GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Biellek eta Ozafrainek irabazi dute, ezustean, Armendaritzeko Torneoa

p040_f02.jpg

Jon LEUNDA

Biellek eta Ozafrainek ezustekoa eman zuten Armendaritzeko Torneoko finalean, eta beraiek jantzi zuten txapela, 94 minututan pilota astintzen aritu ostean, Ibarrolari eta Kurutxariri 40 eta 37 irabazita.

Dirua nabarmen atera zen Ibarrolaren eta Kurutxariren alde, baina makina bat jendek dirua galduta etxeratu behar izan zuen, Armenadaritzeko trinketa erabat bete baitzuten azken norgehiagoka zuzenean ikusi nahi izan zutenek.

Faboritoak ongi hasi ziren, eta lehen bi kintzeetako orekaren ostean, 12-2, 18-4 eta 21-15 ihes egin zuten. Bazirudien finala ia erabakita zegoela, baina Ibarrola akitzen hasi zen, eta Bielleren eta Ozafrainen erreakzioa etorri zen jarraian.

Norgehiagoka 27an adostu zuten, eta hurrengo hiru kintzeetako berdinketen ostean, garaipena lortu zuen bikoak aldea hartu zuen markagailuan, 30-38 aitzineratu arte. Orduan ere finala amaituta zegoela zirudien, baina Ibarrola eta Kurutxari ez zeuden etsitzekotan, eta markagailuko aldea murriztu egin zuten. Hala ere, ezin izan zuten garaipenik erdietsi, nahiz eta beraiek ziren faborito argi.

Finala bera dotorea izan zen, baina bi zati ezberdin izan zituen norgehiagokak. Ibarrola indarra agortu zitzaion arte onena izan zen, baina behin nekatu zenean, aurkariek ederki aprobetxatu zuten bere ahuldadea.

Markagailuak honakoa erakutsi zuen: 1-1, 2-2, 12-2, 18-4, 21-15, 27-27, 28-28, 29-29, 29-35, 30-38 eta 37-40. Botetik Ibarrolak 9 kintze egin zituen, eta bi gutxiago Biellek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo