GARA > Idatzia > Euskal Herria

Groseko Gazte Asanbladak gaztetxea izango den eraikina okupatu du

Autogestionatutako lokal baten bila hamar urte eman ondoren -tartean porrot egin zuen okupazio bat ere izan zen-, Groseko gazteek auzoan hutsik zegoen lokal bat okupatzea lortu dute azkenean. Donostian zehar informazioa banatzen eta kartelak jartzen ibili ziren atzo.

p025_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Groseko Gazte Asanbladak etxe bat okupatu zuen atzo gaztetxe bilakatzeko. Groseko gazteak denbora luzez egon dira lokal autogestionatu baten bila, orain artean auzo elkartea, kultur etxea eta tabernak zituztelako topagune bakar.

Donostiako Udaleko ordezkariekin elkarrizketak izan dituzte azken urteotan, baina ez dute Groseko gazteak biltzeko lokalik lortu. Hori dela eta, Indianoene kalean, Uliara bidean, hutsik zegoen eraikin bat okupatu zuten atzo. Gros auzoko gaztetxea izango dena prestatzeko 30 bat gazte bildu ziren bertan. Batzuek eraikina garbitu zuten; besteek, berriz, bizilagunen artean eskuorriak banatu zituzten ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. Beste talde batek Donostiako kaleetan zehar kartelak jarri zituen, herritarrek Groseko gaztetxearen berri izateko eta gazteak auzolanera deitzeko.

Groseko Gazte Asanbladak gaztetxearen berri emateko www.grosekoga.net webgunea ere martxan jarri du, nahiz eta oraindik eraikitzen ari diren. Gazteek webgunea lehenbailehen amaitzea espero dute.

Aspaldiko egitasmoa

Groseko Gazte Asanblada 2000. urtetik ari da lokal autogestionatu bat lortzeko ahaleginean. 2006an Donostiatik pasatu zen Gaztetxe Martxa aprobetxatuz lokal bat eskuratzeko aukera ere izan zuen, baina Ertzaintzak okupazio egunean bertan itxi zuen.

Donostiako Udalarekin hainbat elkarrizketa izan zituzten aldez aurretik gazteek, baina, akordio batera iristea lortu ez zutenez, gelditzen zitzaien bide bakarra okupazioa zela erabaki zuten. Hala, Gaztetxe Martxa Donostiatik pasa zenean 20 bat gaztek Grosen erabili gabe zegoen lokal bat okupatu zuten gaztetxe bihurtzeko asmoz. Esan bezala baina, itxaropen hori laster desagertu zen, martxak Donostia utzi bezain laster ertzainek gazteak kanporatu baitzituzten.

Ordutik, Groseko Gazte Asanbladak auzoko gazteek biltzeko toki baten beharra dutela aldarrikatzen jarraitu du, 16 urtetik beherakoek gaztelekuak eta zaharrek zahar etxeak dituzten bezala. Azkenean, Indianoene kaleko eraikina okupatu dute.

kultur eragileak

Gazteak elkartzeko lekuak izateaz gain, kontzertuak, tailerrak, antzerkiak eta era guztietako ekitaldiak egiteko ere balio dute gaztetxeek. Egun 70 gaztetxe baino gehiago daude Euskal Herriko herri eta hirietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo