Kaleko antzerki eta arteen Kalealdia jaialdiak Bilboko txokoak hartuko ditu uztail hasieran
GARA | BILBO
Euskal Herriko kale antzerki taldeek ez ezik, besteak beste, Kanadako, Errusiako, Belgikako eta Madagaskarreko ikuskizunek hartuko dituzte Bilboko Zazpi Kaleak eta Kale Nagusia uztaileko lehen bi asteburuetan. Guztira hogei taldek hartuko dute parte. Ikuskizun batzuk musika izango dute ardatz, beste batzuk zirkuarekin dute lotura eta badira tartean kutsu esperimentala duten ikuskizunak ere.
Aurtengoa XI. edizioa du jaialdiak, eta kalea agertoki bilakatzea du helburu, udako epelean. Ikuskizunak Kale Nagusi inguruan izango dira uztailaren 1ean eta 2an eta, Zazpi Kaleetan, uztailaren 6tik 8ra bitartean.
Arriaga plazak gaueko hiru ikuskizunik garrantzitsuenak jasoko ditu, Atempo Circ, Circus Klezmer eta Gaitzerdi Teatroren eskutik. Azken talde horrek, jaialdiak ekoiztu duen «Karrikale» ikuskizuna aurkeztuko du -jaialdiak urtero egin ohi du ekoizpen bat-. Agertu eta desagertuko den ikuskizun dinamikoa da «Karrikale», dantzaria, hitz-jario limurtzailea, musikari sutsua, inoren begiradek harrapatzen ez dituzten oinezkoak eta hainbat ustekabe plazaratuko dituena.
Gaitzerdiz gain, etxeko Besarkadaren kalejira eta Tearto Teatroren «Diva Di Palo» askotariko ikuskizuna ere etxekoak dira.
Kalealdiak eskainiko duen lehenengo ikuskizuna, «Acousteel Gang», altzairuzko bidoiz egindako perkusio lana da. «Pantallas Urbanas», berriz, gaueko ikuskizuna da -EHUko Arte Eder Fakultatearen egitasmoa-, eraikinen fatxadetan irudi dinamikoak proiektatuko dituena, zuzeneko musikarekin.
Gainerako taldeei dagokienez, Veronique des Chapeauxek kapelekin egingo du ikuskizuna eta Minusmal taldeak «Clara, el pequeño Clown» lana eskainiko du. Malagasy Gospel, Madagaskarreko umeen gospel abesbatza da eta, «Wazobol», Belgikako ikuskizuna. Kataluniatik Sixters, Botproject, The Flying Tiritas eta Efimer taldeak datoz.
Taldeen eta egitarauaren gaineko xehetasunak www.bilbokokalealdia.com atarian daude.