EHZ Festibala 15 urte beteta eta eguzki berritan dago
Heletako jaialdia prest da, gaur ateak parez pare irekitzeko. EHZ jaialdiak 15 urte betetzen ditu aurten eta, urtero legez, egitarau gero erakargarri eta osatuagoa aurkeztu du. Dantza ikuskizun, antzerki eta jolasez gain, musikak jasoko du arreta handiena, ez baitira nolanahiko bakarlari eta taldeak herriko pentzeak dardarka jarriko dituztenak. Bertan izango dira, atzerriko Alpha Blondy, Broken Social Scene, Rinocerose Rachid Taha, etxeko talde andanaz gain.
Anartz BILBAO | BILBO
Zuberoatik Nafarroa Beherera salto egin eta Heletan paratu zen iaz EHZ, Manu Chaoren bisita eta guzti. Egun, hamabost urte bete berria da jaialdia, eta «gorputz eta espiritu indarrez gainezka, mundu zabalaren beharrez» dago, nerabezaro esnatu berrian. EHZ inoiz baino osatuago dator, eta inoiz baino erakargarriago jantzi ditu Heletako zelaiak, musika noiz hasiko.
Egitaraua ekitaldiz lepo dugu, gaur hasi eta igandera arte, eta ikus-entzule ez ezik, partaide izateko parada izango du aukeran bertaratzen den orok, gazte zein nagusi, bakarka zein koadrilan.
Kontuan hartu, Arrotik Idauze-Mendira eta Idauze-Menditik Heletara, festibalaren antolatzaileen esanetan, «jailditik 500 musika talde, 8.000 laguntzaile eta 300.000 bestalari» pasatuak direla; baita, adar-joka hasita, «2.000 haur ernalduak oihal etxe azpietan, 100.000 kapota erabiliak eta 50.000 amodio istorio».
Umoretsu baina gogor egin dute lan antolatzaileek, beti ere bertaratuko direnek ahal bezain eroso bizi dezaten EHZ. Gainera, festibala Heletan ospatzen den bigarren urtea izanik, berrikuntza txikiak egin dituzte, gauzak hobetu eta errazte aldera, «elbarrituentzako egokitu da, aparkaleku eta gune barneko zirkulazioa hobetu, seinaleztapena eta abar». Alde banatan Urbeltzeta eta Gibelherri oholtza nagusiek mugatzen duten pentze handian ere, «zirko-kabaret xapito bat jarri da eszena ttipiaren gunean, bestazaleentzako gauez giro handiagoa eta haurrentzako egunez itzal gehiago izateko asmoz». Eta jatetxeei dagokienez, «aurtengo kartan hautu gehiago proposatzeaz gain», tabernako arduradunek «garagarno kanoiak» iragartzen dituzte «20 metrora zerbitzatu ahal izateko, barrara joan beharrik izan gabe». Kasu, beraz. Txantxak alde batera, ingurumena zaintzea da antolatzaileen ardura eta kezka nagusienetakoa -EHZ aspaldi hasi zen bertaratutakoei edalontzi bana baino ez ematen, berrerabilgarria-, eta aurten ere pentzeak ahalik eta garbien izateko lanak hartuko dituzte, ekimen ezberdinen bitartez eta festazaleen laguntza eskatuta.
Zarata eta hots
EHZ-k eskaintzen dituen ikuskizunen artean, musika izango da aurtengoan ere zale gehien erakarriko dituena. Ez da harritzekoa, bertan joko dutenen maila ikusita, etxekoena zein atzerritarrena. Izan ere, Euskal Herriko taldeei egiten dien tokia da jaialdiak duen ezaugarri aipagarrienetarikoena. Badira beti, egitarauko toki gorenetan, dagoeneko sona lortu duten talde ezinbestekoak -Berri Txarrak lekunberriarrek, esaterako, Gibelherri oholtza nagusia itxiko dute bihar- baina baita hasiberriak diren asko ere, Ipar Euskal Herrikoak batik bat -Izia, kasurako-.
Baina EHZ jaialdian, jaia ez da entzutekoa soilik. Goiz eta arratsalde partean batez ere, oparoa da egitaraua. Ikusgarrietan ikusgarri, ondo txalotua izango da, zalantzarik ez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen jarduna (bihar 17.00etan, Urbeltzetan). Antzerkiari dagokionez, bertan izango dira Les Kags Tolosako bikote barre eragilea, Tokia Theatre Forum zuberotarrak, kultura eta kontsumoa ardatz dituen lanarekin, Le Petit Theatre de Pain taldeko Ximun Fuchs antzezlea, «Juglarea, puta eta eroa» lanarekin, eta Ander Lipus markinarra, aspaldiko «Ardoaz» lan gogor eta harrigarria berreskuratuta (etzi, 18.00etan, Itsasoa oholtzan).
Dantza ikuskizun franko ere izango da. Zarena Zarelako elkartearen «Goazen» lanak munduan zehar erabiliko du emakume talde bat, eta Ertza taldeak zuzendari duen Asier Zabaletaren «Bihar jaio nintzen» ikuskizuna dantzatuko du. Ibarrako Alurr dantza taldeak «Sua» piztuko du Heletan, eta Dantzaz egitasmo berritzaileak, berriz, Cristophe Garcia eta Itzik Galili koreografoen lanak bilduta «Lur Sagar» dantza emango du. Eta ikusle baino parte hartzaile izan nahi duenarentzat, Capoeira malungos Bayonne taldeak tailerra eskainiko du, baita Danse Africaine Larressore taldeak ere, euskaldunak brasildar edo afrikar bihurtzeko.
Zinemak ere bere txokoa du jaialdian, Kimuak egitasmoaren euskal film laburrak, Eriz Zapirainek sortu «Salda badago» dokumentala, 80ko euskal rock eztanda agertzen duena, Asisko Urmeneta eta Juan Jose Elordiren «Munduaren bira, doan» animaziozko film luzea eta txalapartaren historia agertzen duen «Txalaparta, L´echo d´un Peuple» eskainiko baitira bertan.
Gainera, haurrek beraien festibal propioa izan dezaten, makina bat ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute, dantza tailer, margo eta mozorroak, puzgarriak, eta animazioak erabilita. Eta igandeak familiarteko giroa har dezan, Beñat Elizondo Kuxkuxtuk zikiroa animatuko du, baita Baigorriko erraldoi eta gaiteroek zein Amikuzeko joaldunek ere.
Musikaren atalean sartzear gaudela, fanfarre, txaranga eta batukadak ere aipatuko ditugu. Kale animazioan jardungo dute Pastors of Muppets, Brancaleone, Zo Zongo!, Has Bebido, Euski eta Herlauz Band Txarangak, baita nahi duen orok ere (honi guztiari gehitu MusikHerria, Moi-Moi eta Ca-I kolektiboko taldeak).
Zarata eta hots
Puntu honetara helduta, goazen potoloenari heltzera, hots, musika taldeak aipatzera. Egitaraua benetan da erakargarria, eta programazioaren arduradunek dioten legez, «kasu!, ezagutzen ez dituzun taldeekin harrituko zara, altxorrak baitira!».
Gaur, anitza da aukera eta 17.30erako Itsasoan egon beharra dago, bertan joko baitu Mursegok (ez galdu gero!), baita Napoka Iria eta Sorkunek ere, proposamen intimo eta gozoan. Oholtza nagusiko sua, berriz, Jim Jones Revue, oihulari amorratuak piztuko du, rock herdoildu eta izerditsuarekin, Killers baionar heavyei txanda hartuta. Gibelherriatik Urbeltzetara bueltan, Broken Social Scene, kanadar indie talde fina, «Forgiveness Rock Record» aurkezten. Gogorrago, Gojirak joko du gero, eta metala landu. Biarritzeko Elenes disko-jartzaile bikotearen ostean, Alpha Blondy Boli Kostako reggae kantariaren txanda izango da eta Casey neskato bakarlari bereziarekin, 2 Many Dj´s bikainekin lehertuko da, Le Catcheur et la Pute elektronikoek mututuko duten gaua.
Bihar, 19.30ean, Ez3kiel Vs Hint frantziar rock eszenako bi talderen uztarketa eta Zea Mays bilbotarrak izango dira bi oholtza nagusiak zapaltzen aurrenekoak. Gero, Izia gaztea -18 urte baino ez ditu- eta Bizardunak parrandazale amorratuen folkak dantzan jarriko dute pentzea. Rinocerose bikote frankofono dantzagarriarekin ilundu egingo du gauak, eta Gose trikielektro hirukotearekin berotu. Berri Txarrak-ek Gibelherriko oholtza nagusia itxiko du larunbatean, eta seguruenera, jende andana erakarri bertara, gero gaua ixte aldera, The Subs elektrozaleei txanda pasaz.
Jaialdia igandean bukatuko da familia giroan. Bazkalostean Mikel Urdangarin eta Yacine & The Oriental Groovek joko dute, eta gero... Rachid Taha aljeriar basapiztiak! Gero, Hazparnetik, Mister Saguaken hard rocka, Balkan Beat Box New Yorkeko kolektiboa eta La Pegatina kataluniar talde alaia. Festibala Le Peuple de L´Herbe talde mestizoak itxiko du, nahasketa bikaina emanda.