GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Greba orokorra ekainaren 29an

Enpresan borroka piztea, delegatuen zeregin luzea

Enpresako jarduera gelditu, eten. Horixe da greba orokor batean delegatu sindikalek duten helburua. Horretarako, greba iragartzen den unean hasten dira lanean, langileekin hitz egin eta protestaren eta oro har borrokaren beharra eta garrantzia azpimarratuz.

p002_f01181x112.jpg

Amaia ZURUTUZA

Dena prest da Hego Euskal Herriko lantegietan biharko eguna iristearekin batera enpresetako jarduera gelditu eta langileen eskubideen aurkako neurriei ezetz esateko. Greba orokor baten oinarria den jardueraren etena gorpuzteko, ordea, aurrez ehunka delegatu sindikal lanean ibiltzen dira beste hainbeste enpresatan.

GARA egunkaria Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba egunaren atarian 221 langile dituen Oiartzungo Niessen enpresako LAB sindikatuko hiru delegaturekin bildu da Estatu espainolak ezarri nahi duen lan merkatuaren erreformaren aurrean langileek duten jarrera zein den jakin eta era berean greba orokor bat nola prestatzen duten ezagutzeko. «Mezua argia da eta langileek bat egiten dute; horretan ez dago zalantzarik, jendeak badaki kristoren erasoa dela», azaldu du Oskar Muruak. Euskaraz, ordea, hitzetatik ekintzetara igaro behar dela esan ohi da, eta hortxe dago gakoa Muruaren iritziz. «Kontua da errealitatetik praktikara salto egitea, hau da, teoria praktikan jartzea, hor dago gure lana», argitu du.

Hala, greba iragartzen den unean bertan hasten dira lanean delegatu sindikalak. Kasu honetan, Niessen enpresan LAB sindikatuko lau delegatuk, ELAko beste lauk eta UGTko batek osatzen dute enpresa batzordea. Biharko protesta eguna bai LABek bai ELAk deitu dutenez, lehenik eta behin lantokian egin beharreko lana antolatu eta banatzen dute. Lehen pausoa langileei informazioa helaraztea da. Enpresan propaganda jartzeaz gain, «banaka langileei eskuorri bat banatzen diegu grebaren inguruko informazio guztia azalduz». Ondoren, delegatuek bilkura egiten dute enpresa batzordeak grebarekin bat egin duen erabakitzeko, eta, jarraian, asanblada egiten dute langileekin. Azkenik, enpresa batzordeak eta langileek erabaki dutenaren berri ematen diete enpresako nagusiei.

«Daukaguna kendu nahi digute»

Xabier Larrañagak argi du langileen batasuna ezinbestekoa dela. «Krisia ez dugu langileek sortu, baina gu gara zigorra jasoko dugunak. Beraz, ezinbestekoa da langile guztiak elkarrekin egotea; bestela, guk indarra galtzen badugu, patronala indartsuagoa sentituko da eta ez da atzera botako». Greba egun jendetsu eta arrakastatsu batek, gainera, «morala» igotzen duela diote. «Denak elkarrekin ikusteak morala handitzen dizu, bai, eta gaur egun unea da denok bat egiteko eta erasoei erantzuteko», argitu du Muruak ziurtasunez. Izan ere, «oraingoan kontua ez da zerbait ez digutela emango, baizik eta duguna galdu egingo dugula, daukaguna kendu nahi digutela».

Bizi dugun egoera latza gogoan, historikoki greba eta borroka langileen tresnak izan direla gogoratu dute. Niessen enpresan, esaterako, duela urte batzuk arazo dezente izan zituzten langileek enpresako nagusiekin. Rakel Vicente Realek oroitzen duenez, «langile gehienak batu ziren borroka egiteko»; borrokari esker langileentzat eskubideak lortu zituztela ere azpimarratu du. «Konturatu behar gara orain daukaguna urtetan jende pila batek egindako borrokagatik dugula», dio. Ildo berean, «30 urte atzera egingo dugu eta urtetan egindako hainbeste borroka orain, bat-batean, galduko ditugu?», galdetzen du Muruak. Honakoa ere gaineratu du: «Guk borroka beharrezkoa ikusten dugu». Izan ere, ez daude ados «urte hauetan borrokaz lortutakoa orain berriro kapitalismoari bueltatzeko beraiek beren etekinak mantentzeko, inolaz ere ez».

«Sistema honek eraso berri bat egin digu, eta ez da azkenekoa izango zoritxarrez», azaldu du Muruak, «eta horri aurre egiteko borrokatu egin behar dugu, derrigorrez». Zentzu horretan, Muruaren iritziz batzutan borrokaren emaitza epe motzean ikusten ez bada ere, «etorkizunari begira beti dakartza ondorioak». Hala, «eraso joera baten aurrean ez badiozu sistemari aurre egiten sistema indartu egiten da eta gero eta eraso handiagoa egiten dizu. Horregatik aurre egin behar zaio eta erasoa gelditu egin behar da».

Horiek horrela, enpresetan borroka pizteko garai da Niessengo LABeko delegatuen iritziz, eta horretarako aritu dira lanean, beste asko bezala. Helburua argi dago: bihar Hego Euskal Herriko enpresak basamortu bihurtzea eta bertan egunero lanean aritzen diren milaka emakume eta gizonen eskubideak murriztea onartzen ez dutela aldarrikatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo