MUNDUKO kopa C eta D multzoak
Emozio aurreratuak hautagai klasikoentzat
Ingalaterra eta Alemania multzokako fasearen azken jardunaldira heldu dira, sailkatuko diren ziur izan gabe.
Amaia U. LASAGABASTER
Emozioak bizitzeko asmoarekin heldu ziren Ingalaterra eta Alemania Hego Afrikara. Eta asko dira horiengandik hori bera espero zuten zaleak. Ziur aski momentua ez da ez batzuek, ez besteek espero zutena. Abestiak zioen bezala, «horrelakoa da bizitza», eta multzokako fasearen azken jardunaldira heldu dira talde biak, sailkatzea ziurtatuta izan barik.
Biek eskura daukate, halere, final-zortzirenak lehiatzeko aukera. C multzoan, Ingalaterra Esloveniaren aurka arituko da (16.00; Canal+Liga). Irabaziz gero, lortuko du sailkatzea, eta agian lehen postuan iristea ere bai. Berdinketak, ordea, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eskuetan utziko luke bere etorkizuna. Esloveniaren egoera erosoagoa da: berdinketa nahikoa du, eta garaipenak lidergoa ekarriko lioke, teorian -hauek ere ez baitute oraindik ezer ziurtatuta- Alemania saihestuko luke hurrengo kanporaketan.
Aldaketak izango dira Ingalaterran, aurreratutako final honi ekiteko. Carragherren zigorra dela-eta, hirugarren defentsa galdu duenez, John Terryren lerrokidea berriro aldatu beharko du Fabio Capellok, Matthew Upson zelairatuz. Joe Colek eta Jermain Defoek ere hamaikakoan egoteko aukerak dituzte, orain arte sorgortuta bezala egon den taldearen -gol bakarra sartu du 180 minututan- zelai erdia girotzeko.
Girorik ez da falta izan, egia esan, frantziarren gorabehera zalapartatsuaren adinakoa izatera iritsi ez bada ere, ziurrenik, John Terryk, iskanbila piztu beharrean, jendaurrean barkamena eskatu duelako joan den astean egindako adierazpenengatik.
Ezusteko egoeran dagoela, askoz lasaiago prestatzen ari da neurketa Eslovenia. Lehiaketan ordezkaritza duen nazio txikiena -2.000.000 biztanle besterik ez ditu-, bigarren aldiz ari da mundu kopa batean, eta 2002ko Hego Korea eta Japoniakotik puntu bakarra lortu barik etxeratu ostean, hemengo bi partidetan lortutako emaitzek izarrei begira jarri dute taldea. Zer esanik ez, behin final-zortzirenak jokatzeko aukera sumatuta. Gaurkoan lurreko arazoei aurre egin beharko diete, baina, Nejc Pecnik aurrelariak ezin baitu jokatu, azken partidan orkatilan haustura izan zuelako.
C multzoaren gainerako neurketei begira, AEBek ere sailkatzeko aukerak dituzte. Aljeria gaindituz gero (16.00), jokatuko duten hurrengoa hori baita. Emaitza berdinketa bada, berriz, Ingalaterraren porrota itxaron beharko dute. Erronka zailagoa da Afrikakoentzat, multzoko talde apalena dela erakutsi dute, eta nolabaiteko karanbola beharko dute aurrera egiteko: garaipenaz gain, Esloveniaren laguntza, Ingalaterrak neurketa horretan puntu bakarra lortu beharko bailuke gehienez.
Hiru aukera eta mirari bat
Egoera antzekoa dute D multzoan. Alemaniak sailkatzea eta lidergoa lortuko luke, Ghana gaindituz gero (20.30); Afrikako taldeak, berriz, berdinketa nahikoa du sailkatzeko.
Serbiaren aurka galdu duen arren, taldeak baikortasunez helduko dio erronkari, Joachim Löwenen esanetan. Klose zigortuaren ordez Cacau zelairatuko du entrenatzaileak, eta espero du lehen jardunaldian emandako itxura emateko moduan egotea Alemania, bide batez faborito etiketa ere berreskuratzeko.
Serbiak ere bere esku du sailkatzea. Australiaren aurka (20.30) txapelketako bigarren garaipena lortuz gero, arrakastaz itxiko du lehen fasea. Berdinduz gero, Ghanaren laguntza beharko luke, sailkapenean Alemaniaren aurretik jartzeko.
Ghanaren garaipena ezinbestekoa da Australiarentzat. Baita, noski, berea ere. Bi emaitza horiek izan ezean, socceroek etxerako bidea hartu beharko dute.