GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Goiherrik eman du lehenengo kolpea

J.L.

Goiherrik denboraldiko bigarren txapela eskuratzeko lehen urratsa eman zuen atzo Loiun, 600 kilotako lehen jardunaldia irabazi egin baitzuen, eta hastapenetik garbi utzi nahi izan zuen zeintzuk diren faboritoak.

Ezustea Gaztediko talde mistoak eman zuen. Hala ere, kontuan izan behar da talde hau bederatzi tiralarirekin aritu zela, lau neska eta bost mutil, gainerako taldeak baino tiralari bat gehiagorekin, eta, gainera, 70 kilo gehiago zituzten, eta hori asko nabaritu zen.

Hala ere, Goiherriko lehen taldeak lortu zuen garaipena, jokatutako tiraldi guztiak irabazita. Berdeak 640 kilotakoa irabazita datoz, eta pisu honetan ere garaipena erdiesteko ez zuten arazorik izan, jokatutako denetan garaile atera baitziren nagusitasuna erakutsiz.

Bigarren sailkatu zen Gaztediko talde mistoa. Laukizkoek Goiherrirekin bi tiraldiak galdu egin zituzten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta amaieran, nahiz eta lagun bat gehiagorekin aritu, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Hirugarren, eta lan bikaina egin ostean, Aresoko taldea sailkatu zen. Nafarrak oso ongi aritu ziren, baina ezin izan zituzten mendean hartu Goiherri eta Gaztediko talde mistoa, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Lehen bi taldeekin galdu egin bazuten ere, gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten.

Laugarren postuan, berriz, Mutriku sailkatu zen. Gipuzkoarrak uste baino okerrago aritu ziren 640 kilotako lana kontuan hartuz gero, baina pisu batetik bestera aldea izaten da, eta atzokoan ezin izan zuten laugarren postua gainditu. Aurreko hiru taldeekin galdu egin zuten, baina Goiherri B, Gaztedi eta Getxo hartu ahal izan zituzten mendean.

Bosgarren postuan Goiherri B sailkatu zen. Erandioko bigarren taldeak Gaztedi eta Getxo bakarrik menderatu ahal izan zituen, gainerako guztiekin galdu egin baitzuten.

Seigarren postuan Getxo sailkatu zen. Gaztediri bakarrik irabazi ahal izan zion. Gaztedi sailkatu zen azkena. Onenak talde mistoan aritu ziren, eta besteek ezin izan zuten azkeneko postua gainditu.

Eguneko sailkapena honela geratu da puntuetan: lehenengo, Goiherri A, 7 punturekin; bigarren, Gaztedi mistoa, 6 punturekin; hirugarren, Areso, 5 punturekin; laugarren, Mutriku, 4 punturekin; bosgarren, Goiherri B, 3 punturekin; seigarren, Getxo, 2 punturekin eta, azkena, berriz, Gaztedi, puntu batekin. Sailkapen nagusia ere era berean eta puntu berberekin geratu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo