GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Berrikuntzarako lekua duen jaialdi zaharra

21. edizioa duen honetan, Lekeitioko Antzerki Jaialdiak berrikuntza artistikoaren alde apustu egin du Mr. Pejo's Wandering Dolls, Les Commandos Percu eta Groupe Démons et Mervilles taldeekin. Uztailaren 9tik hasita, hiru egun, zazpi talde eta hamahiru antzezlan izango dira aurten.

 

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

E nau izutzen negu hurbilak/ uda betezko beroan,/ dakidalako irauten duela/ orainak ere geroan» idatzi zuen Xabier Letek. Urtero aipu baten bidez aurkeztu du bere burua Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak. Aurtengo ediziorako aukeratu duten esaldiak ondo islatzen du egitasmo honen zentzua. 1989an, hasi zireneko garai hartan, kale antzerkiaren basamortuan argi bat piztu zuten Lekeition. Gaur egun, 21 jaialdi aurkeztu dituztenean, berrikuntzaren alde apustu egiten jarraitu nahi dute eta azken joerak barneratzeko ahalegina egin dute jaialdiko antolatzaileek. Hori dela eta, uztailaren 9 eta 11 bitartean ospatuko den edizioan, Mr. Pejo's Wandering Dolls, Les Commandos Percu eta Groupe Démons et Mervilles taldeak ikusi ahalko dira Lekeition, besteak beste. Jaialdi honen zuzendari artistikoak, Imanol Agirrek, argi asko azaldu du: «Aurten mundiala Lekeition jokatzen da». Agirrek esan duenez, nazioarteko izaerari inoiz baino garrantzi handiagoa eman diote. «Baina ez nazioarte mailan ohikoak diren ikuskizunei, baizik eta berritzaileenei, bitxienei, harrigarrienei».

Bizkaiko herria mundura zabaltzen den leiho bilakatuko da Ipar Amerika, Argentina eta Errusiatik etorriko diren ikuskizunekin. Euskal Herriko antzerkiari zor dion lekua ere aintzat hartuta, Pikor Teatro izango da aurten euskal ordezkaria. Guztira 21. edizio honetan 13 antzezlan izango dira, zazpi talderen eskutik iritsitakoak.

Egunez egun, clown garaikideak arduratuko dira saioa zabaltzen. «Aspaldi atera zen clown-a zirkuko karpatik at eta sasoi berriekin bat egin zuen. Horrela sortu zen clown garaikidea. Irudimena oso urrun eraman duena eta gaurko gizarteari aurre egiten diona», esan dute jaialdiaren antolatzaileek. Adierazpen honen berri emateko, ostiralean New Yorkeko Acrobuffos taldea izango da. Afganistanen eta Italian ibili ostean, Lekeitiora ailegatu da jendearen irribarrea sorrarazten ahaleginduko den bikote hau. Larunbatean eta igandean, bestalde, jaialdi honen lagun zahar bat izango da, Argentinako Loco Brusca hain zuzen ere. 1998. urtean izan zen aurretik eta Lekeitio kitzikatzen jarraituko du bere herrialdea utzi eta egun Europako umore berritzailearen ordezkari den honek.

Lehenengo egunean, Europako Ekialdeko joeren ordezkaria arituko da, Mj Pejo's Wandering Dolls taldea. Orain dela hiru urteko edizioan izan zirenean, «talde bitxia eta zeharo originala zela antzeman» zuten arduradunek eta, ondorioz, gonbidapena luzatu diete berriz. Lekeition bi antzezlan plazaratuko dituzte, «Mignona» eta «Mogota», eta hauekin euskal herritarrengan ekialdeko «joerek bide berriak zabalduko» dituztela ziurtatu dute antolatzaileek. Agirrek azaldu du jaialdira itzultzeko aukera eskaini ziotenean, oso pozik agertu zela taldea. «Haien autobus berezia martxan jarri eta hona etorriko dira». Horrez gain, gira txiki baten antzekoa bultzatu dute Lekeitiokoek eta, horrez gain, Bilboko Kalealdian ere izango dira.

Ostiraleko egitaraua amaitzeko, Nomaden gaueko kalejira izango da. Kanbahitora Trupeko taldekideak zirkuko baliabide guztiak bildu eta irudimen handiz sortutako kalejira egingo dute. Burdinazko gurpil baten inguruan, akrobaziak, trapezioak eta malabareak ikusi ahalko dira. Hori guztia beti ere gaur egungo estetika apokaliptiko batez jantzita.

Larunbatean, bestalde, Loco Brusca eta Acroboffos ikusteko beste aukera batez gain, Mr Pejo's Wandering-en bigarren ikuskizuna izango da. Horiekin bat Euskal Herriko Pikor Teatrokoak egongo dira. Aurtengo protagonista nazioarteko antzerkigintza den arren, bertako talde bati lekua utzi nahian, Arabako talde «historiko» hau aukeratu dute. «Arrakasta itzela eskuratu duen `Ellas bailan solas' antzezlan zirraragarria» ekarri nahi izan dutela diote antolatzaileek. Lan honekin Pikor taldeak adineko pertsonei nolabaiteko omenaldia eskaintzen diete, hori bai, oso era umoretsuan.

Gauean, bestalde, Les Commandos Percu taldearen perkusio eta piroteknia saioaren txanda helduko da. «Le concert de Feu» ikuskizunak danborren bidezko perkusioa eta suziriz osatutako piroteknia batzen ditu. Munduan zehar biran ibili ondoren, hilaren 10ean Euskal Herrian izango ditugu. Helburua: «Plaza bete jende espero dugu perkusioaren burrunbarekin dantza egiteko eta pirotekniaren txinpartarekin hunkitzeko». Ikuskizun hau da aurtengo edizioaren apustu nabarmenena, zuzendari artistikoaren aburuz. «Urteak daramatzagu Europa mailan kale antzerki munduko onena ekartzen eta aurten ere beste talde handi bat ekarri dugu».

Azken egunerako, hots, iganderako, lan «magiko» bat gorde du egitarauak. Egunean zehar Loco Bruscaren umorearekin bat gozatu ondoren, «Les Petits Sile nces» antzezlana ikusteko aukera izango da. Estatu frantseseko Groupe Démons et Merveilles taldeak gauza ñimiño eta hurbiletan jarri du ikusmira, jaialdiko arduradunen aburuz, eta ondorioz «isilune txikiak plazaratzen dituzte». Maskarak eta keinuak bidelagun, komunikazioak txikitasunean aurki dezakeela edertasuna uste dute taldekoak eta publikoari erakusteko asmoz Lekeition izango dira, «jaialdia ixteko harribitxi» honekin.

Jaialdi honek 21 urte bete dituen arren, ibilbidea 10 urte lehenago hasi zen, Lekeitiok «Topaketak, encuentros vasco-escandinavos de teatro» jaso zuenean. Esperientzia horren ondoren, kale antzerkiak sortutako nazioarte mailako elkar ezagutza berreskuratzeko asmoz jaialdia jaio zen. Egitasmo hau aitzindaria izan zen kale antzerkian eta, arduradunen aburuz, «bidea zabaltzen jarraitzen du kaleko antzerkia egin eta ulertzeko era honetan». Bost kontinentetako taldeak izan dituzte eta joera berriekiko are irekiago datoz aurten. Astebete baino ez da itxaron behar aurtengo sorpresa eta berrikuntzekin gozatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo