GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako kanpo portua ez eraikitzeko sinadura bilketa jarri dute abian

Sindikatuak, alderdi politikoak, gizarte eragileak, talde ekologista eta kontserbazionistak eta mendi taldeak bildu ziren atzo Pasaian kanpo portua eraikitzearen aurkako proposamenari babesa eskaintzeko. Bakoitzak bere kabuz ekimen ugari egingo baditu ere, lehenengo pausoa guztien artean sinadura bilketa bat abian jartzea izan da. Ekimen horren bidez, eragile zein herritarrak kanpo portuaren kontra daudela helarazi nahi diote Ingurumen Ministerioari.

p014_f01_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Arlo ugaritako 20 eragilek LABek eta ELAk Pasaiako kanpo portuaren aurka aurkeztutako proposamenarekin bat egin dute. Horretarako, sinadura bilketa bat jarri dute abian. Ekimenaren helburua Ingurumen Ministeriora herritarren errefusa helaraztea da.

LAB, ELA, ENHE, ESK, ezker abertzalea, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, Alternatiba, Berdeak, Antikapitalistak, Zutik Oarsoaldea, Ezker Soberanista Eraikitzen, Ekologistak Martxan, Eguzki, Haritzalde, WWF Adena, Mutriku Natur Taldea, Club Vasco de Camping eta Itsas Mendi elkarteko ordezkariak bildu ziren atzo Pasaiako portuan. Eragileok LABek eta ELAk Lezoko eta Pasaiako alkatetzekin ekainaren 23an aurkeztutako proposamena babesteko elkartu ziren.

Jaizkibel Bizirik talde ekologistako ordezkariak, Ainhoa Olaizolak, sinadura bilketa beste ekimen askoren lehenengoa izango dela aurreratu zuen, baita eragile bakoitzak bere kabuz ahal duena egingo duela proiektuari ezezko zabala erakusteko. Sinadura bilketa LABek eta ELAk egindako proposamena Ingurumen Ministeriora eta beste instituzioetara iristeko egingo dute. Eragile interesatuez gain, herritarrek ere kanpo portuaren «proiektu tamalgarri eta zentzugabearekin» ados ez daudela azaldu beharra dutela nabarmendu zuen. Ez hori bakarrik, portuarekiko errefusa erabaki gune guztietara eramatea garrantzitsua dela esan zuen Jaizkibel Bizirikeko ordezkariak bildutako eragile guztien izenean.

Proposamenaren arabera, kanpo portua egitearen ordezko alternatiba bat egon badago: inbertsioak eta esfortzuak egungo portua modernizatzera zuzentzea, betiere lurraren ustiapenean eta baliabideen gehikuntzan beharrezko hobekuntzak eginez. Kutsadura deuseztatu eta merkantzien trafikoa hobetzeko ahaleginak egitea ere eskatzen du proposamenak. Horrez gain, 20 eragileek Jaizkibelgo balore naturalak eta itsasbazterra kontserbatzea eskatzen diete erakundeei, Donostia eta Biarritz arteko itsas korridore ekologikoaren parte delako ingurunea.

LAB eta ELAren proposamena

Proposamenaren aldeko eragileek sinadurak eskatzeko arrazoiak eman zituzten atzo. Hasteko, kanpo portua eraikiz gero Natura 2000 sareak babestutako Jaizkibel mendiko paisaia, itsaslabar eta itsasertzak suntsituko direla nabarmendu zuten.

Bestalde, diru publikoaren neurriz kanpoko xahutzea suposatuko lukeela uste dute, kaiak ez duelako lanposturik sortuko. Gainera, Oarsoaldean azpiegitura berri ugari sortuko lirateke (sarbideak, plataformak, eta abar), portuaren eragina Gipuzkoan zehar hedatuz. Azkenik, eragileek uste dute kanpo portuaren berehalako alternatiba Pasaiako portua eraberritzea dela, dagoen espazioa ondo baliatuz eta Bilboko zein Baionako portuekin elkarlanean jardunez.

JAIZKIBEL

Jaizkibel mendiak landare, fauna, geologia, lur azpiko ur eta paisaia babestuak ditu. Mendia izugarrizko altxorrak gordetzen dituzten itsaslabarrez dago osatuta.

535 milioi euro

Euskal Herriko Unibertsitateak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Balear Uharteetako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, kanpo portuaren urte bakoitzeko ingurumen kostua 172 eta 535 milioi euro bitartekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo