GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiroen erreformak karrikara aterako ditu, berriro, milaka langile

Ipar Euskal Herrian eta Estatu osoan erretreta sistemaren erreformak eragindako haserrea kalean antzemango da bihar berriz ere. Lanuzteak ere izango dira. Mobilizazio egun horrekin, Gobernuaren asmoen aurkako borroka mailaz igotzea da sindikatuen helburua.

p025_199x108.jpg

Arantxa MANTEROLA

Sarkozyk presidentetzara iritsiz geroztik abiatu erreforma andanak langile-sindikatu nagusien dinamika bateratua sustatu du. Erabateko adostasuna beti lortu ez bada ere, azken urteotan mobilizatzeko deialdi bateratuak ugaritu dira. Erretreta-sisteman Gobernuak egin nahi dituen aldaketak kari, beste behin ere elkartu egin dira sindikatuak.

Biharko, laugarrenez urte hasieratik, grebarako eta manifestatzeko deialdia egin dute CGTk, CFDTk, CFTC, FSU, Solidaires eta UNSAk, baita Baionan ere. Hala, goizeko hamar eta erdietatik goiti, Lan Burtsan finkatu dute hitzordua, esparru publiko zein pribatuko langileek erreformarekiko desadostasuna agertu dezaten.

Sindikatuek ahalik eta mobilizazio jendetsuenak izateko apustua egin dute. Izan ere, goranzko joerari eutsi eta, udazkenerako, legea Asanblea Nazionalean eztabaidatzen hasiko denerako, giroa berotzea da beren helburu behinena.

Gehienak kontra

Estatu frantsesean, egunotan egindako inkesten emaitzak ikusita, herritarren gehiengoak erreformaren aurkako iritzia duela nabarmena da behintzat. Hainbat hedabidek iragarritako aurreikuspenak joan den astean Gobernuak ofizialki egiaztatu ostean, %56k ez du begi onez ikusten erretiratzeko adina 60tik 62 urtera igotzea, ez eta kotizazioen iraunaldia igotzea ere.

Alain Duzert Baionako CGTko ordezkariak «aparteko erasotzat» jo du erreforma eta ugazaben zerbitzura izatea egotzi dio Gobernuari. CFDTko Mixel Larraldek, berriz, diru-sarrera handien eta kapital-irabazien gaineko zergak «sinbolikoak» izanik, «ahalegin handiena -%85-» langileei eskatzen zaiela salatu du.

LABek, Gobernuak «erretretak salbatzeko lan gehiago egin behar dela sinetsarazteko abiatu duen intoxikazio kanpaina» salatuta, erreformaren mamia «faltsua, zentzugabea eta jasanezina» dela adierazi du. Sindikatu abertzaleak, «banaketa-sistema emeki-emeki desagerraraztea eta norbanakoen sistemagatik ordezkatu» nahi izatea leporatu dio «gobernu kapitalistari».

Egitasmoa gibelarazteko «borroka zabaltzea» da, bere esanetan, bidea. Ostegunean, lege-egitasmoa bertan behera uztea; 1993ko eta 2003ko «kontra-erreformak» indargabetzea; erretiro sari duina bermatzea (sei hilabete onenen %75, 1.500 euroko gutxienekoa finkatuta); 60 urterekin eta, lan gogorren kasuan, 55 urterekin hartzeko aukera finkatzea eta, kotizazio urteak langile guztientzat 37,5 izatea exijituko du Baionan.

«Iratzarri eta ihardetsi»

Sindikatuek ez ezik, hainbat kolektibo, alderdi eta mugimenduk ere egin dute mobilizatzeko deia. Bizi! mugimenduak, esaterako, gazteei zuzendu die mezua bereziki; «iratzarri eta ihardetsi». Gazteen langabezia tasak «muga historikoak gainditu» dituelarik, «erokeria da zaharrenak lanean denbora gehiago atxikitzea». Langabeei irtenbidea ematea, baztertuen kopurua murriztea eta bestelako «logika ekonomikoa» ezartzeari «premiazko» deritzo Bizik.

PS, NPA, PC, PG, AB, EA alderdiek, LAB eta CGT-Hezkuntzak eta Bizik osatutako «Alerte retraites» kolektiboarentzat, «erreforma hipokrita, bidegabea eta arriskutsua» da.

Batasunak. berriz, krisia langileen bizkar jartzea, behar sozialei behar bezala ez erantzutea eta interes pribatuak lehenestea salatu du. Sistema kapitalista «ezinbesteko» ez dela gogoratuta, langile guztiak «era batuan» aritzeko deia egin du.

Langileak aurka daude, baina, aldi berean, etsita

Inkesta ugari kaleratu da azken egunotan erretiroen erreformaren aurka zenbat jende dagoen neurtzeko. Hirutik bi frantziar herritarrek osteguneko mobilizazio eguna «erabat justifikatua» dela dio. Alta, iazko ekainean eta urrian krisiaren kontrako neurriak iragarri zirenean, %74k babesten zuen mobilizatzeko deia.

Hamar puntuko alde hori, inkesten arabera, gehiengoak erretiroen erreforma «geldiezintzat» jotzen duelako omen da.

Sindikatuak ere ohartuta daude herritarren desadostasuna eta egiazko mobilizazioa ez datozela bat, eta etsipen joera hori baztertu eta kalera irteteko deiak ugaldu dituzte. A.M.

FO, GREBAREN ALDE

FO sindikatuak ekainaren 15ean egin zuen manifestazioa, baina ez du bat egin biharko deialdiarekin. Halere, lege-egitasmoa bertan behera gera dadin ikasturte hasieran «greba orokorra» egitea proposatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo