GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Asteburua jaietan eman ondoren, San Pedro eguna ospatzeko dute oraindik Pasaian

GARA | PASAIA

San Pedro eguna oraindik iristear badago ere, egunak daramatzate Pasai San Pedron sanpedroak ospatzen. Hain justu ere, aurreko ostiral iluntzeko zortzietan bota zuten jai hasiera iragartzen duen txupinazoa. Aurtengoan, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia antolatzeaz Pasaia-Lezo Lizeoa arduratuko denez, ekimen horretako kideak arduratu ziren jaiari hasiera emateaz ere. Handik aurrera, asteburu bete ekitaldi izan dute sanpedrotarrek, Udalak zein herriko hainbat eragilek antolaturik. Helduen danborrada, kontzertuak, haur-bazkaria, koadrilen arteko «abordajea», sokamuturra, antzezlanak edo herri afaria izan dituzte, besteak beste, asteburuko egitarauan. Kalera irteteko arrazoirik behintzat ez zen falta!

Festarako bezalaxe, protestarako eta aldarrikapenerako tartea ere egin zuten asteburuan San Pedron. Hala, larunbat eguerdian presoen aldeko bazkaria egin zuten eta, iluntzean, manifestazioa auzoko kaleetan barrena.

Gaur berriz, asteburuko ondorena oraindik gainean dutela, jai giroari eutsiko diote. Goizeko hamaiketan emango diote hasiera egitarauari, Herriko Plazan haur eta nerabeei zuzendutako ekimen batekin. Euskrabel jokoan eta lasterketan parte hartu ahal izango dute etxeko gaztetxoenek «Tratu ona nahi dut, pasa hitza» ekitaldian. Eguerdi partean, berriz, sukaldean zer nolako abilezia duten erakusteko aukera izango dute herritarrek ikastolako arkupeetan egingo den paella lehiaketan. Eguerdian, prestatutakoa jateko ordua izango dute koadrilek Herriko Plazan egingo duten koadrilen arteko bazkarian.

Arratsalde partean haurrak bihurtuko dira jaietako protagonista. Izan ere, bazkalondoan «Beldurraren etxea» saioa eskainiko dute Hipo eta Tomax pailazoek; geroxeago, 17.30 aldera, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira kaleetan barrena.

Jan-edanaz gain, bestalde, kirolari ere egingo diote tarterik San Pedron gaur iluntzean; hala, 18.00ak aldera txikienen eskupilota txapelketa jokatuko da. Horren ondotik, Arraunlari kalean «txirrika-txarraka proba» egingo da. Aurreko egunetan bezala, gaur ere izango da aldarrikapenentzako txokorik. Gauzak horrela, 20.30 inguruan gay eta lesbianen ikurrinaren igoera egingo dute Herri Plazan txarangak lagunduta, eta gero kalejira egingo da herriko kaleetako giroa alaituz. Gauean, Bertsosaound System taldearen kontzertua izango da kaian, eta HDH eta Jabi DJek jarraituko dute.

Biharkoa berriz, jaietako azken eguna izan arren, egun handia izango da, San Pedro eguna. Dianarekin hasi, haur artzain eta inudeen kalejira, txikien danborrada, sardina-jana eta erromeria izango dira egunean zehar. Gauean, berriz, nekeari aurre egin nahi diotenentzat, zezensuzkoa ibiliko da Arraunlarin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo