GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Itsaslasterrak: tentuz ibili itsasoan!

Hondartzara egun-pasa joan eta esperientzia txarrik izan ez dezagun, tentuz ibili behar dugu itsaslasterrekin.

p054_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Itsasoak momentu paregabeak bizitzeko aukera eskaintzen digu. Oroitzapenen kutxatxoan maiz izaten da itsasoarekin lotura duen pasarterik; lagunekin halako hondartzan igerian arituko ginenekoa, umeekin olatuetan jolasean ibili ginenekoa, atzerriko portu urrun hartan itsasoari so hizketan izan ginenekoa, itsasbazterrean egin genuen txango lasaigarri hura eta antzeko oroitzapenak. Baina, oroitzapen txarrik ere izan dezakegu, itsasoan inoiz esperientzia txarren bat izan badugu.

Esperientzia txarrenetarikoa ur-lasterrek zein ñimiñoak garen gogorarazten digutenekoa izan ohi da. Segundo gutxiren barruan, itsasoaz gozatzetik beronen jolaserako panpin izatera igaro gintezke.

Udan, ur-lasterrekin esperientzia txar bat ekiditeko modurik onena sorosleen aholkuak jarraitzea da. Lehenik, banderen kodea ikasi behar dugu: bandera gorriak «bainua debekatua esan nahi du, arrazoia edozein delarik ere (arrokak daudela, itsaslasterrak direla edo ura kutsatua dagoela). Eremu horretan ez gara barneratuko. Hegoaldean, bandera horiak itsasoratu gaitezkeela esan nahi du, baina beti ere ura gerritik behera daukagula. Gauza bera esateko, iparraldean ere bandera horia edo laranja ere erabiltzen dute. Bandera berdea da bainua lasai har dezakegula adierazten duen seinalea. Euskal Herriko hondartza guztietan kolore honek esanahi bera du; bainu librea.

Itsas kiroletako banderaren koloreari dagokionez, hau desberdina izan daiteke hondartza batetik bestera. Batzuetan urdin kolorekoa izaten da eta, besteetan, gorri-urdina. Horrek nahasmena sor dezake, izan ere, esate baterako, iparraldeko hondartzetan bainurako eremua adierazten duen bandera ere urdina da. Egokiena, edozein kasutan, hondartza batera iristean sorosleei beraiei edo dakien norbaiti galdetzea izaten da.

Banderak eta sorosleak ez dira urte osoan eta hondartza guztietan izaten ordea, beraz, gutxieneko aholku batzuk ematen saiatuko naiz babesik ez dugun hondartza batera joaten garenerako edo inguruetan zuzen aholkatu gaitzakeen inor aurkitzen ez dugun lekuren batean gaudenerako.

«Itsasoari errespetua izan behar zaio, ez beldurra». Esaldi hau oso ezaguna da, batez ere itsasoaz ezer ez dakienak erabili ohi duelako. Arrantzaleek ere esaten dute, baina, nire ustez, bestelako eran. Zer moduz gauden galdetzen digun lagunari «ondo» erantzutearen gisakoa da arrantzale bati itsasoari buruzko aholku bat eskatzea. Alegia, beti erantzun behar dena erantzungo digu. Izan ere, arrantzaleak itsasoari errespetua ez ezik, beldurra ere badio.

Itsasoa «irakurtzen» ikasi behar da, baina hori oso zaila da eta are zailagoa Mendebaldean ematen zaigun heziketarekin, natura, mendera daitekeen beste objektu moduan ikusten irakasten zaigunean. Horretan ere ez dugu bira kopernikarrik eman, gu geu baikara itsasora moldatu behar garenak eta ez alderantziz. Eta gainera, berau menderatu nahi bada ere, ezinbestean, lehenik ezagutu beharra dago, zentzu horretan gizakiaren ahalmena oso mugatua bada ere.

Hondartza batera iritsi eta apar gehien ikusten den lekua izaten da normalean seguruena, nahiz eta lehen begiradan arriskutsuagoa iruditu. Izan ere, korronteak izaten diren lekuan hondoak sakonagoak dira eta olatuari gehiago kostatzen zaio bertan apar bihurtzea. Horregatik izaten dira liskarrak surflarien eta igerilarien artean, surfean aritzeko eta bainua hartzeko leku egokiena berbera delako, alegia, olatu gehien dagoen eremua. Bestalde, kontuan hartu behar da itsaslasterrak, hondartzara iristen den ur guzti hori bueltan berriz itsasoratzeko ubideak direla. Ubide hauek itsasbeheran oso garbi ikus daitezke, hondartza bat menditik edo gutxieneko altuera batetik behatuz gero. Itsasgoran, ubide horiek ikusi ditugun leku berean sortuko dira itsaslasterrak.

Itsaslasterrei dagokienez, mota askotarikoak daude; itsasaldiek sortuak, haizearen eraginez sortutakoak, ibai-ahoetan sortzen direnak... baina surflariei edo igerilariei gehien eragiten dietenak olatuek eta aparrek sortutakoak dira. Horiek garraiatzen dituzten ur masa handiek sortutako itsaslasterrei erreparatu behar diegu; bainuzaleek eremu horretan igeri egitea ekiditeko, eta surflariei, berauek erabiltzen jakinez gero, errazagoa izango zaielako barruratzea.

Itsaslasterrek alboetarantz ere bultza gaitzakete, ez gaituzte beti barrurantz eramaten. Oso ohikoa da nonbait itsasoratu eta konturatu gabe albo batera edo bestera metro pila bat egitea. Gero uretatik atera eta toalla eta ogitartekoa non utzi ditugun ez dakigula ibiltzen gara galduta. Itsasoratu baino lehen, beti, erreferentzia puntu bat hartu behar da kanpoan, eta bi punturen arteko zerbait bada hobeto, erreferentzia zehatzagoa izango baita. Esate baterako, mendi bat erreferentzia gisa hartzen badugu, beti parean izango dugu, nahiz eta kilometro bat egin alde batera. Bi farolaren erdian ikusten dugun zuhaitz bat aukeratuz gero, ordea, metro gutxi batzuk mugitu bezain laster zuhaitza bi farolen erdian ez dagoela konturatuko gara eta berriz ere lehengo lekura itzuli beharko dugu. Erreferentzia oso garrantzitsua da, etengabe bistatik galdu behar ez den zerbait da, batez ere Landetako parajeen gisakoetan, kanpora begiratu eta bereizgarri berezirik gabe, kilometro luzeetako hondartza edo dunak ditugunean, edo haitzetan gabiltzanean.

Itsaslasterren batek harrapatu eta atera ezinean bagabiltza, ez gara korrontearen aurka ateratzen saiatuko, nahiz eta hau (lehen aipatu dudan Mendebaldeko heziketa honen beste ondorioetako bat) izan ohiko jarrera. Itsaslasterra zulo batean dago, ura itsasora bueltatzeko ihesbidea da, beraz, behin zuloa amaitzen den lekuan, urak itsasoratzea lortu duen eremuan, itsaslasterrak bete du bere egitekoa eta indarra galtzen du. Beraz, zera egin dezakegu, itsaslasterrak indarra galtzen duen lekura garraia gaitzan utzi eta, behin eremu lasaiago batean gaudenean, aparra dagoen lekutik ateratzen saiatu. Horretarako, oso ongi etortzen da olatuak nahiz aparrak txanpan harrapatzen jakitea.

Itsaski oso bortitzak diren egunetan gerta daiteke korronte batek eramaten gaituen lekuan olatu oso handiak lehertzen egotea. Kasu horiek dira arriskutsuenak, korronteak olatuaren kontra bultzatzen baikaitu eta olatuak, berriz, korronterantz eramaten gaitu bueltan eta, hor erdian, olatu bat bestearen atzetik datorrela, behin eta berriz itzulbiraka gabiltzala, erraza da beldurtzea eta indarrak aise galtzea. Muturreko kasu horietan, itsasautsia gainditu, alegia, olatua lehertzen den lekua gainditu eta, ziur asko, beste korronte batek barneratuko gaitu, are eta urrunago, baina atera ahal izateko eremu lasaiago bat topatzeko modu bakarra da. Hala eta guztiz ere, hau muturreko egoera da, surflari bati gerta dakioke olatu handietan ibiltzen baldin bada, baina bainuzaleak oso gutxitan iristen dira halako egoerak ezagutzera. Itotzen den jende gehiena itsaslaster arruntetan hiltzen da, korrontearen aurka igeri eginaz nekea eta beldurraren ondorioz, edo bihotzekoak jota.

Beste norbait larri dabilela ikusiz gero, ez kendu bista gainetik eta sorosleei eman abisua, soilik oso igerilari onak direnek atera dezakete itsasotik ikaraturik eta nekatuta dagoen norbait. Taularekin bagaude beste kontu bat da, askoz errazagoa da laguntzea eta gu ere ez gara arriskuan izango, baldin eta surflari batek erreskate batean inoiz egin behar ez duena egiten ez badugu, alegia, txikota askatu.

Ez da broma. Kontuz itsaslasterrekin! Dakienari galdetu itsasoratu baino lehen, banderen kodea errespetatu, tentuz jokatu urak gerria gainditu ez dezan, kanpoko erreferentzia puntua ez bistatik galdu eta aparrak dauden gunean ibili. Hortik aurrera, gozatu itsasoaz.

larrialdia

Korronte batek harrapatzen bagaitu, onena eramaten uztea da, eta behin leku lasaiago batera garraiatzen gaituenean, laguntza eskatu dezakegu edo geure kabuz apar gunetik atera gintezke. Igerilari onak bagara, albo batera igeri eginda, apar gunera iristen saia gintezke, baina garrantzitsuena larregi ez nekatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo