Xabier Izaga Irakaslea
10.950 eguneko kronika
Egun bat, infernutik atera berri. Bi egun, astebete, hilabete, 7.000 pauso inguru egunean. Urte bat, zigor ziega, 86 pauso. Bi urte, kartzela aldaketa, gose greba, pausorik bat ere ez. Hiru urte, no puede tener más de dos libros en la celda, gose greba.
«Zer behar du zuen odolak irakiteko?».
Bost urte, si no se desnuda, lo desnudamos nosotros, zigor ziega, gose greba. Bederatzi urte, si no habla en castellano, le cortamos la llamada, 9.534 pauso, zigor ziega. Hamahiru urte, ihes ahaleginak huts egin du, erorikoaren ondorioz hiru hezur hautsita, kartzeleroen jipoiaren ondorioz beste bat, pausorik ez. Hamalau urte, kartzela aldaketa, urrunago behintzat ez da izango, pausorik ez. Hamasei urte, la carta que dice le enviaron hace tres meses la están traduciendo en el centro directivo, gose greba, kartzela aldaketa, zigor ziega.
«Zer behar du zuen odolak irakiteko?».
Hogei urte, si no abandona su actitud de desobediencia nos veremos obligados a llamar a la Guardia Civil, zigor ziega, 8.256 pauso. Hogeita bi urte, la circular dice que no puede matricularse en la universidad vasca, 7.745 pauso, zigor ziega, gose greba. Hogeita bost urte, Europan kartzela urte gehien dituen presoa, 6.723 pauso. Hogeita zortzi urte, pausorik ez, egun guztiak ez dira berdinak: batzuk okerragoak dira. Hogeita hamar urte, 500 pauso urduri, según el juzgado competente no ha cumplido su condena.
Astuna, izan ere, gaurko zerrenda. Itogarria. Eta, hala ere, ez du 10.950 egunean «aberriaren astuna paparrean» eramatea zer izan daitekeen irudikatzeko ere balio.
Gatza legez ahantzarazi nahi izan dute, legez eta legea hautsiz. Baina milaka eta milaka lagunen gogoan eta bihotzean dago, eta hala segituko du luzaroan. Eta legeak Meliton Manzanas gogoratzea xedatzen badu ere, «tortura» eta «faxismo» hitzekin batera baino ez dugu gogora ekarriko.
Orain 30 urte, bere bibotetzar horailak Asterix galiarraren antza ematen zion. Antz handiagoa ematen dio bere izaera menderakaitzak, ordea. Burutik dagoz horrek espainiarrok!