GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Bakoitzak berea, eta ez besteena

Kalean paseoan nabilen bakoitzean egiten dut topo berarekin. Bakarrik joaten da beti, baina ez dut inoiz aldarte txarrez ikusi, burumakur edo bakarti. Batera eta bestera begiratzen du lotsarik gabe eta ahal duenarekin -edo uzten dionarekin- hitz pare bat egiteko aukera baliatzen du. «¡Que Dios te dé salud!», esan zidan astelehen arratsaldean. Ez dut apenas ezagutzen, baina gizagaixoak kalterik egiteko asmorik ez duenez, esan beharrekoak entzun eta bere bidean aurrera jarraitzen uzten diot. Ez da aukera txarra, are gutxiago zaila.

Kalean goranzko bidea hartua zuenean, gazte talde batekin topo egin zuen aurrez aurre. «¡Qué alegría tiene esta juventud! ¡Si yo tuviera cincuenta años menos!», atsekabetu zen. Ordainetan, gazteen barre-algara ironikoak eta haien keinu zirikatzaileak jaso zituen. Kalean gora jarraitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala.

Izatez ez da euskalduna; ziurrenik, 36ko Gerraren ondorenetan Extremaduratik, Andaluziatik edo Estatu espainoleko herrixka txiki batetik Euskal Herrira lanera etorri ziren milaka gizasemeetako bat izango da. Atzerritik etorritako pertsonen zerrenda luzearen zati txiki bat besterik ez da bera. Baina ez da euskaldunak Euskal Herrian atzerritar sentiarazten gaituzten horietakoa. Berak badu bere etxea eta badu bere aberria, nahiz eta ziurrenik ez den euskaldunok nahi dugun berbera izango.

«Euskal Herria lortu arte», irakur zitekeen igandeko ekitaldian, «historikoa» askorentzat. Bi alderdi abertzaleren arteko batasunak aurrerapausoa izan behar du nahitaez, helburu berbera lortzeko indar metaketa izango den bitartean bederen. Gertaera «historikoetan» txikiena izan dadila gainera, aurrerantzean data gehiago gogoraraziko ditugun seinale. Horretarako, baina, euskaldunak euskaldun izan beharko du Euskal Herrian. Egin dezala bakoitzak bere bidea, goranzkoa ala beheranzkoa, eta ez diezaiola hitza inori uka, bakarrik amaitzeko aukera ezin baita inoiz baztertu. Erabakitzeko aukera norberarena izan dadila, eta ez besteena. Bitartean, «¡que Dios nos dé salud!», eta ahalik eta handiena bada, hobeto.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo