GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Greba orokorra

Erabateko lanuztearekin erantzun dio Goierrik lan erreformari

p009_f0228669.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Itxita. Horrela esnatu ziren Goierriko herriak atzo goizean, eta horrela iraun zuten egun osoan. Denda eta komertzioetan giltzarrapoak jarrita, pertsianak jaitsita... eta Eroski, Lildl eta Carrefour merkataritza gune handiak ere itxita. Horrela igaro zen eguna zerbitzu eta administrazio publikoetan ere; greba erabatekoa izan ez bazen ere, hainbat udaletxe, ikastetxe, kiroldegi eta osasun zentrotan soilik zerbitzu minimoak izan ziren. Zer esanik ez, bestalde, eskualdeko ekonomiaren oinarri diren metalgintzako industria handietan: CAF, Irizar, Indar, Jaso, Ampo, Bellota, Estanda, Autowag, Azkar, Aluminox eta STO, beste askoren artean, geldirik egon ziren egun osoan. Goierrialdea autobus konpainia, ostera, egunero bezala aritu zen lanean.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak Gobernu espainolak iragarri duen lan erreformaren aurka deitutako greba orokorrak «erantzun masiboa» izan duela jakinarazi zuten sindikatu deitzaileek eta horren isla izan zen Goierri. Goizaldeko bost eta erdietarako eskualdeko lantegi handietako atarietara jo zuten dozenaka langilek grebaren berri eman eta lantegiak martxan jar zitezen ekiditeko asmoz. Imanol Urrestarazu Beasaingo CAF enpresako LABeko ordezkariak GARAri azaldutakoaren arabera, lantegi guztiak itxita zeuden ordu horretan; eta ikastetxe edo zentroren bateko langile gutxi batzuekin izan ezik, ez dute inolako arazorik izan.

2.600 langile inguru dituen enpresa da CAF eta, langileen asanbladan erabaki bezala, greba eguna izan zuten atzokoa. Haserre agertu zen Urrestarazu hainbat hedabidek CAFen gainean emandako albisteengatik. «Zuzendaritzakoak eta gutxieneko zerbitzuetakoak joan dira lanera, denera 20-25 inguru izan dira; greba erabatekoa izan da CAFen», zioen.

Langabezia ia bikoiztu

Goierriko enpresa gehienak metalgintzan aritzen dira eta horixe izan da egoera ekonomikoaren okertzeak Goierrin gogorren jo duen sektorea. Zehazki, 2008ko urtarrilean 1.079 langabe zeuden eskualdean, eta egun, 2.063raino igo da zifra. Era berean, azken bi urteotan langile asko eta asko dira, enpresen lan erregulazio espedienteak direla-eta, aldi baterako etenaldiak izan dituztenak. Mari Mujika Goierriko LABeko arduradunaren esanetan, gainera, «azkenaldi honetan etenaldi horiek kaleratze bihurtzen ari dira».

Egun hauetan lan erregulazio espedientea dela-eta geldirik dagoen enpresetako bat da Olaberriko Arcelor Mittal. Bertako langileen bidez jakin ahal izan dugunez, duela bi aste lantegiko zuzendaritzak ohar bat atera zuen produkzioan errekorra egin zela-eta langileak zoriontzeko. Orain, aldiz, ekainaren 24tik 30era, geldirik dago lantegia, eskaerak jaitsi egin direla argudiatuta. Kontua da baina, Arcelor Mittalek Estatu espainoleko planta guztietarako 2009rako eskatu zuen espedientea aplikatu gabe zegoela Olaberrian; gero, 6 hilabeteko luzapena izan zen eta ekainean amaitzen zen epea. Enpresa horretako sindikatuetako iturriek jakinarazi zutenez, krisi aurreko produkzio neurrietara iristen ari dira orain eta, euren ustez, justifikaezina da orain lantegia astebetez gelditzea. Zuzeneko 50 lanpostu galdu dira enpresa honetan 2 urtean, eta azpikontratazio bidezko 150, nahiz eta azken hauek pixkanaka berreskuratzen joan diren.

Espediente bidez galdu den enplegu gutxi izan da, ordea, Goierrin. Krisia hasi zenean goitik behera erori zen enpresa bakanetakoa izan zen Idiazabalgo Jaso. Mujikaren arabera, behin-behineko kontratua zuten langileak galdu dira; «gazteak, etorkinak eta emakumeak dira langabezian geratu direnak, batez ere», zioen berak.

Bestalde, Mujikaren arabera, lan erreformarekin «orain arte harturiko neurriak, kaleratzeak edo lan erregulazio espedienteak, erraztu eta merkatu egingo dira». Eskualdean enplegu gehiago galtzearen beldur da.

2.063 langabe

Egoera ekonomikoaren gainbehera hasterako, 2008ko urtarrilean, 1.079 langabe zeuden Goierrin. Egun, 2.063raino igo da langabe kopurua.

protestak

Arratsaldez, ehunka lagun atera ziren atzo kalera eskualdean egin ziren bi mobilizazioetan. Hain justu ere, 18.00etatik aurrera Beasainen zein Urretxun ehunka lagun bildu ziren grebarekin bat eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo