GARA > Idatzia > Kultura

Harremanak izango ditu oinarri dFeriaren bigarren egunak

Donostiako antzerki eta dantza azokak bigarren eguna izango du gaur eta hainbat estreinaldi izango dira. «Maniatic@s», «El viaje de mi padre» eta «La mujer justa» lanek lehen emanaldia izango dute.
p042_f02_148x88.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Tratu txarrez mintzatzea ez da erraza, ezta gai horri buruzko antzezlan bat egitea ere. La Papa taldeak erronka horri heldu dio «Rosas Rojas» lanean, ordea. Lydiaren eta Raulen arteko amodiozko istorio sutsuaren bilakaera kontatzen dute, tratu txarren zulo ilunera iritsi arteko istorioa. Testu erraz eta hurbilaz, egoera horretara iristeko bidean sortzen diren seinaleak erakusten ditu lanak «argi gorrien» bidez. Izaskun Asua aktoreak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, protagonistaren itxura normalak badu bere zergatia; «edozeinek sufritu dezakeen egoera» dela azaldu nahi baitu testuak. Antiguako Lugaritz kultur etxean izango dira gaur, 16.30etik aurrera.

Estreinaldiei dagokienez, Organic taldearen «Maniatic@s» dantza-antzerki ikuskizuna izango da ikusi ahal izango dugun lehenengoa; Gazteszenan, 18.30ean. Guztiok ditugun mania txiki eta ez horren txikiak azaltzen ditu dantza eta testu bidez. Ehun pertsona baino gehiagori egindako inkestan jasotako mania ohikoenak azaltzen dira; «ohiturak ditugun animaliak gara finean», zioen Natalia Monge zuzendariak.

Joseba Apaolaza eta Jose Ramon Soroiz dira «El viaje de mi padre» antzezlaneko protagonistak. Aita-semeak dira eta bien arteko erlazioa azaltzen du lanak, aitak alzheimerra duela kontuan harturik. Orain arte euskaraz antzeztu da obra, sortu ere euskaraz sortua baita. Gaur, ordea, aro berri bati ekingo diote, lana gaztelaniaz antzeztuta. Hizkuntzaz aldatzea zaila izan ohi da eta hori da Hika taldearen erronka; «nik anaiarekin ezin dut erdaraz hitz egin, ez da naturala. Obra honekin gauza bera gertatzen da», azaldu zuen Soroizek. Hala ere, entseguak egin ahala, soinu berrira egokitzea lortu dute eta euskaraz izandako arrakasta bera opa diote. Izan ere, iazko Donostia Antzerki Saria lortu zuen. Gaztelerazko egokitzapena Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango da gaur, 23.00etan.

Gaztelerazko estreinaldiekin jarraituz, «La mujer justa» lana izango da 20.00etan Victoria Eugenian. Orain arte katalanez egin du bidea Sandor Marai idazle hungariarraren eleberriaren moldaketa honek. Proiektuaren sortzailea Rosa Novell izan zen, protagonistetako bat dena. Izen bereko eleberria irakurri ostean, antzerki mundura eramatea bururatu baitzitzaion. Bikote baten arteko harremana du hizketagai, erlazioan hirugarren pertsona bat agertu ostean; Marika eta Peter, eta azken honen maitale bihurtuko den emakumea, Judit. Gainera, zuzenean arituko den biolin-jotzaile bat ere bada. Baina ez da amodiozko triangelu bati buruzko istorio soil bat. «Bakardadeari buruzko istorioa da, zoriontasuna gugan bilatzeari buruzkoa», adierazi zuen Novellek.

Azkenik, 00.30ean «Tenemos que hablar» izango da Victoria Eugenian, Kolectivo Mostrenko taldearen eskutik. Aurrekoak bezala, gizakien arteko harremanei eta bertan sortzen den inkomunikazioari buruz hitz egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo