GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Trinketea

Sebastien Sorhuetek positibo eman du

J.O.

Frantziako pilota federazioak jakitera eman duenez, apirilaren 24an jokatutako binakako finalean -Waltarik eta Etxetok jantzi zuten txapela Baionako trinketean, Sorhuet eta Ozafraini irabazi ostean- egindako dopinaren aurkako kontrolean positibo eman du Sebastien Sorhuetek. Zehazki, kokaina eta cannabis arrastoak aurkitu dituzte Pausuko aurrelariari egindako azterketaren emaitzetan.

Pilotariak berak onartu zion berria GARAri, baina cannabisa hartu izana onartu zuen arren, erabat ukatu zuen kokainarik hartu izana. Oraingoz, jokatzen jarraitzeko lizentzia kendu diote kontraanalisiaren emaitzak heldu bitartean. Hasiera batean, bi urte inguruko zigor bati egin beharko lioke aurre pilotariak, legez kanpoko sustantziak hartu dituela baieztatuko balitz.

Hasiera batean, federazioak ez zuen pilotariaren izenik eman nahi izan baieztapena iritsi bitartean, baina azkenean publiko egin zuen, begi eta zurrumurru guztiak Sebastien Sorhueten gainean zeudelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo