Busturialdeko lanpostuen aldeko egunean parte hartzera deitu du ezker abertzaleak
Ezker abertzaleak eskualdeko garapena aldarrikatzeko uztailaren 4an egingo den Busturialdearen Aldeko Egunean parte hartzeko deia egin zuen atzo, Vegako industrigunea txukundu zuen ekintza sinbolikoan.
GARA | GERNIKA
Busturialdeko ezker abertzaleak Vegako industrigunea sinbolikoki txukundu zuen atzo, «ibarreko lur hauek industriarako egokitu behar direla eta bigarren sektorean ere lanpostuak sortu behar direla aldarrikatzeko». Aldi berean, bere haserrea erakutsi zuen eskualdearen egoera prekarioaren aurrean, «herritarrok iruzurra besterik ez baitugu jasotzen administrazioko arduradunen aldetik».
Egindako ekintza sinbolikoarekin ezker abertzaleko kideek datorren uztailaren 4ko Busturialdearen Aldeko Egunean parte hartzeko deia egin zuten. Hain zuzen ere, Busturialdean Lan eta Bizi plataformak antolatu du Axpen eskualdeko garapena eta lanpostuak defendatzeko egingo den jardunaldia.
Atzoko ekimenaren ondorengo prentsaurrekoan ezker abertzaleko ordezkariek adierazi zutenez, azken hiru hamarkadetan 10.000 lanpostu galdu dira eskualdean, eta, ondorioz, ondo prestatutako 7.000 gazte baino gehiagok ez dute Busturialdean etorkizunik. Hori dela eta, gizartea zaharkitzen ari dela eta nekazaritzarako lur onenak txaletekin okupatzen ari direla salatu zuten.
Ezker abertzalearen ustez, egoeraren erantzuleak zeintzuk diren garbi dago: eskualdeko udaletan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Lakuako Gobernuan egon diren EAJko arduradunak eta laguntza eman dieten EA, EB eta PSEko kideak. Independentisten arabera, erakundeak, Urdaibaiko plan estrategikoa bete beharrean, «planarekin zerikusirik ez duten proposamenekin etorri dira». Besteak beste, «poligono erraldoiak edo Guggenheim museoa egiteko proiektua». Horrelako jarrerek «espekulazioa, handikeria, ahultasuna, herritarren kontura bizitzea, inposaketa eta iruzurra» ezkutatzen dituztela salatu zuten. «Bien bitartean, langabezia eta prekarietatea aurrera doaz».
Muxikako industrigunea
Ezker abertzaleak Lakuako Gobernuak Muxikako industrigunea egiteko bideratu nahi duen 40,7 milioi euroko laguntza deitoratu zuen. Izan ere, aurreko gobernuen jarrera «espekulatzaile eta inposatzaile bera» ezkutatzen da laguntzaren atzean ezker abertzalearen ustez. Hala, diru hori plan estrategikoaren helburuak betetzeko erabiltzea eskatu zuen. Horrez gain, industrigune berriak egin aurretik egun bete gabe daudenak betetzea eskatu zuen. Izan ere, Gernika-Lumoko lur industrialaren %34 libre dago, 18 hektarea inguru. «Hain justu ere, hori da Muxikako industrigunerako aurreikusten duten azalera 16 urteko lehen fase batean», salatu zuten.
Arazoak arazo, Busturialdeak bideragarritasuna duela ere nabarmendu zuen ezker abertzaleak, «betiere plan estrategikoa suspertuz eta denon artean plana gauzatzeko lanabesak bilatuz, lasaitasunez, auzolanean».
«Ezker abertzalea ziur da guztion indarrak batzen baditugu arduradun politikoen jarrera ahul eta inposatzaileak aldatu egin beharko direla», nabarmendu zuten ezker abertzaleko ordezkariek Busturialdearen Aldeko Egunean parte hartzeko deiarekin ekitaldia amaitu aurretik.
Azken hiru hamarkadetan 10.000 lanpostu galdu direla eta ondo prestatutako 7.000 gazte baino gehiagok ez dutela Busturialdean etorkizunik salatu du ezker abertzaleak.
Eskualdeko egoera konpontzeko eta bigarren sektorean ere lanpostuak sortzeko Urdaibaiko gizarte eragileekin adostutako eta 1998an onartutako plan estrategikoaren helburuak bete behar direla aldarrikatu dute.