GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

640 kilotako lehian, Goiherrik ez du barkatu

p047_f02.jpg

J.L.

Goiherrik ez zuen hutsik egin, eta 640 kilotako txapela lortu zuen atzo Aian, nahiz eta azken jardunaldian Mutrikurekin berdinduta amaitu zuen. Gipuzkoarrak izan dira sailkapen nagusiko bigarrenak, eta atzoko postu bera eskuratu du Aresok, hirugarrena, alegia.

Atzo goizean jokatu zen Aian azkeneko jardunaldia. Amaierako saiora Goiherri bi puntuko abantailarekin heltzen zen, eta nahikoa garbi zegoen txapela beraientzat izango zela, oso zaila ikusten baitzen haiei inork txapela kentzea, eta horrelaxe suertatu zen.

Saio luzeak izan ziren, eta horretarako belardiak ere lagundu zuen, bezperako euri jasek zelaia oso bigun utzi baitzuten, eta hori lurrean asko nabarmentzen da. Lehen postuan berdinduta amaitu zuten Mutrikuk eta Goiherrik. Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta elkarren aurka berdindu egin zuten. Horrek txapela segurtatzen zien berdeei, eta mutrikuarrek bigarren postua segurtatzen zuten.

Hirugarren posturako Areso abantailarekin ateratzen zen saioaren aitzinean, eta horri eutsi egin zion, atzo ere hirugarren postuan amaitu baitzuen. Goiherrirekin eta Mutrikurekin galdu egin zuten, eta beste talde guztiak menderatu egin zituzten. Gaztedi izan zen sailkapeneko laugarrena. 680 kilotako txapeldunek lehen hirurekin galdu egin zuten, baina bai Getxo, baita Goiherri B ere, mendean hartzeko modua egin zuten.

Azkeneko bi postuak ere erabaki samartuta zeuden, baina atzo berdindu egin zuten Goiherri B taldeak eta Getxok. Aurreko talde guztiekin galdu egin zuten, baina beraien artean berdindu egin zuten bakoitzak tiraldi bana irabaziz.

Horrela geratu zen eguneko sailkapena: lehenengo berdinduta geratu ziren Goiherri eta Mutriku 5,5 punturekin; gero, Areso 4 punturekin; gero, Gaztedi 3rekin, eta azken postuan berdinduta, Goiherri B eta Getxo 1,5 punturekin.

Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu da: txapeldun, Goiherri 17,5 punturekin; bigarren, Mutriku 15,5 punturekin; hirugarren, Areso 11,5 punturekin; laugarren, Gaztedi 9,5 punturekin; bosgarren, Getxo 5,5 punturekin, eta azkena, berriz, Goiherri B 3,5 punturekin.

Jadanik amaitu dira 680 eta 640 kilotakoak, baina oraindik beste bi pisu jokatzeko daude, eta datorren asteburuan abiatuko da 600 kilotakoa. Hauek ere hiru jardunalditako ligaxka izango dute, eta estreinakoa datorren igande eguerdian Loiun jokatuko dute. Beste biak Amoroton eta Erandion izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo