zilegitasuna zalantzan jartzea «Al Kaedari, Hamasi eta Hezbolari zilegitasuna ematea» dela, Ekialde Hurbileko potentzia nuklear bakarrari komeni zaion moduan.

Egunotan Israelgo Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du Libanotik edo Turkiatik beste flotillaren bat abiatuz gero, «beharrezkoak diren baliabide guztiak» erabiltzeko prest dagoela, itsasontziak geldiarazi eta blokeoari eusteko. Gabriela Shalev NBEn Israelek duen ordezkariak esan zuen ezin dutela baztertu «itsasontzi horietan Gazara armak edo terroristak sartzeko ahalegina egitea».

Hezbolak esan du ez duela flotillan esku hartuko, berak esku hartuz gero, «etsaiak itsasontzietan doazenei eraso egiteko aitzakia izango luke-eta».

Tel Aviv sekulako ahalegin diplomatikoa egiten ari da flotilla gehiago antolatu ez dadin.

ITSASONTZI GEHIAGO

Ekainaren 13an Irandik abiatu zen Gazara laguntza eraman nahi duen itsasontzi bat, eta datorren ostiralean beste bat irtengo da. Libanon antolatu dena gaur bertan abiatu daiteke, eta beste sei Turkiatik, uztailean.

NETANYAHU

Obama presidenteak uztailaren 6an hartuko du Etxe Zurian Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Ekainaren hasieran egitekoa zen bisita atzeratu egin zen flotillaren aurkako erasoaren ondorioz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo