GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldi aditua

Udako ekaitzak

Uztail eta abuztu, hurrengo hamar hilabeteotan bezainbeste ekaitz izan ohi dira, batenaz beste. Pirinioetatik Melillara, ordoki eta mendialdeotan, 5.000 pasatxo ekaitz erauntsi. Halere, kontagaitzak dira, nahiz eta ehunka sentsore kokatu dituzten penintsulako larruazal zabalean, horietan leher-tzen diren tximista beldurgarriak.

Atzo arratsaldean lehenbizikoak hasi ziren han, penintsularen mendebaldeko ertzean, eta bart bertan mendiok tximista argitan lehenik eta oihartzun burrunba latzetan gero, harkaitz eta trokarte danbartu dituztenak, eta ostiral honetan bertan, mendebaldetik ekialderantz doazenak... guk gaudenean justu antzematen ditugulako, baina, denen segida birtual bakeoso bat egiterik balego, orduan ohartuko ginateke zenbatzeak eta jakiteak merezi duela. Gaztela aldeko ordoki altu koskatsuetan, ekaitz pare bati 560tik gora oinazturen deskarga zenbatu zitzaienean, ez zen gozoa izango hango infernu kontzertua...!

- Baina, ez al gaude gaur behar beste babestuta? Ez dut uste inoiz behar besteko babesik izango dugunik. Basoko nahiz mendiko kalteak ez baititugu gure poltsikoen gain hartzen; udako eta udamineko ostots ekaitzen landako kalte kiskalgarriak ez baitira gure kontuekin estaltzen. Ekaitz lehorra deitu behar izan diogu, alimaleko baso nahiz txaradietako erreketa suntsigarriak sutzen dituen ekaitz ihar euri tantarik bakoari: sua piztu eta euri erauntsirik bat ere ez. Urtetik urtera ugaltzeko joera tamalgarria dakar lurrazal gero eta berotuagoak...

Txingordun ekaitz erauntsi formal bat bota duela... zeinen gutxi inporta zaigun landan nahiz basoan izan bada! Eta hiriko kaleetan denean? Soto eta garaje, denda eta pasadizo, hango kalteak eta triskantzak...!!! Gero eta handi nabarmenagoak, noski. Gero lanak, kalteak neurtu, ongi zenbatu eta aseguruen esku utzi behar ditugunean, ezta? Azken hamabost urteotan, dozenatik gora dira kiebra jo duten aseguru-etxeak, munduan barna. Martxa ederra, ekaitz erauntsiek aurrerapenaren aurka ipini diguten zergarekin daukaguna...!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo