GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irungo gazteak jaun eta jabe egunez zein gauez

Gazteei zuzendutako jai eskaintza faltari aurre egiteko sortu zen koadrilen arteko bazkaria egiteko ideia Irunen. Hala, iaz egin zen lehen aldiz bazkaria Betti Gotti kultur taldearen eskutik. Larunbatean, aldiz, bigarren bazkari herrikoia egin zen; jende andana bildu arren, asko izan ziren Udalaren eskaintzaren zain itxaron zerrendan gelditutako gazteak.

p024_f03.jpg

Oihana LLORENTE

Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, aurtengo jai egitarauan berriz ere bota du hordagoa Betti Gotti kultur elkarteak; ez nolanahikoa gainera, leku gehiago eskaintzeaz gain, berrikuntzekin etorri baita koadrilen bigarren herri bazkaria. Larunbatean, 27an, egin zuten herri bazkaria lepo betetako Ficoba erakustazokan, eta, sortutako giro itzelak, Irungo Udalaren jai programak dituen hutsuneak ageri-agerian utzi zituen.

Azken San Martzialetan egin zuten lehen herri bazkaria, eta, Joxeja Zabalo Betti Gotti kultura elkarteko kideak azaldu zuen eran, bigarren bazkari honekin «gazteei zuzendutako eskaintza faltari alternatiba ematea» bilatu dute. Udalak antolatutako jai egitarauan festa giroa gauez bakarrik sortzen dela eta egunean zehar «ekitaldi eskasia itzela» dagoela deritzo Betti Gottik. Hori ikusita, antolatutako bazkariarekin «egunean zehar ere parranda egotea» bultzatu dute.

Iaz 600 lagun batu ostean, aurten 800 lagunentzako eskaintza prestatu dute. Haatik, eskaintza txiki gelditu zaie berriz ere: bi aste eskasetan agortu ziren sarrera guztiak eta txartela erosteko ilarak eta guzti izan zituzten EKT elkartearen kanpoaldean. Gertatutakoa «gazteen gogo eta beharraren erakusleiho» da Zabaloren ustez.

Bazkariaz haratago, egitaraua oparoa eskaini du aurten Betti Gottik. Berrikuntza nagusiak goizean zehar egindako olinpiada herrikoiak eta eguerdiko kalejira izan ziren.

Goizeko hamarretatik aurrera giro ezin hobea izan zen Irungo Mosku plazan. Koadrilen arteko lehia bizian, ondo baino hobeto pasa zuten goiza olinpiadetan parte hartu zuten iruindar gazteek. Euren abileziak jendaurrean frogatu ostean, denak elkarrekin bazkaltzera joan ziren jai giroan; izan ere, kalejira egin zuten Ficobara bitartean txaranga eta batukada soinuek lagundurik.

Ficoban bapo bapo bazkaldu ondoren, sarien txanda iritsi zen. Ator edo kamiseta ikusgarriena zeraman koadrilak zortzi lagunentzako bidaia eskuratu zuen Port Aventurara; bigarren geratutako koadrila ere ez zen esku hutsik geratu, landa turismoko etxe batean egonaldia eskuratu baitzuen. Olinpiadetako koadrila garaileak ere izan zuen bere omenezko oparia.

Bazkaria DJek girotu zuten, baita ederki girotu ere. Hala, parrandak luze jo zuen Irunen.

udalekuak

Urtero Zuhatzako irlan Betti Gottik antolatzen dituen udalekuei diru laguntza kendu die aurtengoan Irungo Udalak. Horregatik, udalekuak laguntzeko erabiliko da bazkarian bildutako dirua.

itxaron zerrenda

Itxaron zerrendan gelditutako gazteek arratsaldean bertan disfrutatu ahal izan zuten Betti Gottik prestatutako eskaintzarekin. Izan ere, DJak izan zituzten Ficoban jaia girotzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo