Imanol urrestarazu Garmendia CAFeko langilea eta LABeko ordezkaria
EITBri, ekainaren 29ko grebaren inguruan
EITBko albisteetan hau esan duzue: «CAFeko langile batzuk lanera joan dira».
1. CAFen batzarrak egin ziren eta bozketetan langileek erabaki zuten greba egitea (%75 grebaren alde).
2. Beasaingo CAFen 2.600 langile inguru gabiltza lanean. Lanera joan zirenak zerbitzu minimoak (klinika, mantenimendua, atzerriko filialen kudeaketa...) eta zuzendaritzako kideak izan ziren, guztira 40-50 lagun. Beraz, 2.550 langilek greba egin genuen ekoizpen edo produkzio linea guztiak gelditu zirelarik.
EITBn albistea eman zenuten moduan erabat desitxuratzen duzue errealitatea.
3. CAFeko langileok borroka eredugarria daramagu azken lau hilabeteetan:
-Martxoan eta apirilean bi hilabeteko borroka (lanuzteak, manifestazioak, kanpaldia enpresa barruan eta abar burutu genituen 42 ebentualen kaleratzea galarazteko).
-Maiatzean zorigaiztoko lan-istripu batean langile bat hil zitzaigun eta 24 orduko lanuztea burutu genuen protesta moduan.
-Metaleko herrialdeko hitzarmenaren alde lau greba egun egin ditugu (nahiz eta gure hitzarmen propio eta oparoa hiru urterako sinatuta izan).
-Ekainaren 29an beste greba egun garrantzitsu bat burutu dugu erreforma basati honen aurka.
Albisteetan bost segundoko esaldi batean «CAFeko langile batzuk lanera joan dira» esanda (zerbitzu minimoak eta zuzendaritza %2 direnean), gainontzeko %98k greba egin duenean, errealitatea desitxuratzen duzue.
Nire ustez, ez da justua albistea edo aipamena EITBn eman duzuen modura ematea.
CAFeko langileekiko errespetuz eta egiarekiko errespetuz, albistea zuzentzea eskatuko nizueke.
P. D: ohar hau eguerdiko albistegien ondoren bidali zitzaien ea gauerako albistea zuzentzen zuten, baina... ez zuten zuzendu.