Generalitatearekin zuten akordioa hautsi dute banatzaileek
Kataluniako Zinemaren Lege berriak hainbat zulo ireki ditu Generalitatearen eta Fedicine-ren artean. Banatzaileek legeak orain arte Gobernuarekin zuten akordioari eraso egiten diola diote. Gobernuak, ordea, desadostasuna eragin duen lege berriaren alde egin du.
GARA | BARTZELONA
Estatu espainoleko Zinema Banatzaileen Elkarteak (Fedicine) duela hamar urte inguru Generalitatearekin hitzartutako akordioa hautsi du. Joan den ekainaren 29an Katalunian onartu zen lege berriarekiko aurkakotasuna adierazteko hartu du erabaki hori. Lehengo akordioaren arabera, urtero 30 eta 35 film inguru bikoizten ziren katalanera.
Fedicineko zuzendari Luis Hernandez de Carlosek lege berriarekiko aurkakotasuna adierazi zuen, eta orain arteko akordioa hankaz gora jartzen duela defendatu zuen. Duela hamaika urte, akordio batera iritsi zen orduko Kultura sailburuarekin, CiUko Jordi Vilajoanarekin, «familiartekoak» ziren hainbat film katalanera itzultzeko. Gobernuaren Hizkuntza Politika Sailak itzulpen horien kostua bere gain hartzen zuen, baita hogeita hamar kopia horiena ere, «Harry Potter» filmarekin egin zen moduan, adibidez.
Erabakiaren ondorioak 2011n iritsiko dira, orduan sartuko baita indarrean lege berria. Legeak jasotzen duenez, Katalunian ematen diren atzerriko filmen %50 itzuli egin beharko dira edo azpitituluak jarri.
Generalitateko Kultura eta Komunikabide sailburuak, Joan Manuel Tresserras-ek, lege berriaren ondorioak datorren urtean igarriko direla baieztatu zuen. Legea ezartzeko bost urteko epea dago, nahiz eta zazpira ere luzatu daitekeen. Hala eta guztiz ere, haurrentzako eta familientzako zinemaren gainean berehalako eragina izango duela ziurtatu zuen. Gainera, enpresen eta gizartearen interesak bermatzen dituela esan zuen, «enpresen askatasunaz gain, baita herritarren eskubideak ere», azaldu zuen.