Aurore Martinen eta Jean Luc Del Camporen aurka 1.000 euroko isuna eskatu du fiskalak
Ainize BUTRON | BAIONA
Atzo iragan zen DNA eman nahi ez izateagatik Aurore Martinen eta Jean Luc Del Camporen aurkako bigarren auzia. Frantses Kontseilu Konstituzinala DNA hartzearen alde azaldu, eta, Martin eta Del Campo kondenatuak izan zirenetik, fitxaketa egiteko legeak aurreikusten duen urtebeteko epea igaro gabe dagoela argudiatuta, fiskalak bakoitzarentzat mila euroko isuna eskatu zuen. Auzipetuen abokatu Anne Marie Mendibourek, bestalde, zuritzea galdegin zuen.
2007ko udazkenean bi gazteek egindako ekintza gogora ekarri zuen abokatuak lehenik, zuritze horren eskaera argudiatzeko. Urte hartan hamasei lagun atxilotu zituzten Nafarroa Beherean, Ducasse sukaldariak Bidarrain kudeatzen zuen ostatuan izandako erasoarekin loturik. Horietatik zazpi espetxeratu zituzten eta horietarik lau gainerakoengandik banandu zituzten. Aste batzuen ondotik, atxilotuetako bat, Ortzaizeko herritar bat, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Gertakari horren aurka protesta egiteko, Aurore Martin eta Jean Luc Del Campo Kontseilu Nagusiaren egoitzaren kanpoaldean pintada bat egiten ari zirela atzeman zituzten jendarmeek. Jendarmeriara eraman zituzten eta DNA emateari uko egin zioten. 2008ko hondarrean 1.000 euroko isuna ordaintzera kondenatu zituzten. «Froga hori egitea guztiz alferrikakoa zela iruditu zitzaigun, berez ustezko delitua egiten ari ginelarik harrapatu gintuztelako», esan zuen Aurore Martinek, uko egitearen arrazoia azaltzeko. Ildo horri jarraituz, abokatuak «pintada bat egiteagatik» berrogei urtez fitxatuak izatea «gehiegizkoa» dela salatu zuen.
«Aztarnak eskatzen dizkiete. Alta, ekintza egiten ari zirelarik hartu dituzte, beraz, ez zuten inkestarako identifikatu beharrik», erran zuen. DNA fitxaketa, hasiera batean, adin txikikoentzat eta bortizkeriagatik kondenatuak zirenentzat sortu zen. «Ondotik orokortu da, eta gaur egun behin komisariara pasatzea nahikoa da fitxatua izateko. Pribatutasun eskubidea zangopilatzen du, inongo zilegitasunik gabe», gehitu zuen. Estatu frantsesean, izan ere, milioi bat lagun fitxatuak izan dira.
Erabakia, irailaren 16an
Azkenik, lehen kondena igaro zenetik, legeak aurreikusten duen lehen epea 2009ko abenduan bete zela gogorarazi zuen abokatuak. Epaileak irailaren 16an jakinaraziko du bere erabakia.
Oldartu kolektiboa eta Segi gazte mugimenduak deiturik, ehun bat lagun elkartu zen atzo auzitegiaren aitzinean DNA «fitxategi masiboa» salatzeko. «Gero eta ohikoagoak dira DNA fitxaketarekin loturiko auziak», esan zuen kolektiboak. Heldu den azaroan, Paueko Dei Auzitegiak Mixel Aizagerren aurkako epaiketa aztertuko du.