GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

MUNDUKO KOPA Final-zortzirenak

Berrogei urteko itxaronaldia itxi du Luis Suarezek

Ajax taldeko aurrelariaren golek final-laurdenetara eraman dute Uruguai. Korearren gogoa ez da nahikoa izan amerikarren eraginkortasuna gainditzeko.

p046_f01_333x333.jpg

URUGUAI 2 

HEGO KOREA  1

Amaia U. LASAGABASTER

Azken edizioetako Munduko Kopa makalena izaten ari da Hegoafrikakoa ala, zahartzen ari garenez, iragana bidegabeko malenkoniaz gogoratzen dugu? Aukera tristeak biak, Hego Korea munduko hamasei talde onenen artean dagoela jakitea bezala, edota, are harrigarriagoa, atzo asiarrak gainditu zituen Uruguai zortzi onenen artean dagoela jakitea bezala.

Ez da etnozentrismo kontua, ezta aldaketen aurkako erresistentzia ere. Italiak eta Frantziak merezita alde egin dute; Ingalaterrak eta Alemaniak orain arte erakutsitakoak ez du inor liluratu; Brasilen alaitasuna pitinka-pitinka agertu da, eta, partidak erraztasunez gainditu arren, Argentinak eta Holandak ez dute munduko txapeldun baten itxura eskaini. Final-zortzirenak lehiatzen ari diren taldeek ohore hori merezi izan dute, tradizio eta izenen gainetik.

Eta hori da Uruguai eta Hego Korearen kasua. Oparirik ez zuten jaso multzokako fasea gainditzeko. Justiziak, baina, ez du kontsolamendurik eskaintzen: jokalarien herrikideentzat izan ezik, atzoko norgehiagoka ez zen zaleek Munduko Koparen final-zortzirenetan esperoko luketena izan. Amerikarren aldetik, Luis Suarezen trebetasuna besterik ez zen nabarmendu; Hego Koreak, bere aldetik, gogoa besterik ez zuen ipini. Gutxiegi charruen eraginkortasuna gainditzeko.

Are gutxiago amerikarrei abantaila hartzeko aukera emanez gero. Forlanek probetxua atera zion defentsaren geldotasunari jokaldia eraiki eta Suarezek lehen gola sartzeko. Behin Uruguaik partidua bideratuta, akabo ikuskizuna zaletuontzat. Izan ere, Oscar Tabarezen taldea gustura moldatzen da markagailu estuak defendatzen. Aldiz, Hego Koreak bultzatuta gehiegi atzeratu ziren amerikarrak, eta, hara non, huts egin eta txapelketako lehen gola jaso zuten. Chung Yongek sartu zuen, atezainaren akatsa baliatu eta bere taldearen esfortzua sarituz.

Beldurrak on egin zion Uruguairi. Bigarren gola jasotzeko zorian egon arren, berriro gerturatu ziren amerikarrak Sung-Ryonen atera, Luis Suarezi arratsaldeko protagonista handia bilakatzeko aukera eskainiz. Sekulako gola sartuz eskertu zuen Ajaxeko aurrelariak. Partida itxi zuen golak, baita berrogei urteko itxaronaldia ere; izan ere, 1970ean sailkatu zen azken aldiz Uruguay final-laurdenetara.

 

ARRAKASTAREN ZAIN

Historiako lehen txapeldunak, Mexikon 1970. urtean jokatutako txapelketan gainditu zituen azkeneko aldiz final-zortzirenak. Finalerdietara heldu zen Uruguai orduko hartan; Alemaniako selekzioak kanporatu zuen.

PITXITXIAK

Hego Korearen aurka sartutako golei esker, Luis Suarezek txapelketako golegile nagusiak harrapatu ditu. Higuain, Villa eta Vittekek bezala, hiru gol sartu ditu orain artean Ajax taldeko aurrelariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo