GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Uda ikastaroak

Interneten garapenak komunikatzeko bideak zabaldu dizkio euskarari

Interneten erabiltzen diren hizkuntzei buruzko ikerketa baten arabera, euskararen jarduera maila handia da, euskal hiztunen kopurua kontuan izanda. Sareak komunikatzeko bide berriak ematen ditu, igorle-hartzaile eskema lineala goitik behera aldatuz.

p017_f01_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Egun, teknologia berriak direla-eta, oso zaila da neurtzea mezu bat noraino iritsi den, zenbat pertsonak jaso duten eta zer nolako irakurketak egin diren, ez baitago neurtzeko tresna estandarizaturik. Komunikazioak norabide asko ditu hartzailea ere igorlea izan daitekeelako, sare sozialen bidez mezua behin eta berriz zabalduz. 2009an Interneten zegoen informazioaren %60 pertsonek euren izenean bidalitakoa zen, eta feedback-ari esker ehuneko hori haziz doa.

Internetek duen garrantzi hori nabarmendu zuen Pilar Kaltzadak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako komunikazio zuzendariak, Euskal Herriko Unibertsitateko XXIX. Uda Ikastaroen testuinguruan, atzo «Euskara komunikatu? nor-nori-nork» izeneko jardunaldiei hasiera emanez. Aurkezpeneko hitzaldia «Euskararen inguruko kanpainen gabezia historikoak» izan zen, eta Kaltzada komunikazio kanpainen inguruan aritu zen.

Teknologia berriek euskaraz komunikatzeko bitartekari berriak sortu dituzte, orain edozein pertsonarengana irits daitekeelako. Euskarak duen hiztun kopuru txikiari ez dagokion presentzia du sarean, eta hizkuntza minorizatuen 38. postuan dago. Beti pentsatu izan da ingelesak gainerako hizkuntzen gaineko nagusitasun osoa lortuko duela, baina komunikazio kanpainei dagokienez hizkuntza desberdinak kontuan hartzea beharrezkoa da, kontsumitzaileen gehiengoak informazioa bere hizkuntzan ez badago, ez baitu produktua erosten. Beraz, euskarazko komunikazio kanpainak egitea ere beharrezkoa da, euskal hiztunak erakartzeko.

Mundua Internet balitz, biztanle gehien lituzketen bost herrialdeen zerrendan Txina, India, AEBak, Facebook eta Indonesia agertuko lirateke. Horrek agerian uzten du sare sozialen garrantzia eta komunitateek indar handia dutela. Horren bidez ere komunikatu daiteke beraz, baina, Kaltzadaren ustez, ez da nahikoa tokatzen denean soilik kanpaina bat egitea, honela nortasuna galtzen duelako eta azkenean ez duelako jendea motibatzen. Horretarako, pertsonengan sentsazio bat lortzea da eraginkorrena, eta hori lortzeko marka bat sortzea da onena, publizitate kanpaina hutsen kaltetan. Hitzaldian, Ferran Ramon Cortes-en «La isla de los cinco faros» liburua aipatu zuen. Bertan pertsona baten istorioa kontatzen da, zeinak bost itsasargiri esker komunikazio kanpainen xedea argitzen duen.

Transmititu nahi den mezua zein den argi izan behar da, eta mezu hori entzungai izatea lortu behar da bakoitzak bere nortasuna emanez, gainerakoen oso antzekoa den kanpaina batek ez duelako arrakastarik izango. Oso garrantzitsua da jendeak kanpainak mezu bat transmititzen duela antzematea, eta, era berean, mezu hori barneratzeko kode egokiak erabiltzea. Gainera, komunikazio kanpaina batek motibatu egin behar du, zerbait egitera animatu behar du jendea.

Arrakastarako gakoak

Horrez gain, kanpaina bat egitearen zergatiaren garrantzia aipatu zuen Kaltzadak. Sarri, kanpaina bat beti egiten delako egiten da, eta horrela eraginkortasuna galtzen du. Kanpaina bat espero izatekoa bada, indarra galtzen duelako. Molde guztiekin haustean inpaktu handiagoa lortzen da eta zerbait pizten du jendearen buruetan. Hala ere, onartu zuen komunikazio kanpaina bikain bat egitea oso zaila dela.

Pilar Kaltzadaren ustez, estrategia desberdinak batzen direnean emaitzak biderkatu egiten dira. Innobasque-ko komunikazio zuzendariak adibide bat jarri zuen kontzeptu hau ondo ulertzeko: «Jo dezagun herri batean urtero udaberrian euskara sustatzeko kanpaina bat egiten dela. Baina ondoko herrietan ere antzeko kanpainak egiten dira, eta azkenean eraginkortasuna galtzen dute. Herri bakoitzak kanpaina bat egin ordez, guztien aurrekontuak eta ideiak batzen badituzte, kanpaina eraginkorragoa lortuko dute, emaitza hobeekin.

«Euskara komunikatu? nor-nori-nork» ikastaroa Pilar Kaltzadak (Innobasque) eta Belen Urangak (Soziolinguistika Klusterra) zuzentzen dute. Urangak esan zuen ikastaroaren helburua komunikazio alorrean euskara sustatzeko produktuak eta tresnak eskaintzea dela.

Pilar Kaltzadaren hitzaldiaren ostean, Harman komunikazio enpresako zuzendari Joseba Kamio, Aztiker Ikerguneko teknikari Iñaki Iurrebaso eta Belen Uranga mintzatu ziren. Horiek kanpainek arrakasta izateko gakoak eta komunikazio egitasmoen eragina neurtzeko tresnen berri eman zuten. Gaur, egun osoan, ikastaroari amaiera emateko, komunikazio arloko adituen hitzaldiak izango dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo