GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Auzolana, Gasteizko alde zaharrean

Bolo-Bolo bolatokia, auzolanak emandako hirugarren fruitua

Bolatokia berreskuratzeko, lanerako grina ez ezik, auzolana izan zuten atzo Gasteizko Alde Zaharrean erremintarik preziatuena.

p016_f02_097x140.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

Arratsaldeko bostak eta laurden. Sargori egiten du Gasteizko Aiztogile kalean. Jendea tabernetako terrazetan zen atzo egarria kentzen, eta bat-batean 30 bat lagun kalejiran jaitsi ziren San Frantzisko kantoitik. Eskuetan zituzten lanerako erremintak eta, gehienbat, lanerako grina bolatokia berreskuratzeko ezinbesteko tresna bilakatu ziren.

Zaharraz Harro jai autogestionatuetako ekimenen barruan auzolanaren bitartez auzoarentzako beste esparru bat berreskuratzeko deialdia egina zuten atzoko. Garai batean, Brullerias plazan bolatoki bat zegoen, arabarra, noski. Esparru hori, ordea, Santa Maria katedralaren kudeatzaileen esku geratu zenetik, bolo arrastorik ez zen ikusten auzoan zehar. Oraingoan, Aiztogile kaleko 26. zenbakian sasiz eta zaborrez beteta zegoen orubea hartu eta, aitzurrak, palak eta eskuareak eskuetan hartuta, lanari ekin zioten.

Primerako antolakuntza

Bolatokia eraikitzeko materialak pilatu ondoren, lanik zailena zetorren. Pare bat metro inguruko altuera zuen porlanezko horma bat eta erdian giltzarrapoz itxitako ate bat botatzea tokatzen zen eta horretan ere trebe aritu ziren. Antolakuntza ezin hobea lortzeko gauza direla erakutsi zuten, garbiketaz, horma behera botatzeaz edota bizilagunak informatzeaz zenbait talde arduratu baitziren.

Horma nondik moztu behar zen jakiteko marra bat margotu ondoren, rotaflexa-ren laguntzaz baliatu ziren. Bitartean, barruan, lepoan Zaharraz Harroko zapiak zeramatzaten lagunek aitzurrekin oihana zirudien lurzoruko sasiak garbitzen aritu ziren. Ordu erdi besterik igaro ez bazen ere, ekimena une gorenera heldu zen. Mazoak eskuetan, pareta botatzeko kolpeka hasi ziren. «Aupa hi!», «bota, bota!» eta antzeko oihuek piztu zuten giroa.

Binaka aritu ziren eta pare bat kolpe eman ostean, beste batzuek hartzen zieten errelebua. Indartsu aritu ziren, mailu bat apurtzeraino! Horma behera botatzen zihardutela, turista talde bat igaro zen paretik. Zur eta lur geratu ziren begira, eta baten batek argazkia ere atera zien.

Garagardoa, freskatzeko

Lanean hasi eta ordubete eskasera, dagoeneko hasiak ziren pareta berria margotzen. Ura ez ezik, garagardo katxiei ez zieten muzin egin izerditan zeuden gazte zein edadetuak. Auzolanak ez du adinik, eta, beste behin, halaxe erakutsi zuten. Gazteek lanik gogorrenak egiten zituzten bitartean, adibidez, Alde Zaharreko 86 urteko Rafael Ortiz de Zarate erratzarekin zaborra kentzen aritu zen.

Gasteizko Alde Zaharra auzolanaren bidez esparruak berreskuratzen aditu bihurtzen ari dela esan daiteke. Orain dela bi urte pilotalekua bereganatzea erdietsi zuten, eta iaz ere, denbora luzean itxita egondako Etxauri parkean sartu ziren. Ekimenean parte hartu zuten Anek eta Koldok honela azaldu zuten: «Auzoko jendearen topagune bilakatu nahi dugu bolatokia, eta modu autogestionatu batean erabiltzea izango da, hemendik aurrera, bolatokiaren xedea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo