GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Bikaina eguna, bai, pikutara joateko

Zer espero zezakeen McChrystalek egungo egoeran? Afganistandik ahalik azkarren ihes egin nahi duen iritzi publikoak heroia bailitzan hartuko zuela?

Estatu Batuetako hedabide idatzietan behintzat, modako auzia dirudi egunotan: zergatik egin du hori? Zergatik lau izarreko jeneral estatubatuar ospetsuenak bota du pikutara bere karrera distiratsua aldizkari inozo bateko kazetari mozolo bati eginiko adierazpen ergelekin? Zergatik 35 urtez eliteko unitate nagusienetan gailenki aritu ondoren duela urtebetetik Afganistanen buru gorena zen Stanley McChrystal jeneralak ez dio bera kargutik kendu eta hutsunea ahal duen bezala betetzea beste aukerarik utzi Obama komandante-buruari?

Mundu guztia konturatzen baita Estatu Batuek egun duten gerra fronterik zailenean iskanbila gainditzeko Etxe Zuriak inprobisatu behar izan duen konponketa hala moduzkoa dela: McChrystal baino zaharragoa ez ezik gaixotasun larri batetik atera ezinik dabilen pertsona da Petraeus jenerala. Duela hilabete eskas, kongresu-kideen aurrean erori zen zorabiatuta. Beraz, ez dirudi talibanak bereziki aztoratuko direnik haren jakite akademikoen eta Irakeko arrakasten oihartzunarekin. Eta L. Panetta, CIAko buruak iragan asteburuan egin duen diagnostikoa gordina izan da, ikuspegi horretatik: «beraiek galdu -eta Estatu Batuek irabazi- dezaketela ikusten ez duten bitartean, ez dira negoziaketa bidean ipiniko talibanak». Zergatik, orduan, McChrystalen ateraldia... une honetan?

Erantzunik krudelena hobesten dute batzuek. Hau da, gisako israeldarrei buruz haien herrikideek asmatu omen zutena: «hain zen kaikua jeneral hura, ezen bere kideak ere jabetu egiten ziren». Ingurumari hauetan, «Inteligentzia militarra» izenburuko liburuxkaren bitartez ospetsu egin zen tesia, alegia. Baina benetan ez dirudi McChrystal horren kaikua denik. Ezta ere edalea, beste hainbaten kasuan bezala.

Protagonista izarduna, eta Estatu Batuetako armadaren historia pittin bat ezagutzen dutenek, aurrekarietara jo dute zergatiak aurkitu nahian, noski. Eta denek ekarri dute gogora McArthur-Truman auzia, Koreako gerraren ez-atzera-ez-aurrerako testuinguruan. Kidetasunak nabarmenak direla ezin uka. Baina beroiexek egiten dute oraindik zailagoa McChrystalen jokaera ulertzea: 1951ko abagune asaldagarri hartan lehendakari ilun batek gain hartu bazion jeneralik ospetsuenari... zer espero zezakeen McChrystalek egungo egoeran? Afganistandik ahalik azkarren ihes egin nahi duen iritzi publikoak heroia bailitzan hartuko zuela?

Ez da batere zientifikoa, ezta ere oso arrazoizkoa, izango, baina beste esplikazio bat bururatzen zait niri. Izan ere, denok dakigu egun jakin batzuetan hobe dela ezertxo ere ez egitea. Geure galbiderako aritu nahi ez badugu behintzat. Adibidez, jeneral estatubatuar batek garbi jakin behar luke hobe duela ekainaren 25ean ezer ez egin. Zergatik? A good day to die: George A. Custerrek 1876an Little Big Hornen lotsagarriki borrokaldia eta bizia galdu zueneko eguna delako.

Ekainaren 25eko alerako erreportaia egin ahal izatea eskatu zion «Rolling Stone» hamaboskariak McChrystal jeneralari. West Pointeko hainbat bazterretan ageri zen fantasma hari gertatua ikasteko betarik ez ote zuen izan, ala ahaztu egin zaio?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo