GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Erasoak neutralizatzeko dugun gaitasunaz ez gara jabetzen»

p016_f01_148x125.jpg

Ion Telleria
Militante independentista

Madrilgo euroagindu-eskaera tarteko atxilotu zuen Polizia frantsesak ekainaren 9an, Senperen. Paueko epaitegiak datorren asteartean jakinaraziko du bere erabakia. Beste askori bezala, gazte mugimenduan militatzea leporatu diote. Argi du «mugimendu politiko baten kontrako erasoa» dela.

Arantxa MANTEROLA |

Gazte askok bezala, independentziaren aldeko konpromiso argia erakutsi duzu. Orain konpromiso horrek espetxeratua izateko atakan jarri zaitu.

Zoritxarrez, ikuspegi kolektibotik begiratuta, ez da gauza berria. Euskal Herrian disidentzia politikoaren parte garenontzat eta independentismoaren al- dean antolatzen garenontzat prezio oso garestia daukate jarria estatuek. Segi-ren bueltan irekitako auzietan gertatutakoa ikusita, sei eta hamar urte arteko espetxe zigorra jasotzeko mehatxupean gaude. Halere, egindakoa uste osoz egin genuen eta, gu bezala, ehunka eta milaka herritarrek hartzen dute konpromisoa prezioa oso garestia izan arren.

Hainbat gaztek Ipar Euskal Herrian bizitzeko hautua egin du, jarduera politikoagatik jasaten duen jazarpenak bultzatuta. Zu ere egoera horretan zaude.

Egoera ezberdinak daude. Nire kasuan, beste kontu pertsonalek lotzen naute Lapurdira. Nire ustez, orokorrean, militantearen helburua ahal duen lekuan bere lana jarraitzea da. Hegoaldean jazarria zarenean eta libratzea lortzen duzunean, Ipar Euskal Herrira etortzeak lanean jarraitzeko aukera ematen dizu. Historikoki, belaunaldi ezberdinek bizi izan duten egoerak dira.

Espainiako zenbait komunikabidek sekulako erasoa burutu ostean etorri ziren maiatzean egindako atxiloketak, bai eta zeurea ere. Agintari frantsesengan eragina izan ote du komunikabideen kanpaina horrek?

Zaila da neurtzea Estatuek zeren arabera jokatzen duen baina, nire ustetan, bi gauza argi erakusten ditu: alde batetik, propaganda mediatikoa ikuspegi errepre- sibo eta politikotik nola erabiltzen duten eta, bestetik, errepresioaren izaera politikoa bera. Gure militantzia politikoa ukatuz, delitugile edo gaizkileen pare jartzen gaituztelarik, horrelako adibideek agerian uzten dute errepresioa arma politikoa dela, estatuek modu batera edo bestera eta komeni zaien neurrian erabiltzen dutena.

Gu ez gaituzte jazartzen Kode Penala urratu dugulako, gure disidentziagatik eta lan politikoagatik baizik.

Nola baloratzen duzu Estatu frantsesa azken garaiotan militante independentisten aurka garatzen ari den ildoa?

Lehenik eta behin, gogoratu behar da estatuek ez dutela beren aparatu errepresiboa martxan jartzen minik ematen ez dien mugimendu baten aurka. Garai batean Ipar Euskal Herrian izan zen halako oldartze bat Parisen aldetik, eta ez kasualitatez, jakina, independentismoaren indartzearen ondorioz baizik. Egun ere antzeko egoera batean gaude. Hor daude, esaterako, hamarka gazte komisariara deitu izana edota DNA fitxatze masiboak. Askotan, ETAren borroka armatuaren edota kale-borroka ekintzak hartzen dituzte aitzakiatzat errepresioa justifikatzeko baina, muinean, argi eta garbi dago estatuek jazartzen eta kolpatzen dutena borroka planteamendua duen mugimendu politikoa dela.

Espainiaratutako militante gehienak gazteak izatea kasualitatea al da edo ildo berezitua daramate estatuek?

Ez da kasualitatea, jakina. Azken urteotan Euskal Herrian izandako sarekaden balorazio azkar bat eginda, agerikoa da norbaitek bulego politikoetan erabaki zuela euskal gazteriaren kontrako eraso bortitza garatzea. Gazte belaunaldi berri bat borrokara -esparru eta modu askotarikoan eta ez soilik ezker abertzalearen baitan- batzen ari zela ikusita, plangintza orokorra diseina- tu zuen gazteak desaktibatzeko.

Bide horretan, tresna asko erabiltzen dituzte, (modak, drogak, Euskadi Gaztea...) eta konpromiso handiena duen gazteriaren kontra, errepresio gordinagoa. Azken bi urteotan eskualdez eskualde egin dituzten sarekada eta egitura politiko osoaren kontrako erasoen ondorioz, ia 200 gazte atxilotu eta horietatik asko torturatu eta espetxeratuak izan dira. Hiru milioi biztanle dituen herri bat garela kontuan hartuta, sekulako astakeria da.

Euroaginduak eskatzea ez da kontu berria baina, halere, ekintza politiko publikoa delitutzat onartzeak, are gehiago Ipar Euskal Herrian Segi ilegala ez denean, ez al luke harritzekoa izan behar?

Euskal Herrian gertatzen dena ikusirik, hemendik kanpo gauza asko harrigarriak eta ulertezinak dira. Hemen, de facto, salbuespen egoeran gaude. Segiren kasuan, Ipar Euskal Herrian legez kanpo utzi ez duten arren, argi da bi estatuek Euskal Herria aske izateko nahiari aurre egiteko helburu komuna dutela. Estatu bakoitzak bere erritmoak eta tresnak ditu. Estatu frantsesa ez da oraindik espainolaren mailari iritsi, baina ezker independentista indartzen doan neurrian, litekeena da gero eta antz handiagoa hartzea.

Alta, «bere» hiritarren kasuan oraingoz ez da ausartu Espainiaratzeko urratsa egiten. Zergatik, zure ustetan?

Horren arrazoi zehatzak jakitea zaila da. Azken kasuan -Batasuneko kide Aurore Martinena- kontuan hartzekoa da eskaeraren kontra jasotako babes soziala eta politikoa oso zabala izan dela eta, gero, Espainiak ofizialki hiritartasun frantsesa duen herritar bat entregatzea eskatzen duelarik, Parisentzat ere beste faktore ezberdina da.

Zure kasuan abertzale ez den erakunde batek -NPA- salaketa egin du. Gehiegikeriaz jabetzen hasi ote dira?

Beno, Aurorekin harreman lan handia egin zen babesa artikulatzeko eta ondotik etorri da NPArena. Urrats txiki bat dela uste dut, eta aurrerago ikusiko da bestelako eraginik duen. Baina honen harira, hausnarketa bat nabarmenduko nuke. Izan ere, askotan ez gara jabetzen errepresioa neutralizatzeko zer nolako gaitasuna izan dezakeen herri honek. Atxiloketak eta antzekoak gertatzen direlarik protesta egiten dugu gure haserrea adierazteko, baina ez gara ohartzen errepresioa neutralizatzeko dugun gaitasunaz. ``Egunkaria''ren kasuak, esaterako, argi utzi du lortutako herri babes sendoak eragina izan duela erasoa neutralizatzeko. Aukera eta eszenatoki berriez hitz egiten ari garen fase politiko berri honetan, kontuan izateko gogoeta dela uste dut. Parisi eta Madrili zer den zilegi eta zer ez erabakitzea ezinezko egiteko indar bilketa egiten jakin behar dugu. Egoera berrietara iritsi nahi badugu, eta erasoak etengabeko kontua izango direla kontuan izanik, erasoen kontrako herri-harresia eraikitzea lehentasuna da. Herri-aktibazioaren bidez estatuen erasoak neutralizatzea posible eta egingarria da.

ESTRATEGIA

«Euskal gazteen kontrako errepresioa bulego politikoetan erabakitako estrategia da, disidentzia eta borroka politikoa desaktibatzea helburu duena»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo