GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Kasares Berdintasunaren Aldeko Gizonen Mugimenduko kidea

Tortura matxista polizia-etxean

Ez dago indarkeria matxista handiagorik estatu baten zerbitzariek, hain zuzen jendea halako gaitzetatik babesteko daudenek, estatuaren baliabideez eta zigorgabetasunaz eragindako tortura eta tratu txarra baino

Goiza bada ere, barruak nahigabeturik sentitzen ditut dagoeneko. Gaur ere bai. Egunkariari errepasoa egin eta egunero-egunero aurkitzen dut gertaera atsekabe emangarrien berri. Lehengoan are lazgarriagoa iruditu zitzaidan leiturikoa. Gizon batzuek emakumezko bat euren esku izan zuten, mundutik isolatuta, eta guztizko zigorgabetasunean nahi izan zutena egin zioten.

Hemen dugu Naia Zuriarrain bilbotarraren testigantza mingarriaren pasartetxo bat:

«Guardia zibil bat nire eskumako aldean jarri zen eta belarri ondo-ondoan, bere indar guztiekin oihukatu zidan: `Hitz egingo duzu!'. Oihu bakoitzaren ostean, `piiii' egiten zidan belarriak. [...] Berehala `biluztu zaitez!' esan zidan. Ez nuen ezer egin. Hiru-lau guardia zibilen artean hasi zitzaizkidan biluzten, ni saiatzen nintzen erresistitzen, baina indarrez kentzen zidaten arropa, esaten zidaten bero jartzen zituela ni erresistitzeak. Lehenengo jertsea, kamiseta, prakak, plaierak, galtzerdiak kendu zizkidaten. Tanga eta barne kamisetarekin utzi ninduten. Barne kamiseta kentzen saiatzen ziren bitartean, bakoitzak beso batetik hartu eta beso bakoitza gomaespuma zati batekin bildu zidaten, prezintoarekin lotuta. Guztiz akoltxatuak nituen besoak, eskuak estalita. [...] Tangan utzi ninduten. Atzean jarri zitzaidan bat, bere gerrialdea nire ipurdira guztiz pegatua. [...] Lepoa, aurpegia, ilea, titiak, gorputza ukitzen zidaten... eta bitartean, ur hotz-hotza botatzen zidaten burutik behera eta lepotik behera. [...] Ez nuen oihurik egiten, ez nuen negarrik egiten [...]».

Indarkeria matxistaren aurkako aldarria eguneroko kontua dugu, Estatuak ere bere indar koakzionatzailea erabiltzen ei du horren aurka. Lehengo egunean bertan, gazte bat atxilotu zuten emakumezko bati ipurdia ukitzeagatik. Baina, hara, Estatuaren beraren zerbitzari leial omen diren horiek, inoren begietatik kenduta, beren zuloetara eramandako emakumezko bati zer egin dioten. Naia ez da lehena izan. Tamalez, ez da azkena ere izango, ziur asko. Haren testigantza ere ez da entzun dudan gogorrena izan, bere latzean; beste batzuei gauzakiak sartu dizkiete alutik edo ipurtzulotik. Eraso sexualak maiz egiten ei dira polizia-etxeetan, bai emakumezkoei bai gizonezkoei ere. Hala ere, gizarte-salaketa gutxi izaten dira, torturaren aurkako taldeena eta talde feminista batzuena (batzuena, bai, ez denena). Bortizkeria sexistaren, matxistaren aurka titular handiak darabiltzaten hedabide nagusiak mutu izaten dira horrelakoetan; «emakume bat gaizki tratatzen duena erruduna» dela dioen erakundea itsu, mutu eta entzungor; kale kontzentraziorik ez; udal adierazpen ahobetezkorik ez... eta berdintasunaren alde nahiz indarkeria matxistaren aurkako gizonezkoen mugimendua ere hildakoak bezain mutu.

Letra hauek idazten ari naizela, barrena kiskalita, amorruzko malkoek begiak erretzen dizkidate. Ez nago hotzean pentsatzen «zer den egokiena», zer gerta dakidakeen garrasi egiten badut, espainiar zerbitzari armadun horiek, Estatu oso baten indar eta babes lotsagarriaz, sarritan nire herrikideak, euskal herritarrak, torturatu egiten dituztela hiltzea desiratzeraino ere; eta nire amak, arrebak, neska-lagunak, amamak, izebak, lehengusinak... diren euskal emakumezkoak (baita gizonezko asko ere) bortxatu egiten dituztela, krudelkeriaz, sadismoz, batere gizatasunik gabe eta inpunitate gorrian. Eta horrexegatik ere garrasika dei egiten diet gizonezko guztiei, baita heuri ere, halakoak sala ditzagun ozen, argi eta garbi; zeren ez baitago indarkeria matxista handiagorik, emakumeenganako (eta gizonenganako) bortizkeria sexista handiagorik, estatu baten zerbitzariek, hain zuzen jendea halako gaitzetatik babesteko daudenek, estatuaren baliabideez eta zigorgabetasunaz eragindako tortura eta tratu txarra baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo