GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Aurtengo «grande boucle»-a hastear

Lance Amstrongen azken Tourra

Austingoak astelehenean eman zuen aditzera Twitter bidez aurtengoa bere azken Tourra izango dela. Hala ere, badirudi 2011n ere tropelean segituko duela. Aldiz, Tourretik at geratu den Oscar Pereiro 2006ko irabazleak denboraldia amaieran erretiratuko dela esan du.

p038_f01_333x333.jpg

Arnaitz GORRITI

Hiru egun baino ez dira falta Rotterdamen 2010eko Tourra has dadin, eta dagoeneko garrantzi berezia izango duela jakina da, Lance Armstrongen kirol bizitzako azken grande boucle-a izango baita. «Hauxe izango da nire azkenengo Tourra. Bidaia ederra izan da orain artekoa eta hurrengo hiru asteak noiz iritsiko zain nago», idatzi zuen astelehen gauean Austingoak bere Twitter pertsonalean.

Harrigarria da. Izan ere, gutxik esan dezakete birritan azken Tourra korrituko dutela. 2005ean egin zuen hori lehen aldiz Armstrongek. Artean tropeleko gizonik indartsuena zen eta zazpigarren urtez jarraian Parisen maillot horia jantzita azaltzea lortu zuen, bere kirol bizitza bertan amaituz. Alabaina, 2009an itzultzea erabaki zuen, eta Tourrak beso zabalik hartu zuen orduan ere. Iaz, ordea, ez zuen bere zortzigarren garaipena eskuratu, nahiz eta Parisko podiuma zapaldu zuen berriro; hirugarren izan zen.

Denboraldi hasiera zaila izan ostean, azken hilabetean gorakada galanta egin du Texasekoak. Esaterako, hirugarren amaitu zuen Luxenburgoko Tourreko sailkapen nagusian; Suitzako Itzulian, aldiz, bigarren izan zen Frank Schleck irabazlearengandik oso gertu. «Sasoi onean nago. Orain minik ez hartzea da benetan inporta zaidana», adierazi zuen Suitzako Tourrean. Azken aste honetan Alpeetan eta Pirinioetan egon da, Tourreko mendateak ikuskatzen.

Hala ere, nahiz eta oraindik ikusteko dagoen Texaseko txirrindulariak Tourra eta gero tropelean jarraituko duen ala ez, ez dirudi txirrindularitza bertan behera uzteko asmo handirik duenik. Itxura denez, 2011n beste proba batzuetan parte hartuko omen du.

Pereiroren agurra

Kirol bizitza bukaeraren alde gozoa ikusi badu Armstrongek, Oscar Pereirok garratzena ezagutu du. Astana taldeko galiziarra, 2006ko Tourreko garailea, ez da Rotterdamen izango, sasoi oso eskasean baitago.

Hala, galiziarrak denboraldia amaitzeaz bat txirrindularitza uztea erabaki du. «Tourretik kanpo geratzea maila bat jaistea da. Ez dut atzerapauso gehiago ematerik nahi. Kirol bizitza polita da, baina `nahikoa da' esaten ere jakin behar da. Printzipioz, beste urtebetez jarraitzea zen nire helburua, baina ez horrela; %99an erabakita daukat uztea», aitortu du.

Tourretik kanpo geratu ez dena Aitor Perez Arrieta da. Zegamarra Footon Servetto taldeko hirugarren euskalduna izango da Estatu frantseseko errepideetan, Arkaitz Duran eta Iban Mayozekin batera. Bestetik, Quick Step taldeak ere aurkitu du Tom Boonenen ordezkoa Tourrerako: Francesco Reda italiarra.

Azkenik, Foixeko epaitegiak Ricardo Ricco italiarrari bi hilabeteko espetxe zigorra eta 3.000 euroko isuna ipini dio 2008ko Tourrean dopinaren aurkako kontrolean positibo eman zuelako.

Aitor Perez Arrieta, tourrera

Azken orduko aldaketa bat dela-eta, Footon Servetto taldeak Aitor Perez Arrieta Tourrera eramango du. Arkaitz Duran eta Iban Mayozekin batera, Matxinen taldeko hirugarren euskalduna izango da.

Etapa garaipena helburu duela abiatuko da Euskaltel Euskadi

Euskaltel Euskadi taldea gaur eguerdian aterako da Loiuko aireportutik Tourrean hamargarren aldiz parte hartzeko. Samuel Sanchez buru dela -Madrilen elkartuko da asturiarra gainontzeko taldekideekin-, etapa garaipen baten bila abiatu dira Herbehereetarantz Igor Gonzalez de Galdeanok zuzenduriko mutilak.

Dena dela, talde laranjako zuzendariak Samuel Sanchezen eskutik gehiago ere egitea posible dela uste du. Hala adierazi zuen Zamudion egindako Tourrerako irteera zeremonian gasteiztarrak.

«Samuelekin podiuma zapaltzea ez da utopia; ez da alperrik Vueltako podiumean birritan egon. Pirinioetara bizirik iristea da kontua, eta han zaleei ikuskizuna ematea. Dena den, ikusi egin behar lasterketa nola ateratzen zaigun; egunez egun joatea dugu onena», aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo