GARA > Idatzia > Mundua

Txinak eta Taiwanek merkataritza hitzarmen historikoa sinatu dute

Txinak eta Taiwanek, 1949tik elkarri bizkarra emanez bizi direnak, merkataritza akordio historikoa sinatu zuten atzo Chongqing hirian. Aurrerantzean, hainbat produktuk ez dute aduanako zergarik ordaindu beharko. Halere, Taiwanen Txinaren eraginaren beldur dira.

Peter HARMSEN (AFP)

Taiwanek eta Txinak merkataritza arloko hitzarmen historikoa sinatu zuten atzo. Hala, 60 urtez banandurik egon diren uhartearen eta kontinentearen arteko harreman ekonomikoak berreskuratu dituzte. Erlazio politikoa ere berrabiaraz daiteke, Taiwanen neurri horren kontra daudenen haserrerako.

Chongqinen (Txinako hegomendebaldeko metropolian) sinaturiko Elkarlan Ekonomikorako Hitzarmenak (ACCE) merkataritza arloan aukera handiak eskaintzen ditu, eta azken bi urteotan Txina eta Formosa ohiaren hurbilketak emandako emaitza da. Txinako nazionalistek Formosan lortu zuten aterpea 1949an komunistek herrialde osoan garaipena eskuratu zutenean.

«Hitzarmen honek garai berri bat irekitzen du bi aldeen arteko harreman ekonomikoetan. Horrez gain, aurrerapausoa da bientzat eskualdeko integrazio ekonomikoa eta mundializazioaren joera orokorrean», adierazi zuen Taiwaneko negoziatzaile buru Txiang Pin-kungek.

Akordioak merkataritzaz eta aduanako zergez baino ez du hitz egiten, baina Taiwanen oposizioko kideetako batzuek akordio hau arlo politikoan, bi herrialdeak berriz batzeko bidean, urrats arriskutsua izango den beldur dira.

«Honek uhartea kontinentera hurbil dezake. Taipei ekonomikoki menpekoagoa den heinean aukera politiko gutxiago ditu», adierazi zuen Taipeiko Sootxow Unibertsitateko zientzia politikoetako aditu Iang Iung-mingek.

Joan den larunbatean, hamarka mila lagun manifestatu ziren Taipeiko kaleetan akordioaren aurka, Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren (independentziaren aldekoa) deialdiari jarraituz, «Taiwan salbatu» lelopean.

zergarik ez

Akordio berriari esker, Taiwanek Txinan saltzen dituen 539 produktuk ez dute aduanako zergarik ordaindu behar izango eta Txinak Taiwanen saltzen dituen 267 produktuk ere ez dute zergarik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo