Euskal Herriak behar duen hezkuntza eskatu dute Donostian
Azkenaldian hezkuntza arloan administrazioek «inposatu» dituzten neurriak salatu eta Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza aldarrikatzeko, ehunka lagunek parte hartu zuten atzo egindako manifestazioan. Hezkuntza hobetze aldera, aurrerantzean ere «egindako bidean sakondu, irekitasunari eutsi eta adostasunak bilatzeko» deia egin zuten.Maider EIZMENDI |
«Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde» lelopean ehunka lagunek zeharkatu zituzten atzo arratsaldean Donostiako kaleak. Seiak paseak zirela abiatu zen martxa, pankarta zeramatenen artean orain bi aste hezkuntza arloan hartzen ari diren erabakiek kezkatuta agiria kaleratu eta manifestaziorako deia egin zuten lagunetako batzuk zirela.
Herritarren iniziatibaz sortutako ekimenak, ordea, hainbat sostengu jaso ditu azken egunetan. Eragile, erakunde eta alderdi horietako ordezkariak Donostian ziren atzo. Manifestazioan parte hartu zuten, esaterako, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Arantza Urkaregi, Joseba Permach eta Joseba Alvarezek, EAko Jose Mari Larrazabal parlamentariak eta Ainhoa Beola Aralar alderdiko Donostiako zinegotziak.
Hezkuntza eta euskara arloetan diharduten eragileetako ordezkariak ere bertan ziren, besteak beste, Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Aitziber Martinez de Lagos, Euskal Herriak Bere Eskolako Ibai Redondo edota Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Unibertsitateko zein derrigorrezko hezkuntzako irakasle ugarik ere bat egin zuten manifestazioarekin, baita sindikalgintzako hainbat ordezkarik ere.
«Inposizioaren bidetik datoz»
Donostiako kaleak musika lagun zutela zeharkatu ostean, manifestariak berriz ere abiapuntura itzuli ziren. Bertan, Leire Garro eta Luis Mari Elizalde irakasleek hartu zuten hitza. Ekimenaren aurkezpenean bezala, salaketa argia egin zuten: azken hamarkadetan «hezkuntza irekia, parte hartzailea, euskalduna eta pluralista» lortzeko egindako lanari modu kezkagarrian eragiten dioten erabakiak hartzen ari dira agintariak, baita komunitate zabal batek landutako bide eta adostasunak «itxuraldatzen» ere.
Erabakiak hartzeko Euskal Herriko hiru administrazio publikoetan darabilten prozedurak berak erakusten du, euren iritzian, «erabaki horien mamia»: «Hezkuntzako eragile gehienen iritziak kontuan hartu gabe, inposizioaren bidetik datoz».
Nabarmendu zutenez, «hezkuntzaren funtsezko helburu bati, euskarari», eragin nahi diote. «Euskarak garatzen jarraitzeko dituen beharrei erantzuten saiatzen ari gara, euskararen berreskurapen osoa eta normalizazioa xede izanik», azaldu zuten. Bide hori desitxuratu nahian, ordea, administrazioek hainbat proposamen egin dituztela salatu zuten; izan ere, euren ustez, «besteak beste, euskararen presentzia lausotu nahi da beste hizkuntzen ikaskuntzaren aitzakia erabilita».
Irizpide ideologiko jakin batzuk ezartzeko ahaleginak ere kritikatu zituzten; esaterako, «Euskal Herriaren kontzeptua bera arlo jakin batera baztertu nahi izatea eta biktimen gaia modu murriztu eta alderdikoian erabiltzea». Azken horri helduta, hezkuntza komunitate osoa bil dezakeen ikuspegia garatu behar dela nabarmendu zuten, betiere irizpide pedagogikoetan oinarrituta. «Hori giza eskubide guztien errespetutik abiatuta, sufrimendu guztiekiko sentiberatasunaz eta elkarbizitzarako adiskidetzea helburu izanda soilik lor daiteke», ohartarazi zuten.
Garrok eta Elizaldek nabarmendu zutenez, hezkuntzak egindako bidea «luzea, ederra eta neketsua» da eta etengabe hobetu beharrekoa gainera. Horregatik «egindako bidean sakondu, irekitasunari eutsi eta adostasunak bilatzeko ahaleginean indarrak metatzeko» deia egin zuten, soilik horrela lortuko baita, beren esanetan, hobetzea.
Hezkuntza arloan hartzen ari diren erabakiekin kezkatuta, unibertsitateko zein derrigorrezko hezkuntzako makina bat irakaslek hartu zuten parte manifestazioan.