Lurraren defentsan lur azpian daudenek baino arazo handiagoak dituzte AHTren arduradunek
Lurraren baitan, lurraren defentsan. Joan den urrian makinek jomuga zituzten zuhaitzen arriskua bere egin zutenek bezala, lurrak jasaten duena ere bere egin zuten atzo lau lagunek Goierriko mehategi batean itxita, Mariatzetik eta, beraz, leherketetatik gertu. Ekintzaileen kideek lanen arduradunei lau lagun horien arriskuaren berri eman eta lanak gelditzeko eskatu ondoren, haien erantzuna, onartezina izanda ere, ez zen harritzekoa izan: arazoa ez zela beraiena, lur azpian zeudenena baizik eta, ondorioz, ez zutela ezer egingo. Ordizia eta Itsasondo arteko tunelaren inguruko zenbait irregulartasun ere salatu zituzten atzo AHTren aurkako ekintzaileek. Alegia, irregulartasun gehiago, irregulartasunez betetako proiektuan. Izan ere, informazioa ezkutatu eta eztabaida ukatu dute; aspaldiko krisialdi ekonomikorik handienean -gastu soziala murriztu eta murriztu ari direnean eta pentsiodunen eta langileen aurkako neurri eta erreforma gogorrak onartzen dituztenean- inoizko azpiegiturarik handiena, garestiena eta txikitzaileena kosta ahala kosta egiteko erabakiari eutsi diote. Irregulartasunez betetako proiektua, irregulartasunik handiena AHT bera bada ere.