GARA > Idatzia > Kultura

Ipar Euskal Herriko memoriaren ondarea etxera itzuli da

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikerlariek urteetan euskal artxiboak Euskal Herriratzearen alde egindako aldarrikapena orain dela hamabost egun bilakatu zen egia Baionan ireki zuten artxibategiari esker. Orotara 35 milioi artxibo jaso dituzte bertan; hau da, artxibategiak har dezakeenaren herena.

p041_f01_177x132.jpg

Ainize BUTRON

Askok dute oraindik ere oroimenean Demo mugimenduak bere garaian Auzapezen Biltzarreko artxiboa Euskal Herriratzeko egin zuen ekintza. Ekimen ikusgarri hori baina borroka luze baten adibide bat besterik ez da, duela bi aste arte Pauen bilduta zeuden Euskal Herriko artxiboak Baionan kokatzeko luzaroan borrokatu baitira euskal ikerlariak.

Agintariek artxibategia Baionan kokatzeko egitasmoa 2002an azaldu bazuten ere, 2010. urtera arte itxaron behar izan da Baina Ttipitik bost minutu eskasera eraiki duten artxiboaren ateak zabalik ikusteko. 3.000 metro karratuko zabalera eta harrizko monolito baten antza du, eta luzera 4,5 kilometro hartzen duten 35 milioi dokumentu biltzen ditu jada. Besteak beste, lekuko erakundeen artxiboak, justizia arloko agiriak edo notario, erietxe eta arkitektoen artxibo pribatuak daude lau solairutan banatuta.

Artxiboen iraupen eta segurtasuna ziurtatzeko, punta-puntako teknikak baliatuko dituzte. «Luzaro itxaron dugu, baina bitarteko tekniko ezin hobeak ditugu egun artxiboak mantentzeko. Artxiboek gure nortasuna eraikitzen dute, memoria kolektiboa osatzen dute. Azken finean, iraganaren lekukotasunak dira», nabarmendu zuen Monique Larran-Lange Kontseilu Nagusiko lehendakariorde eta kultur arduradunak.

Ez dute artxibo denak ekartzerik izan

Artxiboak 18ºC-ko tenperaturan eta %55eko hezetasun iraunkorrean mantendu behar dira. «Artxiboak 20 eta 30 urte bitartean izan ahalko dira hemen. Horrela da artxibategi guztietan», argitu zuen Etienne d'Alençon zerbitzuko arduradunak. Halaber, Euskal Herriarekin lotutako artxibo guztiak Baionara ekartzerik izan ez dutela gogoratu zuen.

«Departamenduko artxibategiak Frantziako Iraultzan sortu ziren. Garai horretan gaur egungo departamentua ez zen existitzen. Artxiboak multzoka sailkatzen ditugu, multzo hautsezinetan. Horregatik ezin izan ditugu artxibo batzuk Baionara ekarri», argitu zuen. Horren adibide dira Oloroeko Suprefeturaren artxiboak. «Atharratze eta Mauleko kantonamenduak biltzen ditu, baina baita Biarnokoak ere. Ezin dira banatu. Aldiz -zehaztu zuen-, Atharratzeko herriarenak hemen daude».

Pauetik 35 milioi artxibo Euskal Herriratu dituzte eta artxibategia dokumentu asko berreskuratzeko lanean hasi dira jada. «Hainbat herriko etxek ez dituzte artxiboak sekula Pauera bidali. Horrez gain, laster Biarritz eta Donapaleuko auzitegiak itxiko dituztenez, bertako dokumentu guztiak ere hartuko ditugu», erran zuen. Ildo horretan, berriki Baionako zergen zentroan aurkitutako dokumentuak aipatu zituen. «Gaur bertan ikusi ditugu. Oso egoera txarrean daude denak, bertan ahantziak zituztelako. Horrelako beste sorpresa batzuk izanen ditugu ziurrenik», bukatu zuen.

Artxibo guztiak biltzen dituen kutxa erraldoiaren inguruan kokatzen dira bai administrazioaren bulegoak bai publikoari irekitako gunea ere. Azken gune horretan, 50 lagunentzako lekua dago. Bertan, dokumentu originalak, soinu artxiboak zein mikrofilmetan daudenak ikusteko aukera dute artxibora hurbiltzen direnek.

Artxibo zaharrena: Baionako apezpikutzaren 983 urteko dokumentua
Baionako artxibategiak zenbait altxor ezkutatzen ditu. Izan ere,  Pirinio Atlantikoetako departamenduko dokumentu zaharrena dago bertan, hain zuzen ere apezpikutzaren 983 urteko dokumentu bat. Gomez anaia arkitektoen artxiboekin batera, Etienne d’Alençonek azpiegiturez arduratzen diren ingeniariak biltzen dituen erakundearen artxiboak goraipatu zituen. «Euskal Herriko hiri gotortu guztietako gotorlekuen planoak daude. Ikusgarriak dira», aipatu zuen. Horiekin batera, artxibo soinudunak nabarmendu zituen. Euskal Kultur Erakundeak egin ditu eta horietan pastoralen, maskaraden, pilota partiden... lekukotasunak entzun daitezke. A.B.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo