GARA > Idatzia > Euskal Herria

Porrontxo jaien aldeko manifestua aurkeztu dute

N. B. |

Porrontxoko Jai Batzordeak manifestua aurkeztu zuen atzo Donostiako Udalak ezarritako neurri murriztaileei erantzuteko. 2006ra arte ez zuten inongo arazorik izan Donostiako Egia auzoko jaiak antolatzeko. Ordutik, tirabira ugari izan dira Jai Batzordearen eta Udalaren artean. Aurten, aurreko urteetan ordutegiak bete ez dituztela argudio hartuta, inoiz baino gogorragoa izaten ari da Donostiako Udala. Jai Batzordeak ordutegiak eta soinu maila errespetatzeko konpromisoa hartu badu ere, Udalak ez dela fidatzen adierazi du publikoki. Jai Batzordeari argudio hori ez zaio zilegi iruditzen eta ez du ulertzen nola Udalak auzotarren gozamenerako antolatutako jai batzuk debeka ditzakeen. Horrez gain, kontuan izan behar da Donostiako Udalak auzoetako jaietarako aurrekontua %25 murriztu duela aurtengoan.

Konpromisoak

Egoera ikusita, Porrontxo jaietako koadrilek festak egin ahal izateko hainbat konpromiso hartu dituzte. Soinu maila kudeatzeko batzorde bat sortuko dute, txosnetan soinu mugatzaileak jarriko dituzte eta musika taldeekin eta soinu teknikariekin kontratu bat sinatuko dute. Ordutegiak betetzea ere agindu dute.

Konpromisoak auzoetako jai batzordeen funtzionamendurako araudiaren arabera hartutakoak dira. Betetzen ez badituzte Udalak emandako diru laguntzak itzultzeko konpromisoa ere hartu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo