GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Tourraren giroa bueltan!

Udan sartu gaituzte. Simon eta Judas santuek hurbilago dute eurena. Orain Juan eta Pedro kideen sasoia da, solstizioaren mandatuz. Jaiak nonahi, festak ere bai. Eta lehengoan suak bazterretan. Hara, ez dakit zenbat suge eta sapo botako zituzten sutara, baina grebarako arrazoiak berean dirau. Amodioan bezala grebarako ere gaur atzo baino motibo gehiago dira eta bihar baino gutxiago. Asteartea da eguna, San Pedro eguna hain suertez, greba eta jaia uztartzen jakin beharko hainbaten. Irudimena agintari! G29 edo, greba. Zer ikusirik ez G8, G20 eta enparauekin. Hantxe dute grebek motiborako abiapuntua, zorionak lurra hartzeko antzua den sistemaren G puntua. Uretara sapoak eta sugeak! Utzi dezatela lekua libre sutan! Asteartean ukabilak airean ibiliko dira, berriro ere, biharamunerako arnasa hartzen edo. Meteosat izango da horren lekuko. Internazionala han-hemenka entzungo da, pasarte batzuetan oso argi entzungo ez bada ere, euskal curriculumak solfeoaren beharra duen seinale. Aldaketak datoz mundura...

Arkauteko mundu hartara ere dira aldaketak joanak. 007ren hurrengo filma han errodatuko balitz «Nothing is forever» edo izango zuen izenburu. Aldaketak aldaketa, ertzainei janzkera aldatzeko sasoia heldu arazi diete. Txapel gorria galdu eta bisera urdina dute aurkitu. Burkarekin lehian. Akabo txapelgorri! Aurrerantzean gibelurdin! Udan ertzez ertz ernatuko direnak, ernegatuko ere, seguruenik. Bai eta EHUko campusetan bertan ere. Buru gainekoa aldatu arren betiko lepoan segituko du buruak. Hemen eta Afganistanen. Hango liztor-habian orain artean kanpoko tropen buru izan den jenerala ordezkatu egin berri du metropoliak. Jeneraletik jeneralera. Nonbait kargutik kendu dute Etxe Zuriarentzat karga zelako. EREak armadan ere! Hau bai krisia gero! Seguruenik tipo horren bizkarrezurrak ezin gehiago jasan paparreko dominen zama. Ulertzekoa da, gizajoa! Etxean beharko orain zibilak hil, ezteietan edo.

Ama, ama! Udan sartu berri nautela gogora ekartzen didana ez da solstizioa, ez horixe, ez sanjuan sua, hori ere ez, ez hondartzetako kristo hori, ezetz ba!, lagun batek porrara bialtzen nauenean orduantxe sentitzen naiz udan sartua. Tourraren porra, jakina. Hortxe nabil ni, hemerotekan arakatzen, nire selekzioa txarrena izan ez dadin, jakina ere gehienek lehenengo etapan hartuko dutela lurra. Ene, ene! Tourraren giroa bueltan da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo