GARA > Idatzia > Kultura

«Laguntzaile anitz nahi ditugu, horrela besta gehiago egiten baitugu»

p056_f01_234x144.jpg

p057_f01_139x78.jpg

Elixabet Aizager

EHZ festibaleko lehendakaria

Euskal Herria Zuzenean festibala tokiz aldatu zen iaz, Zuberoatik Heletara joanez eta garai berri bati hasiera emanez. Nafarroa Behereko herrian ezarri zenetik EHZ jaialdiaren lehendakaritza Elixabet Aizager donapaleutarraren eskutan da.

Idoia ERASO | HELETA

Heletako herrian zehar gazteak alde batera eta bestera muntaketa lanetan ari diren bitartean, Euskal Herria Zuzenean jaialdiko lehendakariak une bat hartu du historiari begiratu bat eman eta uztailaren 2, 3 eta 4an izanen ditugun ekitaldien berri emateko.

EHZ jaialdiak 15 urte betetzen ditu. Zein da ibilbideari buruz egiten duzun balorazioa?

Zuberoatik Heletara hurbildu ginenean beste gazte batzuek hartu zuten proiektua eta orain bilana biziki positiboa da. Joan den urtean jende anitz bildu zen, eta hori laguntzaileei esker heldu da. Erraten dut gazte batzuk proiektua berriz eskutan hartu dutela, baina nik uste dut lehenagoko belaunaldiek bide hori ahalbidetu digutela. Haiek beti presente direlako lortu dugu segitzea; festibala laguntzaileetan oinarritzen da eta nabaria da hamabost urte hauetan proiektua segitua izan dela zeinahi lekutatik heldutako gazteriari eskerrak.

Urteurren hau ospatzeko ekimen bereziak izanen al dira?

Bai, berrikuntzak badira. Festibalak nahi izan du bere proiektua berriz definitu. Nahi izan du mezu berezi bat izan dadin urte guztiz, mezu desberdin bat. Bi gai hautatu ditugu aurten: komunikazio librea eta festibalaren hamabost urteak. Hamabost urte anitz da eta festibal batentzat biziraupen biziki polita da.

Komunikazio libreari buruz nahi genuen zerbait erabaki. Festibala hasi zenean, Arrosan, komunikabideekin elkarlan handia izan genuen, bereziki euskal irratiekin; orain, aldiz, nahi izan dugu komunikazio librea aipatu. Aurten Erregelu trinketean, plazan bertan, izanen da toki berezi bat non bi egunez izanen den elkarteen merkatu bat; zinema gela bat eta erakusketa txiki batzuk ere eginen dira. Gune horretan jaialdira hurbiltzen dena ez da musika kontsumitzaile hutsa izanen; etorri eta bere gogoetak partekatzen ahalko ditu.

Festibalak helburutzat du herriko elkarteak laguntzea, tresna bat bezala. Festibala tresna bat da, ez da EHZ jaialdia igandean bukatzen denean dena bukatua dela; hiru egunez bertako elkarte eta eragileek hitz egiteko eta erakusteko parada izan dezaten baliatzen dugu.

Aurten bi elkarte hautatu ditugu. Baigurako ikastola irailean sortuko da Lekornen, Heleta ondoan. Hamar guraso dira gibelean eta diru beharrean dira. Guk emanen diegu toki bat festibalean; jendearekin topatu eta beraien mezua klarki pasatu ahal izanen dute. Parte hartzaileak ikastola diruz sustengatzera deitzen ditugu; hala, horretarako kutxak izanen dira. Beste elkartea komunikazio librearen auziarekin lotuta dago; «Egunkaria»-ren aldeko kultura elkartea da eta Andoainetik etorriko da.

Zuek laguntza eskaintzen duzue, baina zuek ere laguntzaileak behar dituzue. Aurten nolako erantzuna jaso duzue?

Erritmo goxo batean doa, baina beti nahi dugu jende gehiago. Laguntzaile anitz behar dira; 600 bat elkartzen dira urte guztiz. Beti gehiago nahi ditugu, anitz garenean besta gehiago egiteko aukera baitugu. Aurten erran behar da ere Heletako herritarrak proiektuan sartu nahi genituela eta beraiek ere deitu ditugula laguntzera.

Heletako auzapezak erran du joan den urtean festibala arras ongi pasatu zela eta herritarrak kontent direla.

Bai, eta orain joaten naiz bi urte atzera, non etorri ginen ea festibala egiten ahal zen galdetzera eta beldur ziren, ez zuten konfiantzarik. Gu ere pixka bat beldur ginen, eta normala da; gu gure proiektu handiarekin heldu ginen eta beldurra sentitzen zen. Gero, biziki fite, ikusi zutenean zenbat gazte ari ziren lanean urtean zehar, konfiantza lortu genuen; 50 gazte ari dira proiektuaren inguruan lanean. Herritarrekin ere biziki ongi pasa zen muntaketarako etorri eta ikusi zutenean zenbat laguntzaile heldu ziren egunez egun eguzki azpian lan egitera; sinesgarritasuna lortu genuen eta laguntza sentitu genuen Heletako herritarren partez. Aurten dena ongi doa.

Joan den urtean Manu Chao izan zenuten. Aurten, aldiz, ez duzue horrelako talde handirik. Zenbat jende biltzea espero duzue?

Anitz! 30.000 (barreak). Ez dut errango zifrarik, ez da ziur iaz bezain bat ukanen dugunik, baina konfiantza dugu eta jende anitz goaitatzen dugu.

Nola doa oraingoz jaialdiko sarreren salmenta?

Jendea deitzen dugu sarrerak hartzera, Interneten sarrera erosten ahal baita bertso txapelketa nagusian egin zen moduan; www.ehz-festibala.com helbidera joanik sarrera erosten ahal da, etxean inprimatu eta hona heltzean egina da. Konturatu gara Hegoaldeko jendearentzat inportantea dela. Izan ere, sarrera Interneten erosi eta gero Baionara etorri beharra zuten lehen txartela hartzera; orain, aldiz, etxean bertan inprimatu eta txartelarekin etor daitezke.

Badira sarrerak salgai ere Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Doka Kafe Antzokian. Autobusak ere antolatu ditugu Hegoaldean; Nafarroa zein Gipuzkoan dira abiatzeak. Kitorik da hiru egunetarako txartela erosi dutenentzat. Autobus txartela erosteko webgunea www.basquebondissant.com da.

15. urteurrena

«Festibalaren hamabost urteak ospatzen ditugu. Hori anitz da. Egia esan, festibal batentzat biziraupen biziki polita da»

oinarria

«Festibala laguntzaileetan oinarritzen da eta nabaria da hamabost urte hauetan proiektua segitua izan dela»

«Atentzioa eman diogu eguneko programari»

Zer aurkituko dute Heletara hurbilduko diren bestalariek?

Ezagunenen artean Rinôçerôse taldea aipatzen ahal dugu. Kantariaren aita artista handia izan zen Frantzian eta bera rocka egiten duen 18 urteko gaztea da; presentzia handia du eszena gainean. Ahantzi gabe erran behar da ere Alpha Blondie kantariak ostiral gauean joko duela.

Atentzioa jarri nahi diot eguneko programazioari, festibala ez delako soilik gaueko musika taldeekin egina. Gure helburua da bestalaria ez izatea musika kontsumitzaile hutsa, horregatik garrantzi handia ematen diegu eguneko animazioei. Larunbat eta igandean goizeko hamarretatik gaueko zortzietara kristoren giro herrikoia izanen da plazan; antzerkiari eta karrika animazioei esker lortuko dugu hori. Antzerkiari dagokionez, Ximon Fushen «Puta, joglarea eta eroa» antzezlana nabarmen daiteke; euskalki ezberdinetan emana da eta biziki hunkigarri eta irrigarria da. Mikel Urdangarin ere igandean izanen da.

Pirritx eta Porrotx ere izanen dira larunbat arratsaldean Heletan. Izan ere, haurrek ere badute beraien tokia festibalean; bada Haurren Xokoa eta aurten lehen aldia da eszena gainean badena haurrentzat toki berezi bat.

I. E.

jendea

«Ez da ziur iaz bezain beste jende ukanen dugunik, baina konfiantza dugu eta jende anitz goaitatzen dugu»

sarrerak

«Interneten sarrerak erosten ahal dira. Bertso txapelketa nagusian egin zen moduan, norberak bere etxean inprimatzen ahal du sarrera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo