GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Eztegua Durangon

Dantza eta kriskitinak, XIX. mendeko euskal eztegu tradizionalean

Ehun urtetik gora egin zuen atzera atzo Durangoko Kriskitin dantza taldeak. Herritarrekin batera, eztegua ospatu zuten antzinako erara. Margaritak eta Mikolasek ezkontza kontratua sinatu zuten Santana plazan.

p058_f01_250x92.jpg

Ane ARRUTI

Mikolas de Gallastegi eta Margarita de Ereñaga durangarrak 1878ko irailaren 9an ezkondu ziren. Atzo, euren hereniloba Oihana Basabek eta Kriskitin dantza taldeko kide Xabier Etxeitak gogora ekarri zuten berriro ere. 150 lagun inguruk parte hartu zuten jaian. Izan ere, duela hamabost urte ospatu zuen Kriskitin dantza taldeak lehenengo eztegua. «Euskal tradizioan, bi gauza ezberdin ziren ezkontza eta eztegua -argitu zuten antolatzaileek-. Ezkontza elizan edo udaletxean amaitzen da eta hortik aurrerakoak ezteguak edo ezteiak dira».

«Taldeari bultzadatxo bat eman nahi genion, dantza zaletasuna suspertu», azaldu zuen Marisa Barrena Kriskitin dantza taldeko kideak. Geroztik, bost urtetik behin egin dute eta atzo izan zen laugarrena. «Lehenengoan Jose Luis Lizundia euskaltzainak lortu zuen kontratu bat, bere familiakoa, eta hori antzeztu da hiru urtetan. Aurten emaztegaiaren papera egin duen familiak bazeukan kontratu zahar bat, 1878koa. Kasualitatez, aurreko kontratua Etxeita familiakoa zen, aurten senargaiaren papera egin duenaren sendikoa, eta aurtengoa, neskarena».

Gurdia bete opari

Don Fernando de Barturen Burgosko notarioak hartu zuen hitza plazan, ezkongaien kontratua irakurtzeko. «Pedro Gallastegik bere semeari zin egiten dio berrehun dukado emango dizkiola, dozena bat alkandora, mila errealetan baloratutako arropa, ...», irakurri zuen. Emakumearen aldetik, berriz, Martin de Ereñagak «Durangoko San Roke auzoko Zabale etxea uzten dio, bertan dagoen guztiarekin: bi behi eta bi txahal, babarrunak, egurrez beteriko bi gurdi...».

Idi pareak zamatutako opariak ere zerrendatu zituen: uztarri bat, oheak, ispilu bat, sehaska bat -badaezpada-, gurutze eta ur bedeinkatu ontzia, txizontziak, elizarako aulkia, izarak eta fundak, tapetea abadea etxera datorrenerako, abarkak eta galtzerdiak, gona gorria, zilarrezko eraztun eta belarritakoak...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo