Iratxe Esnaola Arribillaga Informatikan ingeniaria
Teknologien eragina idazkeran
Teknologiek pertsonen arteko komunikazioa eraldatu dutela entzun eta irakurri ahal izan dugu maiz. Mugikorrek nonahi ahozko elkarrizketak mantentzera eraman gaituzte, beste pertsonarekin aurrez aurre egon gabe bada ere. Eta SMSekin mezu laburrak idazten ditugu, laburdurez josita. «Zmz?» eta «Mxk!», adibidez. E-mailek, berriz, gutunen lekua hartu eta denbora-espazioa desagerrarazten dute. Twitter-en 140 hizkiko mezuak idazten dira. Facebook-en ere labur idazten da. Labur eta maiz. Eta, askotan, hitz egiten dugun moduan idazten dugu, idatzi beharko genukeen moduan idatzi ordez. Hori da teknologiek komunikazioaren eremuan ekarri duten ondorioetako bat. Hizkuntza da komunikazio horien ardatza eta teknologiek eraldatu egin dute (eta eraldatzen jarraituko dute). Gure hitz egiteko ohiturak aldatu dira. Gure irakurtzeko modua ere aldatzen ari omen da. Baina eraldaketa hori, batez ere, idazkeran eman da. Baina zein neurritan? Eta kaltegarria edo onuragarria al da hizkuntza batentzat? Eta pertsonentzat?
Teknologien hedapenak hiztegien hedapena ekarri du berarekin. Izen berriak sortu dira: blog, podcast edo Google, esaterako. Eta izen zaharrek esanahi berria dute orain: sagua edo monitorea hitzen kasuan gertatzen den bezala. Era berean, minimizaziorako joera etengabekoa da. Mezuak motza behar du izan. SMSak eta Twitter, adibidez, eta Facebook eta gerora etorriko direnak. Eta dena laburdurez josten dugu. Horra «Mihiluze» programako Esamesak jokoa. Eta gorputz-hizkuntza edo pertsonen gogo-aldartea adierazteko, aurpegi bat irudikatzen duten «emotikono» edo aurpegierak erabiltzen dira. Funtsean, sinboloz osatutako kateak dira. :-P mingaina ateratzeko. ;-) keinu bat egiteko. :-) barre algaraka eta :-( triste gaudela ohartarazteko. Hitzekin eta sinboloekin, beraz, hiztegiaren hedapen moduko bat eman dela esan daiteke. Baina paradoxikoki, ez al dugu hizkuntza bera, hainbeste laburdura eta sinbolorekin, gutxiago erabiltzen?
Teknologiek hizkuntzan eta hiztegian duten eragin hori, batez ere, idazkeratik dator. SMSak mugikorreko pantailan idazten ditugu. Pantaila txikia da, hortaz, eta ezinbestez, mezuak motza izan behar du. Eta motza izan behar badu, joera are motzagoa izatea da. Espazio gutxi dugunez, adierazi nahi dugunaren esanahi berdina barnebilduko duten baina ahalik eta motzenak izango diren mezuak idazten ditugu. Horretarako, laburdurak erabiltzea ere baliagarria bilakatzen da, espazio gutxiago okupatuz mezu berdina bidaltzen baitugu. Idazteko egin behar dugun ahalegina ere murriztu egiten da, laburrago idazten dugun heinean. Eta letra larri edo maiuskulak erabiltzeak oihu egiten dugunaren sentsazioa transmititzen du. Gainontzekoa, printzipioz, letra xehez idazten dugu. Eta baita puntuazio ikurrik gabe ere. Gure idazteko modua, beraz, erabiltzen ditugun kanaletara egokitzen ari da etengabe.
Bestalde, eta arestian aipatu bezala, kasu askotan, gure idazteko modua gure hitz egiteko modutik gero eta gertuago dago. Askotan, e-mailak eta SMSak gure euskalkian idazten ditugu. Zenbait blogetan ere ez da euskara batua erabiltzen, ezta Twitter eta Facebook bezalako sare sozialetan ere.
Aldaketa horiek guztiak (laburduren erabilera, puntuazio ikurren falta, hitz egiten dugun moduan idazteko joera, eta abar), era berean, ortografia akatsei eta gramatika urriari eskutik helduta datoz. Askotan gertatu zait unibertsitateko ikasleen lanak eta azterketak zuzentzerakoan, izan euskaraz edo izan gaztelaniaz. Teknologiak eguneroko tresna dira, lanerako eta aisialdirako. Laburdurak egunero sortzen eta idazten dira eta azterketako galderak erantzuterakoan ere laburdurak erabiltzeko joera gero eta handiagoa da. Eta hitz egiten dugun moduan ere idazten dute, «in» idatzi beharrean «ñ» idatziz, hau da, «baina»-ren ordez «baña» jarriz. Eta «h»-a jartzea gero eta gehiagotan ahazten zaiela esango nuke. Beharbada ez da teknologien eragin soila, baina jakina da SMSetan «h»-ak kentzean, mezuaren karaktere kopurua gutxitzen dugula, eta horrek ere izan dezake, epe luzera, bere eragina. Era berean, gramatika urria eta esaldien egitura eskasak ere gero eta maizago ikusten dira.
Eta zein eragin du horrek hizkuntzan? Zein eragin du euskaran? Euskaraz ondo idazten al da? Gero eta hobeto edo gero eta okerrago? Eta zenbaterainokoa da teknologien eragina kasu horretan? Eta blogetan erabiltzen den euskara egokia al da? Zer geratzen da euskara batuarekin? Eta etorkizuneko belaunaldiek nondik eta nola ikasiko dute? Minimizaziorako joerak euskara kaltetu egiten al du? Edota, oro har teknologien eremuan gertatzen den moduan, erabileran al dago gakoa? Alegia, zer, non, nori eta nola idatzi?
Ez da erraza teknologiek euskara batuan, bere ezagutza eta erabileran duten eragina neurtzea, ez. Nire ustetan, labur idatzi behar denean labur idaztea egokia da, zergatik ez. Espazio gutxi dugunean laburdurak erabiltzea ere oso baliagarria izan daiteke, espazio berdina erabiliz bidaltzen dugun mezua luzeagoa izan baitaiteke. Baina, zentzu horretan, belaunaldi berriak e-mailekin, SMSekin, pantaila txikiekin, espazio mugatuekin, laburdurekin, Twitter, Facebook eta etorkizuneko tresnekin jaioko direla kontutan hartzea ezinbestekoa da. Tresna edota kanal horiek guztiak ez dira berriak izango etorkizuneko euskaldunentzat, berauekin hazi eta heziko baitira. Baina horrexegatik, hain zuzen, zer idazten ari diren, nori zuzentzen zaizkion eta zein kanal erabiltzen ari diren kontutan hartu eta horren araberako idazkera erabiltzen irakasteak berebiziko garrantzia du. Alegia, kalte eta onuretatik harago, idazkera motak osagarriak dira, ez baztertzaileak, baina osagarriak izateko bakoitzaren erabilera ondo definitu eta ondoren modu egokian erabiltzea halabeharrezkoa da.