Buruz Burukoaren ondorenak
«Aukera bat eman izan balitzaio, hobe izango zatekeen»
Arazoak arazo, Aspe pozik agertu da txapelketaren ibilbidearekin, nahiz eta izan diren lesioek kirol alorreko balorazio erabat borobila egiterik utzi ez dien.
Jon ORMAZABAL
Arazoak arazo eta kritikak kritika, amaitu berri den buruz buruko txapelketaren gaineko balorazio positiboa egin zuen atzo Aspek prentsa ohar baten bidez. Orokorrean Eibarko enpresa gustura agertu zen eta bere kexa ia bakarra sistema berriaren inguruan egon diren aurreiritzien ingurukoa izan da. «Ziur gaude, oraintxe amaitu berri den txapelketa askoz interesgarriagoa izango zela, hasieratik benetako aukera bat eman izan balitzaio».
«Hau izan da gehien bete nauen txapela», Juan Martinez de Irujok esandakoa gogoratuta, buruz burukoaren defentsa egin eta txapelketaren azterketa baikorra egin du Aspek. «Buruz burukoa ona izan da jokoz eta emozioz, bizi dugun krisi ekonomikoa handia den arren».
Gainera, eibartarren iritziz, Aimar Olaizola eta Sebastien Gonzalezen lesioak zama handiegia izan dira eta, hortaz, «ez dago esaterik kirol alorrean txapelketa borobila izan denik. Ezbehar hauek, gainera, lehiaketa sistemaren behin betiko balorazio bat egitea galarazten digute», gaineratzen du oharrak.
Gauzak horrela, etorkizunera begira aukera guztiak aztertzen jarraituko dutela berretsi zuten eta denon laguntza beharrezkoa dela azaldu zuten, hobetzeko asmoz egindako kritikak barne.
Bide batez, horrenbeste kritika jaso dituen lehiaketa sistemarekin bilatutako helburuak zeintzuk izan diren azaldu nahi du Aspek. «Lehiaketa diseinatzerakoan, zaleei gure pilotaririk onenak eskaini nahi izan dizkiogu, gure txapeldunak. Onenak elkarren aurka ipiniz, partidak orekatuagoak eta lehiatuagoak izan zitezen bilatu dugu eta egun txar batek ez zezala txapeldungai bat aukerarik gabe utzi», gaineratzen du.
Erabaki hauekin «pilotaren lehiaketarik garrantzitsuena denak zaleen arreta berreskuratzea eta berriz ere dagokion lekuan jarri nahi izan dugu».
Txapelaren errentagarritasuna
Beste alor batzuetan bezala, pilota enpresen egoera ekonomikoa ez da onegia, eta, horrexegatik, txapeldunaren xarmari ahalik eta errentagarritasunik handiena ateratzen saiatuko da Aspe. San Joanekin herrietako udako festen garaia hasiko da, eta dudarik ez dago herri horietan guztietan Juan Martinez de Irujo dela antolatzaileek izan nahi duten pilotaria. Gauzak horrela, Iberoko aurrelariak ez du atsedenik hartzeko betarik izango eta hurrengo zortzi egunetan sei partida jokatuko ditu, bihar Barañainen hasita.
Buruz burukoan markak hausteko bidean egonagatik, Iberoko aurrelaria oso eroso sentitzen da partidak jokatuz, eta beti bezala jarraitzeko eta gorriz jokatzeko gogoz agertu da, nahiz eta normalean txapeldunak egun batzuk hartzeko baimena izan ohi duen.
Bestalde, Abel Barriolak eta Julen Retegik Eibarren jokatuko dutela bihar Lau eta erdiko San Fermin txapelketako partida.